Bularraren berreraikuntzak minbizia gainditzeko duen garrantzia aztertu zuten, besteak beste, Kirurgialari Orokorrentzako prestatutako Bularrak Berregiteko I. ikastaroan. Donostian egin den kongresua aprobetxatuz Donostiako Institutu Onkologikoko, Donostia Ospitaleko eta Tolosako Jasokunde Ospitaleko Kirurgia Sailek beren eguneroko jardunaren berri eman nahi izan zieten bertan bildutakoei.
Ikastaroa urriaren 16 eta 17an izan zen, eta gai nagusia bularraren berreraikuntza izan zen. Diagnostiko goiztiarrak eta tratamendu medikoak nahiko ongi funtzionatzen duten arren, kasu askotan ez dago bularra erauztea beste erremediorik. Kirurgia ez da egun duela urte batzuk bezain agresiboa, eta ahalik eta gutxien erauzten dute egungo kirurgialariek. Tolosako Jasokunde Ospitalean kirurgiako zerbitzuburua den Francisco Martinez-en hitzetan, "deformitateak pazientearen autoestima gutxitzen du, eta sendaketa prozesuan eragin negatiboa du". Horregatik, bularraren berreraikuntza oso puntu garrantzitsua da.
Eta nola egin berreraikuntza hori? Ikastaroa antolatu duten adituen ustez, bularra erauzteko egiten den ebakuntza bera aprobetxatuz, horrela emakumeak ez baitu deformitatea sentitzeko aukerarik izango. Eta teknikarik "egokiena" gaixoaren sabeleko azala, muskulua eta gantza erabiliz bularra berregitea da. Medikuarentzat hobea izateaz gain, teknika honekin erradioterapia hobeto jasaten da, bular berriak ukipen askoz ere naturalagoa du eta protesiek izaten duten operazio osteko arazorik ez da agertzen. "Sabeleko zintzilikarioa" esaten zaion teknika hau duela 20 urte baino gehiago hasi zen AEBetan, eta 1990etik aurrera egiten du Martinez zirujauak Tolosan