argia.eus
INPRIMATU
«Guztira, 91 pertsona dira, gehi soka-muturra»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
XIX. mendetik hasten duzu liburua. Nolakoa zen Donostia?
Donostian harresiak 1863an bota ziren, eta orduan hamalau bat mila biztanle zituen. Mendearen amaierara 40.000 biztanleekin iritsi zen, baina gerra aurrean halako bi eta gehiago egin zuen biztanlez. Oso urte laburretan jende asko etorri zen Donostiara bizitzera, eta asko aldameneko herrietatik etorritako eskulangileak ziren, euskaldunak gehienak. Jakina, Donostian bazen burgesia bat eta Madrildik udatiar etortzen zen Errege familia eta bere atzetik zetorren Gorte guztia, baina horrekin batera beti egon da Donostian herri xehe bat eta intelektual multzo handi bat, euskal nortasuna zaintzeko ardura berezia hartu duena. Eta horrek izan du behin ere eten ez den jarraitasuna. Ez zen eten ezta Francoren gudarosteek Donostia hartu zutenean ere. Eten zen bere agerraldi publikoa, noski, baina elkartasun sareak oso-oso indartsuak izan ziren Frankismo garaian Donostian.

Eta zer da liburuan erakusten duzuna?
Jarraitasun hori zer-nolako jendez izan den osatua. Eta jende hori nola bizi izan zen, eta zer-nolako helburuak izan zituen euskarari buruz, bizitzari buruz eta bizitzaren esparru askori buruz.

Antologia bat dela esan daiteke?
Hala da. Aukera bat dago hor, eta aukera guztiak bezala eztabaidatu daitekeena, baina jakina, liburu hau "Irutxulo" aldizkarian 1995-1997ra bitartean argitaratu nuen sail baten bilduma da. Guztira, 91 pertsona dira, gehi pertsona ez den ataltxo bat, nire ustez izen propioaren maila behar zuena: soka-muturra. Izan ere, orain dela ehun urte Udalak soka-muturra kentzea erabaki zuenean, Donostian ia-ia altxamendu bat izan zen.