Ibarretxek egungo espainiar legezkotasunaren baitan Espainiako Estatuarekin elkarbizitzarako paktu berri bati ekiteak, xantaiagile eta terrorista ekonomikoak irudikatzeko balio du behintzat. Batere independentista ez den ekimen estatutario eta konstituzional bat manipulatzeaz gain, zenbait gobernu, enpresa eta politika agentek erabaki horrekin aurrera eginez gero inbertsio asko frenatu eta beste asko ateetan izoztu egingo direla ohartarazi du, Euskal Herriko zati honek bere burua miseria eta pobrezian barneraturik ikusiko duela. Terrorista ekonomikoak dira. Arzalluz eta Garaikoetxea ekartzen dituzte gogora, Lemoizko zentral nuklearra martxan jartzen ez bazen euskaldunak kobazuloetara eta azak ereitera itzuliko ginela ziurtatu zutenean. Terrorismo ekonomiko hura alferrikako xantaia izan zen bezala -Lemoiz ez zen sekula martxan ipini-, sektore politiko-enpresarial horien egungo terrorismo ekonomikoa ere, are handiagoa izango dena autodeterminazioa gauzatzearen aurka egiten badu, Euskal Herriak bere etorkizuna libreki erabakitzen duenean xantaia alferrikakoa izango da