argia.eus
INPRIMATU
TERMOMETROA
2002ko azaroaren 03a

IBARRETXEREN LEHEN URRATSAK

JUAN JOSE Ibarretxe lehendakariaren proposamenak egin ditu jada bere lehenbiziko urratsak eta ezin esan bultzagileen sostengutik haratagokorik lortu duenik. Zaila da, dena den, gizarte mailan zer eratako harrera egin zaion neurtzea, baina bai esan liteke egungo egoera geldotuaren zutoinak astindu dituela eta hori herritarrak sumatu duela. Espainiar ikusmoldearen arbuiatze erabatekoa izan du eta datozen hilabeteetan ezker abertzalearen sostengua nola irabaz dezakeen pentsatu beharko du hiruko gobernuak, hemendik urte eta erdira edo bira Eusko Legebiltzarrean proposamenaren oniritzirik jasoko ez balu, seguruenik jai izango luke eta.


DENERA OHITZEKO AHALMENA

HERRI honetan era guztietako egoeretara ohitzeko ahalmen handia dagoela ez da zalantzarik. Euskal gizarteko alderdirik garrantzitsuenetakoa legez kanpo jartzen da eta lehenbiziko astinduaren ondoren bizitza politikoak ohi bezala jarraitzen du, aldaketa handirik gabe. Lehenago edo geroago, aldiz, egoera nozituko den zalantza gutxi dago han eta hemen. Horrekin bezala, ordea, berdintsu gertatzen da ETAk mehatxatutakoekin, presoen sakabanaketarekin, torturarekin... Sufritzen dituzten gutxiengoek jasaten dituzte, indar mediatiko eta erakunde nagusienek batzuen sufrimendua haizatzen dute, baina gizartearen abiada normalean horrek ez du eragin berebizikorik.


MANIFESTATZAILE KOPURUAK

MANIFESTAZIOETAN parte hartzen duen jendea zenbatzeko teknikak nahiko errealistak izaten dira hala nahi denean. Donostian Aski da! plataformak egindakoan 100.000 edo 150.000 pertsona ez zirela izan ez da zalantzarik. Zenbaketa egitea ausartu direnen zenbakiak harrigarriak izan zitezkeen oihartzun mediatikoak zabaldutakoa kontuan izanda. Baina zenbakiak nondik ateratzen diren azaldu egin zituzten bai ‘Gara’ egunkariak -14.000 pertsona- eta baita Mariano Ferrer kazetariak ere -gehienez 17.500-, esate baterako. Ez zen manifestazio honen kasua, baina Ferrerren kalkuluetan, manifestazioaren luzera, kaleen zabalera handiena hartuta eta kaleen ahalik eta jende betekada handiena hartuta, inoiz ez lirateke 23.000 pertsona baino gehiago egongo.


EPAILEAK ETA CGPJ

RUTH ALONSO epaileak Ramon Gil Ostoaga euskal preso politikoa baldintzapeko askatasunean jarri izanak hautsak harrotu ditu berriz ere. Alonso epailearen erabakia ikertzeko agindua eman du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia kontseilariak gogor kritikatu du CGPJ. Denbora berdinean, halaber, ezagutu da justizia administrazioa Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentral bat eratzeko asmotan dagoela, justiziaren aurrean herritarrek konstituzionalki duten tratamendu berdinari beste salbuespen bat gehiago jarriz.


NAZIOARTEKO KONFERENTZIA

LOREN Arkotxa arduradun nagusi duen Udalbiltzak Nazioarteko Konferentzia egingo du abenduaren 6, 7 eta 8an zehar Donostiako Kursaal Jauregian. Konferentzian zehar, halaber, Udalbiltzak landutako eskubideen karta ezagutzera emango da.


102 ATXILOTU IRAILETIK HONA

JOAN den astean Ertzaintzak Bizkaian atxilotutako zazpi pertsonekin, segurtasun indar desberdinek, irailetik urriaren 21a arte 102 pertsona atxilotu dituzte Euskal Herrian, Askatasuna erakundeak jakinarazitakoaren arabera.


BAKE KONFERENTZIAREN GAZI-GOZOAK

Ez da Elkarrik espero zezakeen bukaerarik onena, nahiz eta egindako bidetik oso irakaspen interesgarriak atera, batez ere bake proposamen batean metodologia eta edukian dauden klabeetan arakatze aldetik. Baina helburu garrantzitsuena, alderdien arteko akordio bat orrialde batean islatzearena, ez da lortu eta hori ere hala aitortu du Elkarrik. Ondo abiatu zen Konferentzia eta gizarte mailan izandako oihartzun handiari, alderdien arteko aurrerapen esperantzagarria gehitu zitzaion. Batasunaren ilegalizazio prozesuak konferentziaren helburu gorena hankaz gora jarri du, eta aurrerantzean Elkarriren ahaleginak biziki zaildu ere bai.