argia.eus
INPRIMATU
Piscina
«Informatiboki salbuespen egoera batean bizi gara»
Pilar Iparragirre 2002ko irailaren 29a
Zeintzuk ziren ikerketaren helburu nagusiak?
Gai honek komunikabideetan duen presentzia neurtzea, hedabide eta politikarien arteko harremanak aztertzea, hala nola hedabideen eragina jendarteko iritzian, eta baita ere jakin nahi genuen herritarrok nola baloratzen dugun komunikabideek euskal gatazkaz ematen diguten iritzia. Horrez gain, hemen gertatzen ari dena Irlandako gatazkan gertatzen ari denarekin alderatu nahi genuen.


Zer-nolako ondorioak atera dituzue?

Askotxo dira. Euskal auzia benetan aparteko gertaera bat da. Nekez topa daitezke -Espainian ere- horrenbeste komunikabide gai bakar bati hainbesteko arreta, horrenbeste denboran eta gainera honelako ahots berdintasunarekin eskaintzen. Nabari-nabaria da Estatuaren egitura ukitzen duten gai horietako bat dela eta neurri handi batean horren ondorioa. Aztertu ditugun egunkarietan, lau egunetik hirutan gai hau agertzen da lehen orrialdean; hamar egunetik lautan gai nagusia da; eta editorialei dagokienez ere, hiru egunetik batean agertzen da gai gisa. Beraz, esan daiteke informatiboki salbuespen egoera batean bizi garela.

Hamaika egunkariren artean ba al da ezberdintasunik...
Noski. Eta liburuan agertzen diren ñabardurak garrantzitsuak diren arren, orokorrean esan dezaket prentsa konstituzionalistak antiterrorismo mediatikoaren dotrina bereganatu duela. Prentsa abertzaleak, berriz, bere txikitasunean -azken batean merkatuaren %21a baino ez du bereganatzen-, jokaera orekatuagoa eta heterogeneoagoa izan du, besteak beste informazio iturri gehiago erabili dituelako, nahiz eta garbi esan behar den ere gabezia nabarmenak izan, badituela, eta menpekotasun ideologikoak ere bai.