argia.eus
INPRIMATU
EKIPAMENDUKO ONDASUNEN SEKTOREA LIKIDATZEAR
Daniel Udalaitz 2002ko azaroaren 24a
Euskal Herriko ekipamenduko ondasunen sektorea, inork azken orduan erremediatzen ez badu, likidazioan dago. Horrek ondorio soziala ekarriko du, ez bakarrik enpresa afektatuetan, baina baita enpresa laguntzaileetan ere, enpresa handi enplegu ekarleetatik bizi baitira. Horrela, Euskal Herriko ekipamenduko ondasunen sektorea, funtsean, Bizkaian kokatutako bi enpresa handitan dago oinarritua: bata Mecánica de la Peña (Mecapeña), Urdulizen kokatua, eta bestea garai bateko BW, orain multinazional aleman baten eskuetan (Babcock Borsig), eta Trapagaranen kokatua, Ezkerraldean. Bi enpresek orain baino askoz enplegu gehiago izan dute beren historia luzean, baina krisiek, pixkana, enplegua kendu egin dute. Lehengo BW hirurogeita hamarreko hamarkadan zuzeneko 5.000 enplegu inguru izatera iritsi bazen ere, gaur egun 600 bat baizik ez ditu. Bestetik, Mecapeña ere zuzeneko 1.000 enplegu inguru izatera iritsi zen, baina, gaur egun, daraman agonia progresiboaren ondorioz, 300 besterik ez du. Bi enpresen trakzio-efektua oso garrantzitsua izan da, eta orobat balio izan dute inguruko enpresa laguntzaile askotan enplegua mantentzeko, milaka lanpostu batzuekin.

Bada, Mecapeña kasik likidazioan dagoen bitartean, BBren egoera ez da askoz hobea, haren agoniak aurrera segitzen baitu eta ez baitzaio errekuperatzeko tankerarik ikusten. Izan ere, badirudi Traparango enpresa ez dela ageri multinazional alemanak dituen helburuen artean. Horregatik guztiagatik, bi enpresetako pertsonalak mobilizatzen aritu dira, eta egiten jarraitzen dute. Mecapeñakoak behin betiko likidazioaren eta dagozkien neurri sozialen zain dauden bitartean, BBkoak presionatzen ari dira, ikusteko ea irtenbiderik aurki daitekeen enpresaren ixtea gertatu aurretik.
Bi enpresek, beren historian zehar, oso egoera bitxiak igaro izan dituzte, ordainketak eteteko prozesuengatik, eta kaltetuak ere izan dira zenbait kudeatzailerengatik, irregularitateak egiteaz eta korrupzioaz akusatuak izan baitira. Hala ere, inoiz ez dira depuratu ustez zegozkien erantzukizunak, nahiz eta zenbait epaitegitan badiren kasuan kasuko salaketak. Bi enpresak, gainera, fondo publikoetatik onuratu diren multinazionalen eskuetatik pasatu dira.

MECAPEÑA BEHIN BETIKO LIKIDAZIORANTZ.

Urteetan hainbat krisi eta langile borroka igaro eta gero, Mecapeña behin betiko likidatzeko prozesuan da. Uztailean bertan, Urdulizko pertsonal guztiari deuseztatu zizkioten kontratuak. Aurreko urteetan enplegua kenduz joan eta gero, gaur egun, 300 lagun dira Mecapeñaren likidazio horrek afektatuak. Negoziatzeko prozesuaren barruan ezarritakoaren arabera, pertsonal global horretatik, 150 langileri 55 urtetik gorakoentzako erretiro aurreratuko plan bereziak aplikatuko zaizkie, eta gainerakoek, beste 144 langilek, ingurune industrialeko enpresetan berrenplegatzeko planetan parte hartuko dute. Krisia jasandako beste enpresa batzuetako antzeko prozesuetan, berrenplegatzeak oso arazotsuak izan dira beti. Horregatik, Mecapeñako langileek ongi lotu beharko dituzte hari mutur guztiak, baldin gero bertan behera utziak bukatu nahi ez badute, krisian izandako beste enpresa batzuetan gertatu den moduan.
Lan Ministerioak hitzeman du zeroan jarriko duela langabeziako prestazio sozialen kontadorea, zeren langile gehienek agortuak baitzituzten, azken urteotan etengabe nozitu izan dituzten erregulazio espedienteen kausaz. Kalte ordaina 45 egunena izango da lan egindako urte bakoitzeko. Gatazka honen konponbidean, Bizkaiko administrazio forala, EAEkoa eta Espainiakoa ari dira parte hartzen, modu ezberdinetan bada ere.

BB ETORKIZUNEKO BERMERIK GABE.

Babcock Borsig ekipamenduko ondasunen enpresa, Trapagaranen kokatua, pribatizatua eta fondo publikoekin saneatua izan eta gero, izen bereko multinazional alemanaren eskuetan dago orain, eta hark ere eten zituen ordainketak Alemanian (ikus irailaren 8ko ARGIA). Zenbait astetatik hona, euskal planta horretako langileak mobilizazioak egiten ari dira, etorkizunerako bermerik ez dagoela ikusita.
Multinazional alemanak, bere hogeita hamar sozietateetan ordainketen etendura saihesteko, sozietate berri bat sortu du, eta, itxura guztien arabera, badirudi Trapagarango planta ez dela sartzen haren planetan. Sozietate berri horren izena Babcock Borsig Power Sytems izango da, eta 2.600 laguneko pertsonala izango du. Pertsonal horretan, ordea, ez da ageri Galindokoa (Trapagaran), ordainketen etenduran dauden enpresen blokean ageri baita. Sindikatuen arteko zatiketa bortitz baten erdian (ESK eta LAB alde batetik, eta CCOO, ELA eta UGT bestetik), gero eta zurrumurru gehiago dabiltza euskal enpresaren etorkizunari buruz. Zenbaitek diotenez, sozietate aleman berria Trapagarango plantaren kargu egin dadin ari dira saiatzen, baina beldur dira multinazional alemana ez ote dabilen luzamendutan, azkenean Galindoko pertsonalean murrizketa handiagoa lortze aldera. Langileak presionatzen ari dira, BB pribatizatzeko planak iazko urrian sinatu ziren bezalaxe eraman daitezen aurrera. Plan haien arabera, oraingo enplegua mantendu egingo litzateke, lehenbiziko bost urteetan bederen.
Egoera honen erantzukizun larri bat Espainiako Gobernuak du, zeren, Partizipazio Industrialen Sozietate Estatalaren bitartez (SEPI), pribatizatu egin baitzuen BW, fondo publikoekin saneatu ondoren, eta BB multinazional alemanari saldu baitzion. Hark, ordea, hasieran hartu zituen konpromisoetatik lokabetu egin nahi du orain. Hala, ez dira errespetatzen ari BW pribatizatzeko bidea eman zuen plan industriala; ez dute eskabiderik lortzen, eta galtzen ari dira planean aurreikusiak zeuden lan batzuk. Enpresako komiteko zenbait iturri sindikalek, gainera, ziurtatzen dute multinazional alemanak Bizkaitik beste planta batzuetara eraman duela lana

Espainiako Estatuko sektorean ere aktibitatea urrituz doa
Ekipamenduko ondasunen sektoreko krisiak ez dio Euskal Herriari bakarrik erasaten, nahiz eta, egiazki, larritasun handiagoa duen hemen. Espainiako Estatuan, ekipamenduko ondasunen sektore osoan saltatu dira alarmak, 2001eko urtealdiko datuen ondorioz eta 2002. urte honetako lehen seihilekoan izandakoak jakin ondoren. Espainiako ekipamenduko ondasunen sektoreko patronala, Sercobe, kezka erakusten hasia da, zeren sektorean gero eta handiagoa baita aktibitatearen beherakada, eta alertatzera ere iritsi da ezen, egoera ez bada nabarmen aldatzen, enpresak ixteko arriskua dagoela.

Hala, 2001. urtean, ekipamenduko ondasunen sektore honen aktibitatea -euskal enpresena ere hor sartzen da- oso nabarmen urritu zen aurreko urteetakoaren aldean. 1986tik 1990era bitartean, fakturazioa urtero %10eko erritmoan haziz joan zen. 1991tik 1994ra bitartean, beste krisialdi bat gertatu zen, eta sektorearen aktibitateak jaitsiera garrantzitsua izan zuen, %4rainokoa. Azkenik, 1995etik aurrera eta 2000 arte, aktibitatearen areagotze oso garrantzitsu bat gertatu zen, halako punturaino non fakturazioak, %16rainoko gehikuntza izan baitzuen 1995ean eta %10etik gora mantendu baitzen 2000. urtea arte. Urte hartan, hazkundea %12koa izan zen eta fakturazioa 29.355 milioi eurokoa. Azkenean, 2001. urtean, hazkundearen erritmo horrek bira nabarmena egin zuen, eta fakturazioa 30.948 milioi eurotan gelditu zen; hau da, %5,5 bakarrik hazi zen aurreko urtearen aldean.
Ekipamenduko ondasunen industria osoan aktibitatearen erritmoak daraman beheraldia oraingoz dramatikotzat jo ez badaiteke ere, zenbait azpisektoretan (elektronikan, janarien industriarako ekipamenduetan eta manufakturako beste industria batzuetarako makina erremintetan) eskabideen gutxitzea hasia da arriskutsu izaten. Aktibitateak gainbehera jarraitzen badu, gerta liteke enpresak ixtea, patronalak dioenez. Horrela esplikatu du Francisco Francés Sercobeko presidenteak: "Gauza frogatua da gaitasun horiek ez direla errekuperatzen eta behin betiko galtzen direla, zeren, produkzioa justifikatzeko demanda berraktibatzen bada ere, ikusia baitugu lehenagoko krisietan nola lekualdatzen diren heldutasun eta lan kostu gutxiagoko beste herrialde batzuetara...".
Eta krisiak ez dio Euskal Herriari bakarrik edota Espainiari edo Frantziari bakarrik erasaten, baita Europari ere. Hala, ekipamenduko ondasunen sektoreko ordezkariek, 2002. urte honetarako egindako aurreikuspenetan, Europako herrialdeetako aktibitatean beste atzerakada bat izango dela ezartzen dute. Lau estatu handietatik (Alemania, Italia, Erresuma Batua eta Frantzia), Italiak bakarrik espero du aurten hazkunde positiboak izatea, eta gogorarazi behar da Frantzia eta Alemania direla, ordena horretan, Espainiako Estatuko ekipamenduko ondasunen bezero nagusiak. Bi estatuen artean, Espainiako Estatuak atzerrira egiten dituen salmenten %27 jasotzen dituzte. Beraz, haien egoerak eta demandak influentzia nabaria du sektore honetako esportazioen gainean, fakturazio totalaren %60tik gorako bolumena saltzen baitu atzerrira. Ikuspuntu horretatik, aurreikuspena ezin da batere optimista izan. Izan ere, atzeraldian jarraitzeko joera seinalatzen dute 2001. urtean zehar ekipamenduetan izandako inbestimenduen ibilbideak eta 2002. urteko lehen parteko datuek, eta horrek arras konprometitzen du aurreikuspen ofizial positiboa iritsi ahal izatea