- Felipe Juaristik esana da honakoa «El Pais»en: «Nobela bat idazten badut, tripetatik ateratzen zaidalako da, ez jendea asebetetzeagatik».
- Alfonso Sastreren hitzak dira hauek «Euskaldunon Egunkaria»n jasoak: «Zerbitzuen sektorean kokatu behar da intelektualen eta artisten lana».
- Harkaitz Canok egunkari berean esandako hitzak dira honakoak: «Kazetaritzak eta literaturak elkar elikatzen dute. Bizi dugun informazio uholdearekin, zaila da irakurlearen buruan ezer finkaturik geratzea. Fikzioak bete dezake agian fijadore funtzioa, uholde horretatik zerbait aukeratu eta era erakargarrian aurkeztuz gero».
- Koldobika Jauregi eskultoreak «Gara»n: «Artea ikuskizun bila dabil gaur, eta ni beste muturrean sentitzen naiz».
- Juan Luis Zabalaren ustez, «sariak sari, ekimen artikulatuagoak behar ditu euskal literaturak gero eta malkartsuago egiten ari zaion gizarteranzko bidean». Hitzok «Euskaldunon Egunkaria»n idatzi zituen azkenaldiko literatur sarien inguruan.