argia.eus
INPRIMATU
TARTAREN BANAKETA
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a

"Tarta gero eta handiagoa da, baina gero eta okerrago banatzen da". Hori da EAEn azken urteetan sortutako aberastasunaren banaketaren inguruan ELAk egin duen txostenaren izenburua, Nafarroako datu ofizialen faltan. Sortu den aberastasunaren barnean soldatapekoen ordainsariaren partehartzea murriztu egin dela jakinarazi du sindikatu abertzaleak, bere pisua 1993-2001artean gertatu zen hazkunde ekonomikoan %5,6 jaitsi baitzen, ustiapenen soberakin gordina 3,4 gehitu zen artean. Epe horretan errentaren banaketa oso desberdina izan da; izan ere, enpresen mozkinaren igoera pertsonalaren kostu osoarena baino askoz handiagoa izan da, enplegu tasa igo egin den arren. Beraz, enpresaburuena, kapitala eta enpresen errenta biltzen dituena, izan da onura gehien izan duen taldea. Alor publikoari dagokionean, gastu sozialean (gizarte babesa, osasuna eta hezkuntza) murrizketa izan da eta horrek batezbesteko europarretik urruntzen gaitu eta gainera Ibarretxe lehendakariaren propagandarekin kontraesanean dago. Ondorioz, bai hitzarmenetan bai enpresatan soldata eta gizarte hobekuntzak lortzeko irmotasunez negoziatzea izango da sindikatuen zeregina eta baita administrazio publikoari konpromiso sozial handiagoa eskatzea. Tarta guztiona baita!