KAFE ANTZOKIA DURANGON
Durangoko Berbaro elkarteak datorren urteko amaieran Kafe Antzokia zabalduko duela iragarrri du. Berau Euskal liburu eta Disko Azokaren egoitza berriarekin bat zabalduko da. Erakustazoka Ibaizabal poligonoan kokatuko da eta Kafe Antzokia Hiltegi Zaharrean eta haren ondoan egingo den eraikin berrian. Jantoki eta tabernaz gain, kultur ekitaldiak egiteko azpiegitura izango du. Azken hau burutzeko milioi bat euro bildu beharko ditu Berbarok.
EUSKARAREN KONTSEILUA OSATUTA
Euskararen dekretu berriari oniritzia emateko Euskararen Kontseilua osatzea beharrezkoa zen. Dagoeneko hautatu ditu UPNko gobernuak berari dagozkion 7 kideak eta horrek kritika ugari sortu ditu talde eta eragile euskaltzaleen artean; izan ere, hautatutako kideek euskararekiko duten harremana zalantzazkoa da eta dekretuak euskararen alorrean ospe onartuko pertsonak behar dutela izan dio.
EUSKALTEGIAK BIDERAGARRI BIHURTZEKO
Azken urteetan euskaltegietako matrikulak dezente jaitsi dira: iaz 38.000 izan ziren eta aurretik 40.000tik gora izaten ziren. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ezin izan du aurtengo aurrekontua onartu eta horrek diru estuasunak ekarri ditu. Hori guztiagatik Eusko Jaurlaritzak helduen euskalduntze eta alfabetatzearen bideragarritasun plana egingo du. Ikei enpresa arduratuko da lan horretaz, urte amaierarako egoeraren diagnosia egingo du eta plangintza otsailean. Iaz 121 zentro zeuden, euskaltegi publikoak, homologatuak eta libreak batuta, bost urte lehenago baino 30 gutxiago.
TOPAGUNEAREN EGOITZA BERRIA
Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak alegia, egoitza berria du. Abadiñoko Udalak eskainitako bulegoak utzi ditu eta berrietara joan da. Topaguneak 5. urteurrena betetzen du aurten eta berau ospatzeko ekitaldi ugari egingo dituela jakinarazi du.