Euskaldun gara eta anaiak, ez etsaiak" zioen Latxaga jaunak "36'ko gudaldian su-izkillatutako idazle gazteak" liburuaren aurkezpenean. Eta jakina da Euskerazaintzakoek ez dutela euskara batua batere maite, eta are gutxiago harekin batera datorren «h» hizkia, baina liburu hau Euskerazaintzako ez direnekin elkarlanean egin dute, eta euskara batuaz doaz hainbat lan, Mari Karmen Garmendia eta Latxagari Aretxabaletako giroa eta «Aitza»ren bizitza eta lanak plazaratzen lagundu diotenen idazlanak, kasu: alegia L. Peñak, J. Atxak, Antxia'tar Aitorrek eta Joxe Iñaxio Salaberriak egin dituztenak.
Euskerazaintza, 1978an Euskaltzaindiak deituta Arantzazun egin zen euskararen inguruko Batzarraren ondoren sortua dugu. "Hamar urte ziren euskera batua sortuta zegoela. Eta nik beti euskera batu hori alboratu egiten nuen, ez ikasi eta ez ikusi, ez nuelako ontzat hartzen, arrazoi batzuengatik, euskera batu bat egitea bera ere", adierazten zigun Euskerazaintzako buru den Olazar'tar Martinek.
Ez zen bakarra horrela pentsatzen, Kardaberaz taldearen inguruan zebiltzan ehun eta berrogeita hamar bat idazlek ere gauza bera uste omen baitzuten. Eta euskara batuaren aldekoekin konpontzeko erarik aurkitu ez zutenez, Arantzazuko Batzarra amaitu aurretxu, beraietako bat aurreratu, eta denen aurrean hauxe esan omen zuen: "Zuek herriko euskeraren alde lan egitea nahi ez baduzue, guk herriko euskerarentzat Akademia bat sortuko dugu, eta orduan izango dira akademia bi: Euskaltzaindia eta Euskerazaintza".
Esan eta egin. Baina gaur egun Euskerazaintzan dirua omen dago urri. "Euskaltzaindiak, ostera, dirua dauka oso ugari -dio Olazar'tar Martinek-. Berak eduki ditzake behar diren beste langile ordainduta, seguru eta guzti. Baina guk ez dugu langile bat ordaintzeko ere, eta lan guztiak borondatez egin behar ditugu. Larrialdi batean aurkitzen gara. Nik 75 urte dauzkat oraintxe, eta gazteena izan naiz, orain etorri dena iritsi arte".
Gehitu berri zaiena gaztetan jubilatutako laguntzaile on bat dute, "lan asko eta ondo" egiten dituena. Bestelakoan, Bizkaian eta Gipuzkoan dituzte bazkide gehienak. Eta Iparraldean, laguntzaile pare bat oso onak. Azken batean, aurrera doaz: hilero egiten omen dute batzarra, eta hartzen dituzten lanak ondo bete.
Pozik daude ere, "36'ko gudaldian su-izkillatutako idazle gazteak" liburua jaso duen jendearen esker ona jasotzen ari direlako. Dagoeneko Txillardegik, Gotzon Garatek, Endrike Knör-ek, Davantek, Lizundiak, Euskaltzaindiak, Pako Aristik eta beste hainbatek idatzi omen diete