argia.eus
INPRIMATU
URRELILIAK GOIZ DATOZ
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Aurtengo uda partea iluna izan denik ezin uka; larruazaleko minbizia areagotuz, kiskalita ukendu koipetsuen distira erakutsi zale ibili ohi direnei galdetu bestela... Eguzki falta honek ondorio ugari izan ditu, tomateen eta piperren, antza bero asko behar duten landareen porrota da nabarmenena. Badira, ordea, bigarren mailako beste ondorio batzuk, udazken eta neguko loraldietakoa, kasu.

Landare bakoitzak ondo arautua du loretara noiz eman. Honetarako jasotzen duen argi kopurua kontrolatzen du. Ia santu guztien egunean soilik salerosten den urreliliak, adibidez, abuztua aldera eguna moztu eta gaua luzatzen denean, argi aukera jaisten denean, lore begiak garatzea erabakitzen du, negu-negua iritsi aurretik loreak erabat zabaltzeko. Abuztuan egun argitsu gehiegi badira, egunero itzala jarri behar diotela badakite urrelilia ekoizten dutenek, argia kendu eta loraldia abiarazi dezaten, bestela hildakoen eguna iritsi eta lorerik ez baitute izango. Aurten alderantzizkoa jazo da, uda ilunean argitasunaren urria azkarregi sentitu dute eta urreliliek behar baino bi edo hiru aste lehenago ireki dituzte loreak. Ekoizle argiek argia piztu dute urrelilien negutegietan uda partean