Euskal Herriko gainerako eskualdetan ere antzerakoak izango diren datu beldurgarriak jakinarazi zituzten aurreko astean Bizkaian: Mehatxeta eta Ezkerraldean 800 lanpostu daude bete gabe. Bi eskualde hauetan langabezi tasa %10 ingurukoa da, Bizkaiko batezbestekoa baino 2 puntu gehiago. Postu horiek bete ez badira, igeltsero, arotz, burdinlari, soldatzaile, txapista, egitura metalikoen muntatzaile, makina erremintarako operadore izateko prest dauden profesionalak falta direlako izan da. Zerbait ez dabil ongi gure hezkuntza sisteman, enpresen eskaeren eta hezkuntzaren arteko banaketa hain handia egoteko. Aspaldi enpresa handiek zituzten aprendiz eskolak eta arte eta ofizio eskola haiek husten joan dira Unibertsitatearen onurarako. Eta orain Unibertsitatetik milaka langabetu ateratzen dira eta tradiziozko profesionalak falta dira. Horren erantzule familiak dira, baina batez ere politikoak, gobernatzen dutenak, hezkuntza politika behar errealetara ez egokitzeagatik eta egun hain beharrezko diren artisau eta lanbide heziketaz ahazteagatik