Yako ezaguna genuen aurretik. Zer gertatu zaio oraingoan?
Hamasei urteko neskatxa izaten jarraitzen du, baina lehen gehien maitatzen zuena sua bazen, oraingoan haizeak eramaten du. Izan ere, hau idazterakoan, Kleopatrak justu hil aurretik esan zuen esaldia neukan buruan, alegia, "Jada sua eta airea besterik ez naiz" esaldia. Bestalde, oraingo liburuan ere naturarekin beti dudan harremana kontuan izan dut, naturaren kontserbazioan oinarritu naizela esan nahi dut. Naturak dena erlatibizatzen erakusten duelako, baina tamalez naturatik urrunduz goaz gero eta gehiago, jada ez dakigu udazkena noiz hasten den ere, Corte Ingleseko iragarkien bidez ez bada. Hausnarketa hauek guztiak izan ditut kontuan "Yako eta haizea" idazterakoan.
Zergatik eramaten du Yako haizeak?
Lehen suak erre egiten zuen, eta bilatu zuen su hori apaltzeko modua. Orain, berriz, hainbeste arindu da, haizeak eramaten duela.
Galdu al du Yakok harritzeko gaitasuna?
Inola ere ez. Eta ausartzen da galdera zorrotzak egitera: Zer da ordena? Zertarako behar da Polizia? Horrelako galderak egiten dizkie bere lagunei. Izan ere, hiriak garrantzi handia du liburu honetan, Yako eta bere laguna hiri handi batera iristen direlako bere bidaian. Eta hiri horretan helduen munduaren eragina jasango dute, helduen munduak gazteengan duen presioa. Ez dira eskolara joaten, baina bizitzak erakusten die hori. Fantasia askorekin idatzi dut istorio hau, baina fantasia hori sinesgarri egiten saiatu naiz, eta jakina, fantasia horrek batzuetan egoera surrealistak sortzen ditu, eta umorea ere ez da haietan falta.