argia.eus
INPRIMATU
ARGAZKI ONAK BILDU ETA ZABALTZEKO GRINA
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 19a
Enrique Ordoñez eta Isabel Falcon senar-emazte donostiarrek grina partekatu bat dute: argazkigintzako artelanak biltzea. Artezaleak izaki, 80ko hamarkadan hasi ziren argazkiak kolekzionatzen eta urte gutxitan 800 iruditik gorako bilduma garrantzitsua osatu dute, Espainiako Estatuko aberatsena, eta mundu mailan ere, bilduma pribatu sendoenetarikoa. Argazki bildumazale batzuk XIX. mendeko pieza bakanen atzetik ibili ohi dira bereziki. Beste batzuek maisu lan hausle eta berrienak bilatzen dituzte. Bikote donostiarrak, aldiz, ez die ez zaharrei ez berriei muzin egiten; garai eta estilo orotako lan onak ditu jomuga.

Baina, Isabel Falcon eta Enrique Ordoñezek beste grina bat ere badute: bildutakoa zabaltzea, gizarteari eskaintzea. Horregatik, inongo oztoporik ipini gabe eskaini izan ditu irudiak Ordoñez-Falcon Fundazio Zentroak hainbat eta hainbat erakusketarako. Eta horregatik bildumako zati handi eta esanguratsua denon eskura dago asteotan Kuboan. «Grina partekatu bat» erakusketa hau paratu arte, ez da inoiz bilduma honetako hainbeste argazki batera ikusteko aukerarik izan. Guztira 150 egileren 250 argazki inguru daude Kubo Artearen Kutxagunean.
Esana dugu, bikotearen ahaleginak ez direla garai jakin batera mugatzen eta zaila da erakusketa alde batera edo bestera definitzea. Bere orokortasuna eta ikuspegi zabala dira azpimarragarri.
Erakusketa bi zatitan banatu dute. Lehen zatian XIX. mendeko eta XX. mende hasierako lanak bildu dituzte: dagerrotipoak, kristalezko negatiboak, paperezkoak, paper albuminadunaren gainean positibatutakoak, paper gazia erabilitakoak... Argazkigintza tekniken historiari errepasoa egin dakioke William Henry Fox Talbot, Nadar edo Le Grayren argazkiei begira. Eta baita estilo eta joeren errepasoa ere. Dena den, hainbat piezaren kutsu berritzailearekin harrituta geratuko da ikuslea. Argazki batzuei «1890» edo «1916» dioen txarteltxoa kendu eta, esaterako, «1990» dioena ipiniko baliote, ziur bisitari batek baino gehiagok ez lukeela zalantza izpirik izango hala dela.

Hori dela eta, lehen zati honetatik erakusketaren alde garaikiderako jauzia ez da hain nabarmena. Bigarren zati honetan, egungo egileen hainbat irudi ikusi dugu: Andreas Gursky, Nan Goldin, Helena Almeida, Perejaume... Baina baita nazioarteko izen ezagun eta prestigiotsuak ere: Richard Avedon, Hans Bellmer, Claude Cahun, Henri Cartier Bresson, Joan Fontcuberta, Man Ray, Robert Mapplethorpe, Tacita Dean, Andy Warhol...

Argazkien edukien arabera antolatuta dago «Grina partekatu bat»en bigarren zati hau: «Erretratua», «Narrazioa», «Ametsa», «Bidaia», «Espazioa», «Lana»...
Mapplethorpen gizonezko perfil ikusgarriari, esaterako, «Gorputza» izeneko atalean egin diote tokia. «Begirada» atalean, aldiz, Zhang Huan-en «Family Tree» serie erraldoiko protagonistaren begirada ikuslearenarekin gurutzatzen da.
Hermann Broch idazle eta filosofo austriarrak zera esan zuen: «Munduaren osotasuna irudikatzeko gai ez den artea, ez da artea». Hortaz, Ordoñez-Falcon bildumako 250 argazki hauek artea dira; argazkigintzaz beraz hitz egiteaz gain, bi azken mendetako gizartearen eta honen aldaketen isla ere badirelako