KONTRAINFORMAZIO TELEMATIKOA


2002ko urriaren 20an
Gure mugetatik at aspalditxokoa da Interneten arestian aipaturiko erabilera hori, "puntucom" uholde komertzialarena baino arinagokoa. Izan ere, lehenengo unibertsitateetako zientzialariek eta informatikariek erabili zuten sarea, geroago komunikabide txiki batzuk konturatzen hasi ziren haren erabilgarritasunaz. Sarearen bidez testuak, irudiak, bideoak eta soinuak heda daitezke, banaketa kosturik gabe eta mundu osora istant batean.

Ezaugarri horiek baliatzeko lehen ahaleginak AEBetan egin ziren. Burn! izeneko zerbitzariak 1995etik eskaintzen du informazio alternatiboa burn.ucsd.edu helbidean. Era berean, lehen fotokopietan banatzen ziren hainbat fanzine edizio elektronikora igaro da, webzine bihurtuta. Irrati libre, komunitario eta independente askok orain sarearen bidez emititzen dute baita ere. Aipagarriak izan dira Webactive.com edo Pacifica Radio (www.pacifica.org), edozein unetan entzun ditzakegun irratsaio alternatiboen aukera zabalarekin; baina egun edozeinen esku dago irratsaio bat sarean eskegitzea radio4all.net bezalako ekimenei esker.
Independentzia maila ezberdinak eta jarrera ezberdinak daude, AEBetan mezuari dagokionez komunikabide alternatibotzat jo ditzakegun hauen guztien artean. Guretzat antolaketarik bitxienetakoa duena alternet.org albistegiarena izan daiteke, telefonia enpresa pribatu aurrerakoi batek babestutako komunikabide independentea. Beste kasu bitxi bat dugu satelite bidez saio eta erreportaje alternatiboak emititzen zituen Free Speech TV katea, freespeech.org web gunearen bidez hasi zen bideo batzuk RealVideo formatuan eskaintzen. Adierazpen askatasuna, kontrol soziala, zapatistak, arrazakeria, feminismoa eta horrelako gaiak dira euren erreportajetan jorratzen direnak.

Chiapasetik irailaren 11ra.

Askok 1994ko urtarrilaren 1ean ezartzen dute kontrainformazio telematikoaren sorrera data. Mexikoko oihanetik mundu osora zabaldu zen orduan zapatisten mezua, posta elektronikoz eta web guneen bidez. EZLNren aldetik eta haien nazioarteko laguntzaileen aldetik tresna telematikoen erabilera eredugarria izan zen.
Geroago beste urrats garrantzitsu bat izan zen Indymediaren sorrera. Seattle hirian Munduko Merkataritza Erakundeak 1999an eginiko gailurraren aurkako protestaldien informazioa emateko eratu zuten Indymedia zentroa, kazetari eta ekintzaile batzuren artean. Unean uneko informazioa eman zuen, bideo erreportajeak, audio dokumentuak eta eguneroko bat Interneten bidez, ohiko telebista kateek erakusten zizkieten irudiez eta iruzkinez gain, benetan zer gertatzen ari zen jakin nahi zuten milaka internautaren arreta erakarriz. Arrakasta horren ondoren, sare autonomo eta deszentralizatua osatu da indymedia.org domeinupean eta tokian tokiko informazio guneak sortu dira kontinente guztietan.
Horren oihartzunari esker sareak kontrainformazioaren arloan dituen ahalmenez konturatzen hasi ziren asko. Botereak ere, garrantzi horretaz jabetuta, hainbat neurri hartu du, printzipioz kontrolagaitza den sare horretan kontrola ezartzeko asmoz. Iazko irailaren 11ko erasoen osteko uhin errepresiboak lagundu ditu neurri zentsuratzaile eta kontrolatzaileak. Gure komunikazioak zelatatzen dituen Echelon sarea eta FBIren Carnivore programa dira pribatutasunari eginiko erasorik handienak, Hotmail edo Yahoo! bezalako posta zerbitzari handien onespenarekin.
Adierazpen askatasunari, ordea, AEBetan baino gehiago Espainian eraso diote. Egunotan, urriaren 12an indarrean sartu den LSSI legearen arabera, Espainiako edozein internautaren sareko ibilerak erregistratuta geratuko dira urte birako, epaileek edo poliziek behar izanez gero eskura ditzaten. Edizioari dagokionez, berriz, komunikabideak ixteko eta bertan eskua sartzeko aukera izango du administrazioak kasu batzuetan. Azken hilabeteotan lege horren aurkako kanpaina egiten aritu den kriptopolis.com web gunea itxita ageri da egunotan. Arrazoia LSSIk ezarritako murrizpenetara egokitu beharra azaltzen du Jose Manuel Gomez editoreak. Legearen balorazioa ere egiten du Gomezek: «Errugabetasun printzipioa, eta intimitatearena urratzen dira internauten kasuan, adierazpen askatasuna editoreenean».

Batasuna.org zentsuratuta.

Sarea ez da guztiz zentsuragaitza, botereak kontrola neurri batean edo bestean ezartzeko modua baitu. LSSI indarrean sartu aurretik ere, berriki ikusi ahal izan dugu hori Batasuna alderdiaren web gunearen zentsura ahaleginean. Telefonica enpresaren bidez konektatzen diren milaka internautek euren nabigatzailean batasuna.org helbidea jarrita ez dute lortzen web gunea kargatzea. Web gunea sarean dago oraindik, baina enpresak bahea jarri du bertarako sarbidea oztopatuz.
Zentsura hori saihesteko modua Anonymizer.com izeneko web gunearen bidez konektatzea izan daiteke edo, zuzenago, www.batasuna.tk domeinua idatziz


BESTE HELBIDE BATZUK


www.nodo50.org/gaztekaria
www.eguzki.net
www.halabedi.org
www.sindominio.net/pititako

INDYMEDIA EUSKAL HERRIA
Gurean, informazio alternatiboaren beharra oso barneratuta eduki arren, teknika eta teknologia ez dira euskaldunokin lotuta egon. Badirudi ordea, euskaldunon teknofobia hori gainditzeko urratsak ematen ari garela, azkenekoa Indymedia sarearen euskal gunea sortzea izan da, basque.indymedia.org helbidean.

Bertako kide den Xare izeneko internautak azaldu digunez, berak eta Genoako gailurrean izan ziren «Hemen eta Munduan»eko beste kide batzuek egin zuten bertan Indymediakoekin kontaktua «ordenagailu piloa zegoen eta jendea sartu irtenean kamera digitalekin, denak informazioa sartzen ari ziren sarean, irrati pilo bat zeuden bertatik emititzen... Aurretik lan mordoa egina zutela konturatu ginen». Gerora, ideia hemen proposatu zuten eta, besteak beste, Eguzki Irratia, Hala Bedi, Gaztekaria bildu zen horren inguruan.
Berlinen, Europako bileran izan ostean Indymedian onartua izan zen euskal proiektua. Leioako hackmeeting-a (hackerren bilkura) baliatu zuten berau aurkezteko, ACP berri agentzia irekiaren eta Bartzelonako Indymediako jendearen ekarpenak hartzeko. Antolaketa horizontala, software librearen erabilera eta zentsura eza dira Indymediaren ezaugarri nagusiak. Eleaniztasuna ere badu euskal adarrak, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz jasotzen baititu informazioak.
Proiektuak «polemika gehiago sortuko zuela» uste zuen Xarek, eta askok erasotuko zutela, «baina dialektika aldetik kalitatea dago eztabaidetan». Euskal gatazkari dagokionez, «batzuek gure jarrera zein den argitzeko eskatzen digute eta gure jarrera funtzionatzeko modua da, ez gauza bat edo bestea defendatzea»


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude