Joseba Arregi, Manuel Montero, Emilio eta Javier Gebara, Carlos Trevilla, Javier Elzo eta hogeikotea osatu arteko beste pertsona ezagun batzuek Gernikako Estatutuaren balorea azpimarratzen duen idazkia kaleratu dute. Hauen ustez, egungo estatutuaren itun izaeratik subjektu politiko bat sortu zen, eta ez da posible aurrekoaren gisako itun berri bat gabe subjektu politiko berri bat sortzea, nahiz eta hau gizartearen gehiengoan oinarrituta egon.
Santiago Carrillo Espainiako buruzagi komunista historikoaren esanetan -egun PSOEn dago- ez da logikoa Batasunaren sostengua zuen erakunde bat legez kanpo jartzea, horrek arazoa konpontzeko baino arazoa korapilatzeko balio duelako. Halaber, bere ustez PSOE ez dago eroso PPrekin egindako Itun Antiterroristarekin eta bultzatutako Alderdi Politikoen Legearekin. Radio Euskadin egindako elkarrizketan esan zituen aipatutakoak.
Iñaki Azkuna izango da datozen udal hauteskundeetan EAJk Bilborako aurkeztuko duen alkategaia. Dimas Sañudo egungo zinegotzia izango da PSE-EEren hautagai nagusia eta Antonio Basagoiti egungo zinegotzia PPkoa.