Zahartzaroko gaitz hauek, heriotza kausa direnak, badaude lotuta gure bizi estiloari?
Bai horixe. Gizakiak, espezie bezala sortu zenetik kasik atzora arte, ariketa fisikoan oinarritu du bere lana. Bat-batean, industrializazio ostean lana modu sedentarioan egitera pasa gara, baina lehen bezala edo gehiago janez. Gaixotasunok desoreka horretatik sortzen dira. Minbizi asko elikadura okerragatik sortzen dira. Bularreko eta prostatako minbiziak, erlazionatuta daude aktibitate fisikoa ez egitearekin. Tabakoak birikako minbizia dakar, eta bihotzeko gaitzak tabakoarekin eta gantzarekin lotuta daude. Beraz, gure bizi estiloak asko markatzen ditu gaixotasun horiek. Orokorrean, bizi estilo osasuntsuek eragin handiagoa dute faktore genetikoek baino.
Bizi urteak luzatzea lortu da. Orain kontua da urte horiek osasuntsu eta besteren etengabeko laguntzarik gabe bizi ahal izatea nola lortu. Ariketa fisikoak zerikusirik badu horretan?
Bai, handia gainera. Adinarekin gutxitzen joaten da gure erresistentzia gaitasuna. Eta badago muga bat, behin hortik jaitsiz gero erabat menpeko bihurtzen zarena, edozer egiteko beti laguntza behar duzuna. Prozesu natural honetan arrisku bat dago, sorgin-gurpilarena: bati kosta egiten bazaio zerbait egitea, askotan utzi egiten dio egiteari, eta ez egiteagatik orduan eta ahalmen gutxiago du gauza hori egiteko. Sorgin-gurpil horrek gainbeheraren prozesua izugarri azkartzen du.
Independentzia fisikoa ariketa fisikoarekin mantentzen da, eta ez dago beste pilula magikorik, ez liposukziorik! Frogatuta dago gainera: dependentziaren muga pasea zutenekin ikerlanak egin dituzte, eta ariketa fisikoen programen bidez, lortu dute muga baxu horretatik ateratzea jendea, eta gainera beste 8-10 urtean euren gaitasunak mantentzea!
Alde horretatik ere, gure presaren gizartean badago zer aldatu. Askotan, gure etxeko zaharrak egin behar duen lana geuk egiten dugu, denbora aurrezteagatik. Edo zaharren egoitzetan erizainek eramaten dituzte zaharrak alde batetik bestera. Eta ez gara jabetzen zer kalte egiten digun: egiteko aukera eta laguntza eman behar zaie, eta ez gauzak euren ordez egin. Mantendu dezatela independentzia ahalik eta gehien, jada mantendu ezin den arte.
Zein da osasunarentzat gomendatzen den ariketa fisiko minimoa?
Gomendatzen den gutxienekoak, ez du sakrifiziorik eskatzen: astean hiru egunetan, eta egunean 60 minutuz jardutea da kontua. Eta "ariketa fisikoa"ren barruan jardun fisiko guztiak sartzen dira: estiramenduak, paseotxoak, edo etxeko lanak egitea.
Ez da asko egin behar dena, baina arazoa da pixkanaka AEBetako bizi estilorantz goazela. AEBetan biztanleen %25 gizen larria da, eta eredu hartarantz goaz: zabor-jana jaten dugu eta telebistan jada ez dakit zenbat kate ditugun.
Nola antolatu behar litzateke ariketa fisikoa gizarte mailan?
Instituzio euskaldun bat behar dugu, gizarteko ariketa fisikoa ondo koordinatuko duena, bai herrietako kiroldegi, ikastetxe eta zahar-etxeen mailan. Kontua da oraindik zehazteke dugula, toki horietan nola planteatu behar den ariketa fisikoa ahalik eta osasun hobekuntza handienak lortzeko. Estatu Batuetan halako programak badituzte, eta eredu hura hona egokitu behar dugu lehenbailehen