Sindikatu eta patronalaren desadostasunengatik zenbait hilabetez Hobetuz blokeatuta egon ostean, azkenean aurreko astean egin zuten EAEko langileentzako etengabeko heziketa plangintzarako deialdia. ELA, LAB eta Confebaskek erabakia onetsi bazuten ere, CCOOk eta UGTk gogor gaitzetsi zuten. Sindikatuen arteko banaketa horren arrazoi nagusia INEMek, Eusko Jaurlaritzak eta Europar Funts Sozialak 2002rako etengabeko heziketarako eskainiko dituzten 27 milioi euroetan datza. Espainiako sindikatuak eta euren euskal sukurtsalek, Forcemen eredua jarraituz, funts horien %40a sindikatu eta enpresaburuek kudeatzearen aldekoak dira. Aitzitik, sindikatu abertzaleek eta Eusko Jaurlaritzak nahiago dute kudeaketa hori heziketaren kalitatea bermatuko duen modu profesionalizatu batean egitea. Izan ere, langile espainiarren etengabeko heziketaren kudeatzaile den Forcemen historian zenbait irregulartasun izan dira. Zenbait sindikatuk eta enpresaburuk azken honen funtsak euren buruak finantzatzeko erabili zituzten. EAEk aukeratutako formulak sindikatuen finantzaketa irregularra saihestuko du