Zer azaldu nahi zenuen poema liburu honekin?
Imajinatu beharko genuke goiz batez ispilurik gabeko gela batean esnatu eta emakumea nintzela konturatu nintzela. Horixe da liburuaren abiapuntua eta nolabait bertan agertzen den gaiaren muina, emakume naizela konturatu izana. Ez naiz ari sexuaz, hori aldez aurretik ere banekielako, emakume izate horrek suposatzen duenaz baizik, horretaz konturatu bainintzen goiz horretan. Eta memento hortantxe sortu zen poema liburu hau.
Eta zein da gai horren funts nagusia?
Etsipena edo desengainoa. Ez maitasun etsipena edo desengainoa, hain zuzen ere, emakume izatearen konturatze horretan oinarritutako etsipena edo desengainoa baizik. Mina da, beraz, liburu honen oinarria, min hori sentitzetik sortu baita liburu hau.
Zeintzuk dira min horren arrazoiak?
Alde batetik, iruditzen zait berandu konturatu naizela emakume naizela. Eta bestetik, min dut ere emakume izatea zer den ulertzearekin onartu behar izan ditudan zenbait gauzarengatik. Alde horretatik, liburua garrasi bat da, minaren eta erreibindikapenaren garrasia. Eta nor bere buruarekiko azalpen hori sinetsi eta irtenbidea erdietsi nahiarekiko garrasia ere bai. Sormen prozesuari dagokionean, hasiera-hasieratik neukan garbi zein izango zen gaia. Eta banekien nire lan hau ez zela zenbait poemen bilduma bat izango, neukan min hori aurkezteko idatziko nituela poemak. Eta generoaren hautaketa egina etorri zitzaidan, zeren anbiguotasunaren bertuteak alde batera utzi, eta esaten direnak eta esan gabe uzten direnen artean jolas egin nahi nuen, eta jolas hori egiteko generorik aproposena poesia zela uste nuen.