Ardogintza kimika eta bankuen beharretara zeharo makurtua dela uste eta garai batekoaren tankerakoaren ardo osasuntsua edateko aukera behinik izan dezagun lanean ari da nafar bat baino gehiago. Lan izugarri honetara eman direnak ezagutu nahi eta Baldorba aldean ibiliak gara Gipuzkoa eskopeteroaren berunaren ihesi. Mahastiak miatu bai, baina bukoiak zirikatu eta jo zaharra ez den mahatsaren muztioa nola datorren galdetu nahi genion aho-sabaiari. Lehenengo zurrutadarekin aurpegia alaitu zitzaigun: baserri ugarietan oraindik egiten den sagardo zahar ederraren lainoa bai zekarkigun gogora. Bukoitik bukoirakoan, ardogileen kontuekin erabat harrituta, biak ardo, mahatsarena eta sagarrarenaren arteko alderik ia ez dela jabetu nahian ari ginela, horra hor non makatz- edo udare-gustu izugarria zuen ardoa dastatu genuen. Makatzardoa egin eta edateko ohitura ia galdua da, sagardoa baino azidoagoa eta tanino eskas izaki ez bai da mantentzen erraza. Frantzian ardoak, batik bat xanpainaren moduko ardo zuriak faltsutzeko erabili izan da. Nafarrenak ez du ez xanpain onenaren inbidiarik