argia.eus
INPRIMATU
WOLKSWAGEN ETA NAFARROA
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a

Kapitalismo gordina ez da iraganeko kontua, gaur egun ere bizirik dirau nahiz eta neoliberalismo hitzaz mozorrotuta egon. Kapitalismoak etekin handiena lortzen duen lekuan soilik inbertitzen du, bost axola zaizkio langileak eta haien eskubideak. Horretarako langileak kaleratu behar badira, kaleratu egingo ditu. Planta bat itxi behar bada, itxi egingo du. Ekoizpena beste lurralde batera edo beste zonalde batera aldatu behar bada, kostuak baxuagoak direlako, aldatu egingo da. Hori da Nafarroako Wolkswagenen gertatzen ari dena, baita Kataluniako Seat Ibizan ere, azken honetan Bartzelonako sekzioa Eslovakiara eraman nahi dute. Nafarroan ekoizpena murrizteko eta 500 langile kale gorrian uzteko asmoa dute; ondorioz, enpresa honen horniketan lan egiten duten beste zenbait enpresetan ere beste hainbeste gertatzea ekarriko luke. Nafarroako ekonomia hein handi batean automobil industriaren mende dagoenez, erabaki horrek ondorio latzak izango ditu. Dena den, erantzukizuna ez da multinazional alemanarena soilik, Nafarroako Gobernuarena ere bada, bere ekonomia dibertsifikatu beharrean multinazionalen menpe jartzen jardun du-eta luzaroan. Eta azken horiek, Nafarroako Gobernuaren eskutik dirutza izugarriak jasotzen dituzten horiek, euren etekin eta galeren arabera hartzen dituzte erabakiak. Eta horrela doakio nafar ekonomiari