argia.eus
INPRIMATU
EZ DA BERRIA
Joxemari Ostolaza 2002ko urriaren 27a
Ez da lehenengoa. Ez eta bakarra. Ezagutu dugu koadrilan ere, asmazio izugarriak egiten zituen lagunik. Harenak entzuten makina bat disimuluzko saio egina dugu zein aurpegikera jarri asmatu ezinik. Hamaika aldiz orduak eman ditugu harenak interpretatu ezinean, Laingen antipsikiatria manuala eta guzti. Haren fantasiazko burutazioak ulertu ezinean, "hau zeharo jota zegok" formularekin amaitu izan genituen gureak. Denboraz konprenitu genuen burutik eri zegoena ez zebilela gezurretan, eta haren ahoak botatako dena bere buruan zebilkiena zela. Bere buruaz beste egin zuenean, garaiz aski lagundu ez izanaren karga utzi zigun. Nonbait ingurua ez izorratzea xede, bere buruari egin zion min eta bakea. Eta gure lagunminen zerrendan du bere izena zizelkatua. Garbiketa etnikoa egozten diguna ez da eria. Bere asmazioz izorratu nahi gaituena, ez da eskizofreniaren mota bateren pekoa, laguntza psikiatrikoa behar duena. Hau, propio gaiztakeriaz dabilena dugu. Gizarte euskaldunaren aurkako garbiketa teknikoa gauzatu nahi lukeen hori, gaiztoa da. Arriskutsua oso, bere buruaz besteak zanpatzeko pronto. Eta gaizkile horren anparoan garbiketa teknikoaren etekinaz hornitzeko itxaropenaz bizi direnak, hobendunak. Gaiztoak, ez eriak