argia.eus
INPRIMATU
Zenbat gara 72
Luis Alberto, 'AmatiƱo' Aranberri 2007ko otsailaren 21a
Agindu bezala, Xabier Kintanak Euskalduntzen deritzan euskara ikasteko metodo berria bidali digu. Berria diogu, bai agertu berria delako, baina, bai eta metodo berri batez baliaturik egina delako ere. Honako metodo hau irakasle talde batek moldatu du -Badiola, Etxebarria, Goikoetxea, Intxaurraga, Kintana, Legarreta, Munduate eta Zearreta irakasleek, alegia-, eta irudiak, berriz, J. Juaristirenak dira. Nik neuk ikus ahal izan dudanez, guztiz harrera ezin hobea izan du metodo berri honek. Larrekoren omenaldiaz sail honetan egin nuen aipamena irakurri eta gero, hiru irakurlek eskatu dit harako metodoa, ez bait dute oraingoz liburutegitan salgai aurkitu. Metodoari berari buruz ezer guti esan dezaket. Egia esan, azal azalez baino ez dut ikusi, eta, behar bada, zer ikusi guti du, esan gura dut, zera: teoriaz baino praktikaz beharko duela bere balioa frogatu. Dena den, euskara soilean moldatua da, inolazko erdararen morroitzarik gabe, ikaslea, hasiera hasieratik euskaraz behartzen duelarik. Azkenean, berriz, hiztegi erraz eta oinarritu bat dakar. Akatsen bat erantsi nahiez gero, bada bat nahiko nabaria, galde-erantzunez egina den metodo batetan are nabariago gainera. Galderaketako al/ahal delakoaz ari naiz, metodo honen barrena ez bait da inon agertzen. Irakasle talde honek izanen du, noski, arrazoiren bat edo beste hutsune honetaz, ez bait dugu uste ahaztu egin zaion gauza denik, aitzitik, zenbait azterketaren ondorio izanen da segurutik. Hala ere, dena den, metodo honek erdararekiko zezakeen morroitza bakarra dateke (...) (1972-X-29)