Baxenabarre: katerik gabeko lurraldea

  • Ofizialki Nafarroa Beherea deitzen dugun arren, bertako herritarrek, hots, baxenafarrek, Baxenafarroa, Baxe Nabarra edota Baxenabarre ere deitzen diote eskualde honi. Gaur egun, Baigorri, Garazi, Iholdi eta Amikuze kantonamenduek osatzen dute Nafarroa Beherea. Ipar Euskal Herriko beste bi lurraldeen -Zuberoako eta Lapurdiko- nortasun juridiko eta administratibo berberak ditu. Nafarroako Erresuma zaharreko seigarren merindadea da, alabaina. Horren lekuko historikoa, Paueko Nafarroako Parlamentuan dugu, Pirinio Atlantikoak departamenduaren Kontseilu Nagusiaren egoitza. Egun, alta, Ipar Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin batera, identitateko krisia eta egoera ekonomiko latza bizi ditu. Euskara desagertze prozesuan dago, laborantza apaltzen ari da. Gero eta jende gutxiago bizi da bertako herrisketan. Azken urteetan, Herrien Erkidegoak egiturak antolatzen ari dira. Dena beharko dute.


2002ko irailaren 29an
Amikuze eskualdean bildu ginen lau baxenabar gonbidatuekin, Izpura herriko Haize Berri kultur etxean. Lau solaskideetatik bi amikuztarrak dira, bat garaztarra eta Baigorri kantonamenduko azkaratarra bestea. Hiru erregioko nahiz departamenduko kontseilariak dira, laugarrena sindikalista da. Laurek dute zerbait komunean: beren herriko auzapeza izatea.


Nafarroa Beherea Nafarroako Erresumaren eskualde historikoa da, seigarren merindadea bezala ezagutua. Baxenafarrek ba al dute nafar izatearen kontzientzia, zuen ustez?

 

FRANTXUA MAITIA. Nafar izatearen kontzientzia tipia dago Baxenabarren. Egia erraiteko, gure gogoan ez da Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaia elkarrekin izan gineneko anitz zantzurik gelditzen. Hala ere, historian, mugaz bi aldeen arteko harremanak izan dira: Luzaide herriarekin, hasteko; Erro eta Baztan eskualdeekin...
Gaur egunean, adibide bat emateko, nihaurek Nafarroa eta Akitania erregioaren arteko harremanak kudeatzen ditut. Kutxa komun bat dugu, proiektu batzuk sortzen ari gara bi aldeetatik, eta hurbiltze gisako bat garatzen ari gara egunez egun. Ezin dezaket erran hemen nafar kontzientziarik sentitzen dela, baina Nafarroako bertze aldekoekin biltzeak beti ere laguntzen du kontzientzia hori berpizten. Bestalde, festa kari, gazteek uneak xerkatzen dituzte elkarrekin ibiltzeko, eta, menturaz, harreman horiek gero eta gehiago sakonduko dira.
JEAN-MICHEL GALANT. Ene partetik ere, erran dezaket nafar kontzientzia hori ez dela baitezpada sentitzen. Gure historian, antzinean, lotura estuak izan baziren ere, joan direneko bi mendeetan harremanak moztuak izan ziren, alimaleko muga altxatu zen mendien bi aldeetara. Harreman gutxi ukan dugu harrezkero. Alta, oraingo belaunaldi berriek harremana sustatu dute, jende multzo batek nahikaria badu harremanak sortzeko; bereziki kultur sailan. Nafarroaren Eguna dugu lekuko. Musika eta dantzaren bidez lagun arteko harreman onak landu dira. Nafar eta euskaldun agertzeko nahikaria badago, hots, kultur komun bat lantzeko gogoa.
SAUVER BACHO. Ados naiz, Frantxua eta Jean-Michelekin. Izan ere, kontzientzia hori ez da sentitzen, ez karriketan ez herrietan. Gainera, erran behar da ere, ez digutela gure historia sekula kontatu, hots, Espainia eta Frantziako estatuek eginiko bereizketa. Alta, Baxenafarroan gure historia gureganatzeko nahikaria bada, gure haurrei eta gazteei gure historia erakusteko nahia badago, eta gure lana ere hori egitea da. Nafarren arteko harremanak lantzeko historia ezagutu eta irakatsi behar da lehenik. Bi estatuek alimaleko muga ezarri zuten eta hura gainditzeko denbora luze beharko dugu, ahalegin handiak egin izanagatik ere.
BARTHELEMY AGERRE. Nafarroak badu bere historia, inportantea, eta, naski, ahantzia dena. Ahantzia erran nahi dut, ez baita biziberritzen. Guk Amikuzen hasteko, mugaz bestaldeko nafarrekin harremanak baditugu, Donapaleu herria urte guztiz joaten da Zangozara, jumelage edo herri parezkatzea egina baitugu. Uharte herriarekin ere, noizetik noizera, biltzen gara, eta bada nahikaria biltzeko. Komertzio pixka bat ere egiten da baxenafar eta nafarren artean. Nik, beraz, harremanen azkartzeko nahikaria badela sentitzen dut.


Jean-Michelek aipatu bezala, 25 urte beteko duen Nafarroaren Eguna ospatzen da Baigorrin urtero, apirilaren azken igandean. Zuek nola ezagutu edo bizi izan duzue jai egun hau?

 

 

J.M. Galant. Lehen urtean zailtasunak izan zirela oroitzen naiz. Herritarrek, oro har, eta kultur munduko jendeek bereziki, oso gaizki bizi izan zuten lehen ospakizuna, Baigorriko Herriko Etxeak ez zituelako begi onez ikusi harreman berri horiek. Gazteek oso festa ederra antolatzeko gogoa agertu zuten, baina lekuko hautetsiek ahalak eta bi egin zituzten eguna ospa ez zedin, eguna hausteko funtsean. Eguna, ordea, biziki ontsa pasa zen, eta urtetik urtera, emeki-emeki, Herriko Etxearekiko harreman dorpe horiek gainditu dira. Gaur egun, egia erran, lagun bakar batzuek baino ez dute sostengatzen festa hau. Jai egun honek laguntza eta oihartzun gehiago merezi luke administrazioaren aldetik. Nafarren arteko harremanak sendotzeko bide ona liteke.
F. Maitia. Gauza guztietan gertatzen da hori. Katiximan erakutsi bekatu orijinala bezala sortu zen ere Nafarroaren Eguna, tatxa edo orban gisako bat ukan balu bezala. Egun, ordea, bekatu kontzeptu hori sobera handi da, gure espirituetatik ikusirik bederen; orain gauzak hobekiago daude. Hasieran, anitz jendeen aldetik hoztasun gisako bat sentitzen zen, egun festa ederra egiteko parada da. Nafarroa eta Akitaniako Kutxaren bitartez agerraldi egun hau diruz lagundu dugu zenbait urtez, eta ez hori bakarrik, laborantza eta mendiko basoei buruzko proiektu komunak ere lantzen ditugu nafarren artean.
B. Agerre. Jean-Michelek erran du nekez partitu zela Nafarroaren Eguna, ados, baina gaurrera jinik, egun inportante bilakatu da, eta hor da baxenafar eta nafarren elkarretaratzeko xantza hori.


Euskal Herria, Nafarroa, Frantziako Errepublika, eta honen barnean: Akitaniako erregioa eta Pirinio Atlantikoak departamendua. Europa eraikitzen ari den honetan, nola ulertzen duzue herritartasun kontzeptua zuen eskualdean? Zein da hiritartasuna edo «Citoyenneté» delakoari buruzko zuen ikusmoldea, beste gisa batez galdetua.

 

 

J.M. Galant. Herritartasun kontzeptua sekula baino gehiago gogoetatu behar dugu, globalizazio mundu batean sartzen ari baikara. Testuinguru honetan gure nortasuna atxikitzen ikasi behar dugu, gure erroak eta berezitasunak era sano eta objektibo batez aitzina eramateko. Egun, konparazione, nekez bada ere, laborantza sailean hainbeste gazte engaiatzen bada, gure lurrari eta etxaldeari atxikiak segitu nahi dutelakoa da. Zentzu honetan, laborantza atxikitzen den heinean gure euskaldun izatea eta gure herritartasuna atxikiko ditugu, bestela, oso nekez.
F. Maitia. Gauza konplikatua da herritartasuna, hiritartasuna edo æcitoyennetéÆ delakoa gure artean. Gure iraganean nortasun bakar bat izatea gauza normala izan zen, eta gure espiritua horrela moldatu zen. Geroztik aski garbiki agertzen denez, anitz nortasunez jabetu gara, ez bakarrik nortasun batez. Bat, bi, hiru nortasunez osatuak gara.
Europa norabide honetan eraikitzen ari gara, besteak beste, gure herrialdeetan bakea nahi dugulako. Bakearen egiteko, alta, besteekin gurutzatu behar dugu, besteen hoberena hartuz eta gure hoberena haiei emanez. Ahalegin horretan, menturaz, gure erroak, gure mintzaira eta izaera salbatu eta biziaraziko ditugu. Izan gaitezen frantses, espainol, aleman edo ingeles, poliki-poliki, normalizazio demokratiko bat egiten ari gara eta gaurko æcitoyennetéÆ hori, heldu diren urteetan bertze modu batez egina izanen da, naski. Europa eraikitzean demokrazia bizitzeko molde bera lantzen ari gara. Beraz, egin dezagun Europa eta atxiki ditzagun gure erroak, eta mementoz, gure Errepublikak berauek zain ditzala.
S. Bacho. Afera hau ez da aise tratatzea, ez. Hala ere, galdera horri arrapostua bi partetan emanen diot. Lehenik, Euskal Herria mundura zabaltzeko, gure erroak ontsa landu behar ditugu geure lurrean. Eta horretarako, gure kultura nahiz ekonomia landu behar ditugu. Bigarrenik, citoyenneté edo hiritartasunari buruz bi gauza: hemengo jendeek gazteekiko lana eta ardura gure gain hartu behar dugu. Mezu hau helarazi behar zaie: gauzak ez dira jainkoak eginak bezala ikusi behar, gauzak aldatzen ahal dira, aldagarriak dira.
Maleruski, Euskal Herrian, hein batean, gauzak ez dira horrela erakutsiak izan, hemengo notabilismoak eta klientelismoak garrantzia izugarria ukan du ardura horretan. Eta hori aldatu behar da. Hau da, hautetsiak ez dugu politikaren prozedurak bideratzeko bakarrik lan egin behar. Hautetsiok gure gazteriari bereziki, beste argitasun bat eskaini behar diogu politikaz, ekonomiaz eta kulturaz arduratu dadin.
Hitzek obrak ekarrri behar dituzte, eta horretan sartzen ditut Euskal Herriak behar eta merezi dituen instituzioak. Baxenafarroak -Ipar Euskal Herriaren barnean- bere instituzioa behar du: bere departamendua. Departamenduak ez ditu zailtasun oro konponduko, baina instituzio honen bidez Baxenafarroak beste eskualdeekin harremanak gauzatzeko aukera ukanen du. Herritartasuna eta hiritartasuna honen barnean sartzen dut. Politikariek garbi mintzatu behar dute, bestela Euskal Herriak zailtasunak izanen ditu geroan. Gauzak ez badira fite eta klarki egiten, bihar are zailago izanen dira oraino.
B. Agerre. Baxenafarroan eta Nafarroan, oro har, erroak biziki barnean ditugu eta izanen ditugu, eta Europaren eraikuntzak lagunduko ditu erro horien azkartzen. Gauzei kasu eman behar zaiela diozue zuek, baiki, hori hautetsien ardura da, dudarik gabe. Lan franko egiteko badugu. Ene kezka da lengoaia galtzen ari dela, baina ez da jendearen ardura eskasez. Jendeak Ikastola, AEK eta eskola publikoaren bidez atxiki nahi du euskara, baina, ene gustuko, aita-amak ez dira aski arduratzen lengoaiaren transmisioaz. Baina, hemen bizitzeko nahikaria badago.


Euskara ukan duzue hizpide. Azken inkestek erakusten dutenez Euskal Herria osoan ez da euskararen iraupena ziurtatua eta Ipar Euskal Herrian are egoera larriagoan dago. Nafarroa Beherean euskararen beherakada izugarria da. Errekuperazio prozesuan sartu nahian ere, gibelera doa, ezin aitzina eginik. Alta, bada, Frantziako Estatuan euskara ez da ofiziala.

 

 

S. Bacho. Herritarrek euskara salbatzeko bitartekoak ezarri zituzten hemen: Ikastolak eta Gau-eskolak, baita eskola publikoan nahiz pribatuan elkarteak antolatu ere. Hauek, emeki-emeki aitzina joan dira eta instituzioek hori kontuan hartu dute, baina arrunt emeki, arras emeki. Orduan, gako batzuk jauzarazi behar dira, bereziki Frantziako Errepublikaren Konstituzioaren 2. artikulua. Hemen, Errepublikako lengoaia frantsesa da, nagusi eta bakarra. Artikulu horri buruz aski mintzatu da, baina ez da aldatzen. Berriki, Frantziako parlamentua eta senatua hautatuak izan dira, hirutarik bi behar litezke konstituzioa aldatzeko. Baina ez gara hein horretan, eta are gutxiago heldu diren bost urteetan. Eta auzi eta arazo hori gainditzen ez den bitartean ez dugu aldaketarik ukanen. Gauza batzuk egin dira, baina artikulu hori aldatu gabe euskarak ez du etorkizunik.
Herritarrek euskararen auzia biziki aitzinarazi dute, baina orain beste jauzi bat eman behar da, instituzioak ez dira aski garatuak horren alde. Barthelemyk erraiten du etxekoek behar dutela euskara mintzatu. Ados. Etxekoek ez badute egiten? Baina, baldin euskara badakiten! Ez duzu uste? Euskararen beherakada gelditu nahi badugu, frantses estatuak bitartekoak ezarri eta legea aldatu behar ditu.
F. Maitia. Ofizialtasun bat ez izanik ere, estatuko instituzio publikoak hainbat gauza egiten ari dira. Hezkuntza Nazionalaren lana hor da: ikasturte honetan 14 gela elebidun berri irekiak izan dira. Anartean, Lionel Jospinek Eurokarta sinatu zuen, baina Jacques Chiracek ukatu zuen eta kartan agertzen ziren hizkuntz gutxituei ofizialtasuna ukatu izan zaie Frantzian. Hala ere, hemengo instituzioek, Akitaniako eta Pirinio Atlantikoetako Kontseiluek estatuarekin politika bat kudeatzen dute, Hitzarmen Bereziaren bidez obratzen ari dena. Hizkuntza Kontseilua sortu eta euskarari buruzko kezkak aztertzen ari dira. Beraz, nahiz euskara ofiziala ez izan, eremu instituzionalean aurreratzen ari da. Egia erraiteko, bereziki, mugimendu sozialaren lanari esker. Heldu diren urteetan fruituak ikusiko dira. Egia ere bada, Errepublikako legeak aldaketa bat behar duela, eta partikularzki Frantziak Eurokarta sinatu beharko luke Europako beste erresumekin bat egiteko mintzaira gutxituei dagokionean.
J.M. Galant. Hizkuntza mailan badago diferentzia bat Hegoaldean eta Iparraldean. Hegoaldean euskara goiti doa, azkartuz doa, salbatua dela ezin erranik ere, baina Iparraldean beheiti ari da, eta horretan politikak badu bere funtsa, dudarik gabe. Iparraldean gauzak erdizka egiten direla uste dut, erdizka, erran nahi baita, itxura ematen zaiola arazoari. Euskara salbatu nahi da, baina errealitatean jendearen kexuei eta kezkei arrapostu doi-doia ematen zaie, afera lainotzeko gisan-edo.
Egia da, anitz egitura sortu da euskararen berreskuratzeko, baina euskara gibelka ari da eta barnealdean hil zorian dela onartu behar da. Nik ene seme-alabak Ikastolan ukan ditut, eta egun lagunak falta dituzte euskaraz solasean aritzeko. Lagunak erdaldunak baldin badituzu adin horretan, euskara ahantzi edo herdoiltzen zaizu. Hori erranik, gazte gero eta gutxiago dira barnealde honetan, eta heldu diren gazteak, erdaldunak dira; gero eta euskaradun gutxiago dago. Laster Baionan gehiago mintzatuko da euskaraz Garazin baino, euskarak gehiago iraunen du hirietan kanpainan baino.
Gauzak ezin dira erdizka egin, eta hautetsiek izugarrizko errespontsabilitatea dugu horretan. Hitzarmen Berezia sinatu da eta Hizkuntza Kontseilua hor dago, baina horiek Euskal Herriko hautetsiek goraki eskatu dutelako sortu dira. Frantziako Gobernuak, funtsean, esperientzia gisa onartu izan ditu ekimen hauek. Hizkuntza nahiz beste alorretan esperientzia gisa baliatuak gara euskaldunak.
B. Agerre. Lengoaia egiazko problema bat da, baina lege batek ez du hori aldatuko, ezta Frantziako legeak ere. Jean-Michelek erraiten du hautetsiek borondatea erakutsi behar dutela euskararen alde egiteko, alta, anitz gauza egin dugu hemen eta gainontzeko probintzietan. Irratiak hor daude, elkarretaratzen bagara gauza gehiago eginen dugu. Hautetsien aldetik zinezko borondatea dela uste dut, baina borondate falta da familietan. Ni ohartu naiz kanpotik heldu den jendeak euskara ikasi nahi duela, baina hemengoek ez dute beren buruan hori sartua, buruan ez badute ukaten zaila izanen da. Ene ustez, jendeak euskara ikasi nahi badu, bitartekoak eta sosak emanen izanen direla, ez da arazorik izanen.
S. Bacho. Arberatzeko Herriko Etxean euskara sarrerazteko kanpaina inportante bat sustatzen ari gara, ez dugu esperientzia handirik, baina, emeki-emeki bada ere, kanpaina abiatu dugu. Izan ere, euskara emeki-emeki sartu behar da Herriko Etxeetan, jende frankok ez baitaki euskaraz, aitzinatzeko txostenak landu behar dira. Udaleko akta ofizialetan euskara sartu nahi dugu, ezkontza agiriak, kasu. Aurten, herrian ezkontza bat egin dugu euskaraz, alta, administrazioan agertua izan dadin bi lengoaietan egin behar da. Borondatez, baina jendeari inposatu gabe, akordioen bidez egin behar da aitzina. Bitartekoak baitezpadakoak dira, idazkaria euskalduna behar da, txostenak osatzen dituztenek euskara ezagutu behar dute, eta beti ez da aise. Frantsesez egiten usatuak gara eta gure buruak emeki-emeki frantsesez pentsatzen du, ez da aise beti gure buruak euskaraz pentsa dezan. Horregatik, biziki garrantzitsua da legea aldatzea, Frantzian, hizkuntza gutxituen kasua damugarria da. Konparazione, hor dago 35 oreneko lanaren legea. Lege batek ez zituela gauzak aldatzeko balio erraiten zen, baina zerk aldarazten ditu gauzak funtsean? Bada, lege batek. Izan ere, herriak gauzak aitzinarazten ditu, baina gero lege batek gauza horiek ofizialki ezagutu behar ditu. Finean, gure nahiak eta gogoak lege batek bakarrik ezarriko ditu plantan. Frantzian gauza batzuk aldatu nahi baldin badira, populazioari dagozkion gauzak partikularzki, estatuaren iritzia eta jarrera baitezpadakoak dira.
F. Maitia. Ez dugu aipatu gure mintzairari buruzko guztia. Ofizialtasuna aipatu dugu, eta, egia da, ofizialtasun ezak gauzak lainotzen ditu, hots, gauza bat ofiziala edo legeztatua ez delarik, ahula eta herabe agertzen da. Ofizialtasunak ainitz gauza ekartzen du. Ados naiz, Barthelemyk erraiten duelarik, familietan indarra behar dela mintzaira bat atxikitzeko, baina nola zabaldu familietan hizkuntzarekiko nahikaria. Alta, ofizialtasunak lagundu lezake kanpainen bitartez æmintzaira gutxituak ez du bestea trabatzen, bi mintzairek elkar sustatzen ahal dute, bien erabiltzea abantaila daÆ, erranez.
Kultura ere sostengatu behar da, ez da aski euskara bakarrik laguntzea, ekimen kulturalak sostengatu behar dira aldi batez: hala nola, antzerkia, musika, dantza eta arte plastikoak. Mintzaira bat atxikitzeko, ingurua antolatu eta girotu behar da. Euskaraz lantzen diren ekimenak manera berezi batez sustatu behar dira. Instituzioek garbiki atxiki behar dituzte ekinmolde horiek, bestela behera etorriko dira.


Hitzarmen Berezia aipatu duzue. Berean, kulturari buruzko atala da gutxien garatu dena. Kultur elkarteek -Garazikus edota Haize Berri, kasu- ez dute beren geroa argi ikusten, ez dute konfiantzarik oraingo egituretan. Euskal kulturak ez omen du pisu aski beraietan.

 

 

S. Bacho. Izurako Haize Berrin bildu gara, eta hemen buruturiko azken biltzar nagusian arrenkura hori garbiki agertu zen. Etxe hauek duela 20 urte abiatu ziren eta nolabaiteko akidura bada. Barnealdean bereziki, inportantea da, berriz ere, kultur etxeak nola arraberritu daitezkeen azter dezagun. Itsasaldean eta barnealdean ez baititugu gauzak berdin ikusten kultur alorrean. Konparazione, guk ikuskizunentzako gela edo aretoak galde egiten ditugu -Izpuran Faustine Bentaberri sala badute, guk Amikuzen ez dugu xantza hori-. Hemengo gazteek itsasaldeko edo hirietako gazteek dituzten bergauzak izan ditzaten nahi badugu, baitezpadakoa da eskaera honi erantzutea. Gelen beharra dago, eta aldi berean, berauek animatzeko bitartekoak finkatu behar dira, hau da, nork eginen duen, sosa nondik jinen den, eta zer kontrolarekin. Herritarrek jakin behar dute nola heldu diren bitarteko horiek -estatu eta kontseiluetatik, bereziki- eta horretarako gogoeta bat burutu behar da barnealdeko kultur etxeetan.
F. Maitia. Gogoeta bat? Ados. Hemen kultura, kultur etxe eta elkarteen bidez egina izan da, eta, elkarrekin juntatzean, bizitzeko plazerra xerkatzen genuen. Lehen, hori izan da hemengo kulturaren motorea. Baina, orain, kulturaren eremuan jite berri bat ari da zabaltzen: kultura zerbitzu publiko bat da. Neurri berriak hartu behar dira, eta funtsean, kulturak instituzioen sostenguaren beharra dauka. Partikularzki, sorkuntza bat delarik -dantza, musika, antzerki eta arte plastikoak- instituzioen eta elkarteen arteko akordioak behar dira sinatu, hartara, kultur etxeek zerbitzu publikoaren neurriak zabal ditzaten gizarte osora. Ideia honekin abiarazi dugu Garazin Garazikus elkartea, zerbitzu publikoaren misioa eman diogu. Akitania, departamendua eta estatua, zenbait helburu finkaturik, norabide horretan ari dira lanean. Guk, hautetsi bezala, gauzak ongi egin eta sosak ongi banatuak izan daitezen nahi dugu. Egia da, kulturari ez zaio aski ematen, eta gure nortasuna aberasteko eta kulturaren bitartekoak indartzeko inbertsioak egin behar dira.
J.M. Galant. Frantxuak kultura zerbitzu publiko gisa aipatu du, eta ados nago. Barnealdean jende kopurua ari da tipitzen, gero eta gazte gutxiago izanik, gero eta nekezago sustatzen dira kultur ekimenak. Duela 25 urte, urtero, Kultur Asteak egiten ziren ia kantonamendu guztietan. Haien ondorioz sortu ziren kultur etxe hauek, Eihartzea Hazparnen, Haize Berri Amikuzen, Ühaitza Zuberoan. Baina, emeki-emeki akitzen ari dira. Ia jende bera da beti, orduan gutxi ginen eta orain gutxiago dira.
Nik ere zerbitzu publikoa beharrezkoa ikusten dut, eta gainera, barnealdeko egitura hauek itsasaldean baino gehiago lagundu behar dira. Eskualde hau berezia da eta laguntza moldea berezia behar du, ezen eta kulturaren sustapenak ere bizia ekarriko baitu barnealdera. Gazteak kostaldera joaten dira, ez baitira kultur ekimen eta agerraldi nahikoak. Herriko Etxeek hori ere kontuan hartu behar dute.
B. Agerre. Kultura biziki inportantea da. Nire gustuko ez da gela edo sos falta hala ere, makurra ez da horretatik heldu. Ni tipia nintzelarik herri guztietan antzerkiak egiten ziren, euskaraz. Bertsolariak ere ekartzen ziren, gure berezitasun bat zen eta da, baina, horiek oro egun galtzen ari dira. Eta ez dut uste sosa ezarririk jendearen borondatea emendatuko denik. Ni gazte nintzelarik bertsolariei beha egoten nintzen, eta antzerkiari berdin. Egun zerbait egiten da, baina gutxi. Gaur egun ez da gehiago bertsolaririk, eta ez da sosa eskasez. Antzerkia laborari etxeetan egiten zen, ganberatan edo zelaietan, ez zen gelarik, eta orduko hautetsiek ez zuten guhaurek baino borondate gehiago euskararen ezagutarazteko, baina jendeak gogoa bazuen. Orduan, zer egin behar da jendeen pentsamoldea aldatzeko?


Herrien Arteko Erkidegoak (Communauté de Communes) hizpide. Frantziako Gobernuak orain urte batzuk herrien antolaketarako lege berria sortu zuen kari honetara. Zein da legeaz eta egin molde honetaz duzuen iritzia?

 

 

B. Agerre. Gure eskualdeko herriak tipiak izaki, Herriko Etxeko kontseiluak, Departamenduko Kontseilu Nagusiak eta Akitania erregioko Kontseilua ukan ditugu, eta, orain, berriz, Herrien Arteko Elkargoak sortzen ari dira. Beraz, ene ustez, zerbait soberakin bada (Gainontzeko solaskideek irri egiten dute).


Zer da soberan?

 

 

Ene gustuko, departamendua. Departamendua, Akitania, Estatua eta Europako instituzioak ditugu. Nik ez dut ontsa ikusten egituraketa hau, departamenduetako Kontseilu Nagusiak soberakin daude. Akitaniako Kontseilutik berdin kudea liteke gure lurraldea. Europa eta estatuaren artean ere, bada soberakinik, botere egitura sobera. Europak bere gobernua eta presidentea behar du, teknokraten esku kudeatzen utzi gabe. Halaber, Frantziako Estatuaren boterea tipitzearen aldekoa naiz, departamenduak kendu eta erregioak sustatzearen aldekoa.
Bestalde, Herrien Elkargoak arrunt inportanteak dira egungo bizimoldearentzat, herriek berek, bakoitzak bere aldetik, egin ezin duten hainbat gauza egin ahalko dutelako, kantonamenduz kantonamendu inbertsio molde berriak sortuko dituzte. Gisa horretara, bizia atxikiko dugu gure eskualdean. Konparazione, hiri handietan dauden zerbitzuak nahi ditugu hemen, baina ahalaz, herriak deuseztatu gabe. Herriak beren gauzetaz arduraratzen dira, edozein gauza tipiaz kontzientzia hartzen dute eta ahaleginak egiten dituzten bizia atxikitzeko. Garruze herria azken 30 urteetan Donapaleuri lotua izan da, anartean ez dute deusik egin, etxeak eta etxeak eraiki besterik ez. Independentzia hartu duenez geroztik, beste gisa batez ari da antolatzen Garruze. Horrek erakusten du dena ezin dela ere Herrien Elkargoaren bidez egin, herri mailan egin ezin direnak egitea ongi da, baina herria ere atxiki behar da. Jendea zerbitzu publikoaz interesatua izan dadin, solidaritatea funtsekoa da, eta bien arteko junta bat atxiki behar da.
S. Bacho. Herrien Erkidegoek gauza inportanteak egin ditzakete ekonomia eta zerbitzuen alorrean, baita belaunaldi berrien sustatzeko ezarri behar diren bitartekoak garatzeko ere. Argi da, egun gure herri tipiek ez dute beren gisara hori egiten ahal, baina Herrien Elkargoen bidez hori egin daiteke. Denak ados gara horretan, nik uste. Herriek beren nortasuna gorde behar dute, eta, aldi berean, bestekin zenbait gauza trukatu eta konpartitu ere bai. Amikuzen laborari ez direnak laborariak direnak baino gehiago dira, erran nahi baita, egitura soziologikoa arrunt aldatu dela, eta kanpotik heldu den jendearen arima bildu behar dugula. Baitezpadakoa da herri tipiek jende hori integratzea.
Bestalde, Barthelemyk hartu du politikaren bidea eta Departamenduetako Kontseilu Nagusiak jauzarazi nahi ditu, iduriz (irriak). Jean-Jacques Laserre, departamenduko egungo presidentea Barthelemyren adiskidea da. Presidentea ez zelarik usu erraiten zuen, Kontseilu Nagusia ez zela aski hornitzen eta indartu behar zela. Bere azkeneko aldizkarian dioenez, departamenduko egitura baitezpadakoa da. Bego horretan.
Oixtian, hiritartasuna aipatu dugu eta hori, emeki-emeki, logika eta koherentzia baten bidez gauzatu daiteke. Ene ustez departamenduak badu bere funtsa. Zuk, Barthelemy, erregioaren egitura lehenesten duzu. Akitania mailan egiten den politika ez dut sobera ezagutzen, alta, CFDT-en bidez usu joan izan naiz erregioaren barrena, eta galdetu dut: «Akitaniak ba al du arimarik?». Ez zait iruditu. Dordonian eta hemen, kasu, arrenkura berak izan ditzakegu zenbait gauzetan, baina, funtsean, ez ditugu arima eta gauzak ikusteko molde bera ere. Departamenduak badu hurbiltasun bat eta hautetsi frankok departamendu berri bat nahi dugu Euskal Herriarentzat. Euskal Herriko departamenduak ekonomia, azpiegitura eta kultura elkarretaratzen ahal ditu, eta Herrien Elkargoek lagundu dezakete hori bideratzen.
F. Maitia. Herrien Elkargoek garrantzia handia hartuko dutelakoan nago, partikularzki ekonomia mailan, sail horretatik sortzen ari baitira. Akitaniako Lurralde Kontseiluak konpetentziak ditu ekomomia mailan, baina ez du lehentasunik departamenduko hainbat gauzetan. Kanpaina husten eta herri handiek beren indarrak zabaltzen dituztela ohartzen ari gara. Jendearen arrenkura eskualde berean lan egitea eta bizitzea da. Herri handiek indar izugarria dute, zergen diru parte handiena hiri handietan sartzen da, eta enpresak eta bastimenduak eginez sortzen dute enplegua. Herri handiak aberatsak ziren eta are gehiago aberasten ari dira. Ekonomiaren abantailez baliatuz, herri txikietako jendeak biltzen dituzte eta kanpaina hustu. Departamenduek bilakaera hori zuzentzeko aukera dute, nolabait, Akitaniako Kontseiluak ere, baina ez dute egiten. Herri tipiek ezin izan diote horri aitzi egin, eta orain, Herrien Elkargoa gure eremu tipietara enplegua ekartzeko entsegu bat da; jendea hemen bizi eta emendatu dadin. Aski indar izanen ote dugu?
Egitura soberakinik ote denentz? Ezin uka egitura asko direla, eta administrazioa gero eta konplikatuagoa dela. Egia da, zenbaitetan, herritarrak galduak dira hainbeste egituren artean. Baina, herritarrei ontsa esplikatzen badiegu, Herrien Elkargoak funtsezko egiturak izanen dira. Egitura bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta ororen buru, bakoitzak berea atxiki nahi du, baina, halaber, bakoitzak bere berezitasunak zaindu ditzake eta bestearenak aberasten lagundu. Atxikitzen ahalko ditugu luzaz denak? Herritarrak egitura horien arteko loturaren beharrez ohartuz joanen dira, naski, baina emeki-emeki, sobera estutu gabe aritu behar dugu. Herritarrek ahalegin hori eginen duten ala ez, egiturak lagunduko dituzten edo ez? Eztabaida eta lan horretan ari gara.
J.M. Galant. Herrien Elkargoez ene iritzia baikorra da, orain arte egin diren gauzak onak izan dira, bereziki gureak bezalako eskualdeentzat, ezen eta elkargo hauen lehen helburuetarik bat ekonomia garatzea baita. Egungo gauza ezkorrenetarik bat, jendearen hiritartzea da, hirietan baizik ez da biziko jendea, eta gurea bezalako eskualdeetan herriek ez dute gehiago indarrik ekonomia antolatzeko. Ekonomian diruak manatzen du eta sail honetan nahi badugu aitzina egin, nahikari berri bat landu behar dugu diru guztia ez dadin hirira joan. Herrien Elkargoak funtsezko ekimenak dira horretarako. Hasteko, herri tipiak elkarrekin eztabaidatzen ari dira beren geroaz, elkarrekin gogoetatzen eta partekatzen ari gara gure geroari buruz, gure parioak edo erronkak zein diren ikusiz.
Herri tipiak desagertuko ote diren arrankura dago egun. Egia da, herri bakoitzaren nortasuna atxiki behar da, gure urguilua, baina zerendako? Nik, nihauren herrian (Azkaraten), geroari buruz zer egiteko kapable garen galdatzen dut sarritan, eta ahulak garela ohartzen naiz, ez dugu aski indarrik ekonomia atxikitzeko. Urguilua behar da, egia da, gure nortasuna atxiki behar dugu herrian, baina hori eskualdeko herrien arteko lagunartean baizik ez dugu eginen, ez dugu beste gisa batez egiten ahal. Garazi-Baigorri eskualdeetako Herrien Elkargoan sartu 30 herri horiek, herri mugakideak izatearen berezitasuna dute, eta anitz puntuetatik berezitasun hori landu behar dugu.
Bestalde, Euskal Herriko Garapen Kontseiluak bost eremutan bereizi du Ipar Euskal Herria. Ez dakigu ziur zer bilatzen ari den, baina, ene ustez, departamendu berri bat xerkatzen ari da kantonameduen arteko hurbiltasuna medio. Arrapostu on bat ekar lezake. Alde horretatik, itxaropen pixka bat ere badut hiritartzeari buruzko aferan. Hiritartze horrek bere muga aurkituko duela espero dut. Gure eskualdeetako ingurugiroa eta biziaren kalitatea (aski baloratzen ez duguna, naski) baliatu behar ditugu. Gaur egun, teknologien bitartez, boterean daudenek badute aukera berri bat eskualde hauek biziberritzeko, lur antolaketa berri bat egiteko. Herrien Elkargoek joko ona ematea espero dut, eta Baigorri-Garazi Elkargoa zabalduz joanen dela, eta Iholdi kantonamendua ere gure partaide izatea. Era berean, Amikuzekoaren interes berberak ditugunez, lur antolaketan erantzun orokor bat eman genezake.
F. Maitia. Ez uste ukan, hala ere, besteek beren gogoan dutela gu laguntzea, hots, beste instituzioek, beste eskualdeek. Horregatik, gure geroa guk hartu behar dugu gure gain, eta lehian aritu. Eman dezagun, BAM distrituak enpresa bat hartzen ahal duela Baiona inguruan, ez du utziko Garazin plantatzen, eta Zuberoako Herrien Elkargoak ere ez du utziko Donepaulera enpresa bat etortzen. Konkurrentzia eta lehia handia dago, eta azkarrak izateko elkartu behar dugu.
Konparazionea, Akitania nahiz Pirinio Atlantikoetako kontseilu nagusiek lur antolaketan anitz zuten egiteko gure kantonamenduetan, baina ez dute lan hori egin. Hortakotz, orain gure indarra eta nahikaria erakutsi behar dugu gure hurbileko gizartea defenditzeko, eta behar diren diru laguntzak eskuratu Herrien Elkargoak laguntzeko.
B. Agerre. Frantxuak eta Jean-Michelek erraiten dute Herrien Elkargo hauek ekonomia azkartzeko direla, bistan da. Eta inportanteak dira, baina Herrien Elkargoek ez dute ekonomiaren alde gauza handirik egiten ahal. Ekonomia gordinaz ari naiz. Zergatik ez dira heldu enpresak gure eskualdeetara? Baditugu lurrak, eta laguntzak ere bai, lurra hirietan baino merkeago da. Bideak falta dira, ordea. Departamenduaren esku dago horren egitea. Eta falta dira familien atxikitzeko zerbitzuak. Elkarte hauek ekonomia sustatzekoak dira, baina ez zuzenki arduratzeko. Eskualde hauetan herri interesgarriak daude bizitzeko, baina jendeak ez du hona heldu nahi, ez baititu hirietan dauden zerbitzuak atzematen: hala nola zinemak eta kultur guneak, mediatekak eta liburutegiak. Herrien Elkargoek horretan bai ekartzen ahal dutela zerbait. Herrigune bat egin liteke hiri handietako zerbitzu berak ezartzeko.
S. Bacho. Gure herriak soziologikoki arrunt aldatu dira azken hogei urteetatik gaurrera, laborantzan partikularzki. Laborariak galdu dira eta beste jende batzuk heldu dira eskualdeetara. Duela hogei urte ez bezala bi jende mota daude. Badago erretretan sartu diren anitz, bestalde gazteak daude, eta bi jende multzo hauek elkarretaratu behar dira zerbitzuen inguruan. Gazteak behar ditugu zaindu eta giroa sustatu, baita pentsamolde batzuk aldatu ere. Erran nahi baita, ezin dugu bakoitza geure bunkerrean gelditu. Jende berri hori onartu behar dugu, baina, ez haiek nagusi izan daitezen, baizik eta gure herrietako problematika gurekin batera ezagutuz, lan eta bizi daitezen.
Badago haustura bat hautetsi eta gazteen artean, hori klarki erran behar da. Kari horretara, Amikuzeko gazteriak Gaztetxe bat eskatu du, eta ari gara lanean berau plantatzeko. Hau da, gazteekin batera lan egin behar dugu, kulturan, kirolean zein ekonomia mailan. Keinu bat helarazi behar diegu gazteei gure herrietan geldi daitezen.
F. Maitia. Oixtian, ekonomiari lehentasuna eman behar zaiola erran dut, ekonomiak beste sailak mugitzen baititu. Barthelemyk zerbitzu saila azkartu behar dela erran du. Ados. Horregatik sortu dugu Garaziko Lizeoa, kasu. Lehen, usaian, gure eskualdeetako gazteak kostaldera joaten ziren. Baina, hori aldatu da. Jendeak hori aldatzeko beharra ikusi zuen eta aldatu genuen. Bada anitz gazte Lizeoan eta badaude kostako gazte anitz mendialdera etorri nahi dutenak, eta beraz, Akitaniako Kontseiluan nihaurek proposatu dut barnetegi bat izan dadin Garaziko Lizeoan. Honekin batera, jakina, zerbitzuak sortu behar dira, gazteak hemen egon daitezen, etxebizitza alokatzeko manerak. Baina, oro har, ekonomia da gakoa.


Frantzia eta Espainiako bideetako komunikazioa lotuko duen azpiegitura bat dago proiektuan, Europako azpiegituren garapenaren bidean. Nondik joanen den ez da argitu oraino. Alta, Pirinioetan gaindi joan liteke. Nafarroa Garaia eta Nafarroa Behera lotu litzakeen autobidea, autopista edo bide zabala aipatzen da. Nafarroa Beherea zeharkatuko luke alderik alde. Nola ikusten duzue proiektu hau?

 

 

S. Bacho. Laburki, eta klarki, ni autopistaren kontra naiz. Zer da proiektu hori, nazioarteko trafikoa gure lurralde honetatik pasatzeko? Euskal Herriaren barnealdeak ez du deus irabazteko bide honekin. Gure bideak inportanteak dira, bai Nafarroa Garaiarekin lotzeko bai guretzako, beraz, bideak konpondu behar dira. Bereziki, seguritate mailan hartu behar dira neurriak, trafikoa handia baita, baina ez autopista edo lau karrileko bide bat eginez. Zu Barthelemy, bideez arduratzen zara...
B. Agerre. Nik pentsatzen dut bide ederra behar dela...
gainerakoak. Autobide eder bat?
B. Agerre. Ez, ez, ez. Nik ez dut halakorik aipatu. Nafarroako Gobernua prest omen dago Luzaide eta Arnegiraino bide hori egiteko, eta ene begietan interesantea da. Guk Nafarroako Gobernuari zerbait eskaini behar diogu bide honek segida ukan dezan Orthezeraino edo Saliseraino. Horretarako ontsa kalkulatu behar dugu zer nahi dugun. Eta horrek ez du erran nahi autopista bat egin behar denik, ni ez naiz horren alde. Bide zabal bat egin behar da, autobia gisako bat. Nafarroako Gobernuak mendiak zulatzen baditu, haien lana ez dela mugan geldituko garantia erakutsi behar diogu, guk haien ahaleginari segida emanen diogula. Bistan da, hemen nehor ez da interesatua kamioen pasabide bat egiteko. Bidea egiten bada, lurralde honen zerbitzurako eta herriak bizi daitezen izan behar du, hori da gure gogoeta. Alta, nik ez dut gibelera botatzen Nafarroako Gobernuaren proiektua, biziki interesantea atzematen dut.
J.M. Galant. Proiektuan bi dosier ezberdin daude: bat garraioen dosierra da, eta besteak Iruñearekiko harremanak lantzen dituena. Proiektua garraioen problemari erantzun bat emateko bada, soilik horretarako bada, ezin dugu onartu proiektua. Autopista bat egiten bada, eta, mugaraino bederen hola izanen dela irudi du, trafiko handia ekarriko du eta Luzaidetik Salisera bitartera hemengo bideak autopista baten trafikoa eraman beharko du. Hau da, Hegoaldean eginen den araberako bide bat ez bada hemen egiten, auto metaketa izugarriak izanen ditugu. Hartaz, garbiki erraiten dut, bi estatuetako gobernuek behar dute trafiko hori antolatu eta parte bat trenbidetik bideratu, eta fite egin beharko dute. Beldur naiz geldirik daudela, ez direla aski fite ari, eta trenbidea ez badute egiten merkantziak hemendik pasako direla, hots, gure eskualdean eginen duten autobidetik.
Nik Nafarroa Beherea eta Iruñearen arteko lotura begi onez ikusten dut. Memento berean, sortzen ari garen Herrien Elkargoen bidez, guk ere Hendaia-Hondarribia-Irun bezalako partzuergoak bultzatu behar ditugu, Luzaiderekin lehenik, eta oro har, Baztan eta Erroko eskualdeetako herriekin. Ni Azkaraten sortua naiz eta ene etxe gibelean harresi bat daukat, ez da normala. Ekonomia bere inguruan garatzen da, eta horretarako, eskualde horiekin lotzeko, bide on bat behar dugu. Beraz, lehen dosierrari erantzun argi bat eman gabe -eta muga batzuk ezarri gabe- beldurgarria iruditzen zait bigarrena aitzinatzea. Eta, hautetsi bezala, hasteko, eginbide da jendeari gauzak zertan diren informatzea, bereziki hurbiletik ukituak izanen diren herrietako jendeari. Lurraren antolaketa aitzinetik hartu behar da, geroko laborantza nahiz etxegintza nola garatuko diren aurreikusteko. Horiek egun egin behar dira, eta ez puskaka eta jendea bortxatuz beren gogoaren kontra.
F. Maitia. Baiki. Ez gara elkor egoten ahal Espainia, Portugal, eta bihar afrikarrekin izanen diren harremanekiko, hau da, garraio beharrek sortzen dituzten harreman eta beharrekiko. Espero dut egunen batez galdetu ahalko zaigula nondik nahi dugun garraioa pasatzea. Ni, hasteko, garraio handiena trenbidetan pasatzearen aldeko naiz, baita itsasoz eramana izan dadila ere. Baina, lehenik, gure ardura, herritarrekin batera, proiektu bat zabaltzea da, zer nahi dugun garbi erraitea. Zein da gure proiektua? Besteei eskaintzea turismo eta laborantza kalitatezko bat? Hemengo mozkinak hemen salduak izan daitezen eta leku lasaigarri bat? Edo nahi dugu ere industria sortu eta enplegu anitz sorrarazi barnealdean? Horretan ari gara, gure proiektua ez dugu oraino finkatua. Lehenbizi, horrelako errepide bati erantzuna eman aitzin, herritarrekin solastatu behar dugu eta proiektua ongi gogoetatu. Ez ditugu gauzak oraino eginak, eta afera aipatzen delarik jendearentzat zaila da zinez. Beraz, nahi baldin badugu errepide handi bat, ekonomia garapen proiektua handi bat ekarriko duena, ongi. Baina, beste proiektu bat nahi badugu, gure gogoetak errespetatuak izan daitezen eskatzen dugu.
Turismoa ekonomiaren beste zati inportante bat izan da. Garatu daiteke turismoa laborantza kaltetu gabe? Industria ere aipatu duzue.
S. Bacho. Geroan, laborantza eta turismoa elkarren kontra ez egitea espero dut. Hemengo laborantzak baditu bere xantzak kalitatezko mozkinen bidez; bereziki, gaur egun kontsumitzaileak kalitatezko produktuak exijitzen dituelako. Eta hori turismoari lotua dago, baina hor ere gure burua aldatu beharra ikusten dut. Laborantza Ganberan nago, eta laborarien hainbat ordezkarien diskurtsoak bunker batean ikusten ditut, ingurumenaz mintzo garelarik beldurtzen dira, beldur dira hiriko jendeez. Hiriko jende eta kontsumitzaileengana iristeko gure espirituak aldatu behar ditugu laborariok, gure loturak askatu behar ditugu, gure interesak defendituz, bistan da, baina, aldi berean zabalduz. Zabalduz kanpoaldera eta barnealdera, hemengo egitura soziala aldatu baita. Laborarien etxeko ateak lehen baino irekiago dira, baina bere burua gehiago behar dute zabaldu. Gure geroa hor dago.
Amikuzeko «Geroko kantonamendua» delako elkartean gauza horiei buruz aritu gara: langileak, laborariak eta komertzianteak bildu ditugu. Elkarrekin gogoetatzea eta lan egitea dugu xede. Bakoitzak bere interesak defenditzen ditu, eta interes ezberdinak ditugun arren, elkarren aurka baino elkarrekin lan egin behar dugu. Horretarako, denok, ordea, geure espiritua zabaldu behar dugu.
B. Agerre. Hemengo ekonomiaren oinarria laborantza da, eta turismoa ondoren. Bi laborantza molde ditugu eta gazte anitz laborantzan ari da, biziki interesatua. Horiek denak atxiki behar ditugu, mendialdekoak nahiz ordokikoak; Amikuzekoak, kasu. Biak behar ditugu atxiki, biak uztartu behar ditugu: kabaleen laborantza, artoa nahiz esneen mozkinak. Mendiko laborantza ez da ordokikoa, eta orduan mozkinen prezioak altxatzeko, sor-markak behar ditugu azkartu. Mendiko ekoizpenak arramoldatu behar dira eta gehiago lagundu. Lur Berri kooperatiba ez da biziki mendiaz arduratu orain arte, dena erran behar da, gehiago arduratu da ordokiko laborantzaz, hala ere, orain kontratu batzuk burutu ditu laborariekin hauek laguntzeko. Gaur egungo munduan ez da aise, bistan da, baina kasu egin behar dugu produkzioa azkartzeko eta Frantzia erdiko laborantzarekin lehiatzeko.
F. Maitia. Alta, bada, garbiki erran behar da: gure ekonomiaren garapena laborantzari eta turismoari lotzen badiogu soilik, gazteei erran behar diegu beren bizitza ez dutela gure barnealdean eginen, ez denek behintzat, zenbaitek hemendik partitu beharko du, eta latz da hori erraitea. Gazteek nahiago lukete hemen bizi, hemengo kultura maite dutelako, nahi lukete bizitzeko molde hori atxiki, baina hori laborantzak eta turismoak soilik ez dute ekarriko. Industria tipiak beharko lirateke. Hazparne inguruan enpresak zabaldu dira eta jendea bertan gelditu da. 400 enplegu sortu dira kanpainan, Aireko industriaren subkontratei esker. Horrek ez du ingurumena batere kaltetzen. Guk ere, naski, halakoak beharko ditugu asmatu.


Zuk ez duzu industria errefusatzen...

 

 

F. Maitia. Maleruski hemen ez dago tradiziorik. Gure gazteak hemendik partitzen ikusi ditugu beti, eta orain badute gelditzeko gutizia. Guri, politikoei eta ekonomia sustatzen dutenei, nahikari hori asea izan dadin dagokigu, baina horretarako lanpostu berriak sortu behar dira. Jendeari, ea hemengo ekonomia industria tipiaren bitartez garatu nahi dugun edo ez galdatu behar diogu. Bai laborantza bai turismoa, industria tipiaren bidez azkartu genitzake, betiere ingurumena zainduz. Barnealde honetan ezin dugu ekonomia azkartu bakarrik laborantza eta turismoaren bidez. Hori da gaur egungo eztabaida Nafarroa Beherean. Zuberoan badute tradizio hori eta kostaldean ere bai, jakina, eta guk ere kontzientzia hori sustatu beharko genuke gazteen artean. Gaztea hemen bizi dadin, indar handi bat egin behar dugu, laborantza errespetatuz, gure produkzioaren kalitateari kasu emanez betiere, baita turismoa gordeaz ere.
J.M. Galant. Horretarako, gure eskualdearen aberastasun naturalak zeintzuk diren ikusi behar dugu. Nehon baino mozkin hobeagoak egiteko xantza dugu; OACE eta sor-markak, kasu. Kontsumitzaileekiko abantaila atxiki behar dugu, horri turismoaren abantaila lotzen diot. Garazi Miarritzeko ondokoa dugu. Jendea naturalki mugitzen da eta osagarriak izan daitezke.
Ene arrankura eskualdeak espezializatzea da, batzuk laborantzan besteak turismoan. Ahal baldin bada industria tipi bat muntatu, ados nago, baina gaur egun 40 kilometro erraz egiten da bide berrietatik, eta Zuberoan nahiz Baionan lana baldin bada, garaztar batek bide eginen du haraino. Ez dut erran nahi industriari ateak itxi behar zaizkiola. Orain, menturaz, hautetsien lana Herrien Elkargoen bidez zerbait egin dezakegula sinestaraztea da. Herrien Elkargoan laborariekin eginiko bilkuretan honela erran digute: «Ez dezagun laborantza ahantz, edota aparteko gauza bezala utz». Azken urteotan ardura gehiago eskaini zaio turismoari laborantzari baino, eta orain kasu eman behar da industria aipatzean. Ez da aise izanen, laborari etxalde anitz peko errekara joan dira-eta.


Errekara joan ez dadin Laborantza Ganbera behar, naski.

 

 

S. Bacho. Gure ideiak ezagutuak dira. Ni CFDTko kide gisa Pauen ari naiz eta ikusten dut Euskal Herriko laborantza ez dela aski kontuan hartzen. Gure Laborantza Ganbera behar dugu eta Euskal Herriko departamendua, bi gauza horiek elkarrekin doaz.
B. Agerre. Ni naiz hemengoen artean Laborantza Ganbera berri batek abantailarik ekarriko ez duena dioena; ezta departamendu berri batek ere, mementoz bederen. Alta, euskal laborariak akort baldin badira Laborantza Ganbera berezi baten egiteko, bistan da, ni ez naiz kontra jarriko. Baina, kasu, hori haien afera da, eta zenbait hautetsi sobera arduratzen da afera honetaz. Laborantzako Ganbera laborariek ordaintzen dute beren zergen eta laguntzen bidez. Baina arazo ez da hortik heldu. Laborantza biziko da gogotik arduratzen bagara, bi sindikatu dira: ELB eta FENSA; hauen artean ez dira diferentzia handiak. (Besteen irriak). Badira diferentziak, baina, hala ere, batak eta besteak ez diote elkarri makurrik ekartzen. Ni beldur naiz. Laborarien arteko aharrak edo liskarrak okerra ekar dezake laborantzara. Hemengo laborariek ideia berrien inguruan behar dute elkarretaratu eta moldatu, hori egiten ahal dugu, eta laborariak mozkinak produzitzen dituzten kooperatibeekin moldatzen badira, aitzina eginen dugu.
S. Bacho. Ni ez naiz batere ados azterketa honekin. Pentsatzen badugu laborarien problemak laborarienak direla soilik, harresi baten kontra joanen gara. Eman dezagun herri batean txerritegi bat behar dela, bada, ingurumenaren arazoa ez bada eztabaidatzen herrian, laborantzan ari ez diren besteekin, ez dago gerorik. Lur Berrin berdin, arazoak direnean, enpresa batzordeak uste badu beren arazoek ez dutela deus ikustekorik besteen arrenkurekin gaizki goaz. Laborantza Ganbera laborariek finantzatzen dutela dio Barthelemyk, parte ttipi bat baino ez. Beste sos parte handia sos publikotik heldu da, zergak ahantzi gabe. Lur Berrik erdiesten dituen mozkineetatik heldu diren sosak ez dira laborarien eskutik heldu bakarrik. Uste hori badugu gauzak ez ditugu sekula aldatuko, eta laborariak ez badira oraino ohartu, beren interesak eta eskubideak besteekin batera landu eta eztabaidatu behar direla ohartu beharko dute, bestela ez gara sekula aterako arazo honetatik.
B. Agerre. Akort. Ez du erran nahi laborantza ez dela bere ingurutik atera behar, bi laborantza ganbera izatea laborarien afera dela, diot nik. Laborantza sustatzeko, ganbera Baionakoa edo Pauekoa izan dadin, berdin da. Ene ustez, bidea ez da beste ganbera bat pagatzea.
S. Bacho. Laborariek ez dute dena pagatzen, ez haiek bakarrik. Zenbakiak mahai gainera aterako ditugu...
B. Agerre. Galdetu laborariei, duela bost urte baino laborari gutxiago delarik, bertze ganbera bat ireki behar dela gehiago pagatzeko. Bietan langile gehiago ezarri behar dira, eta laborariek ez dute pagatu nahi.
F. Maitia. Euskal Herriko laborantzak ba ote du berezitasunik? Nik galdera horri baiezkoa ematen diot eta hori ikusiz, ELBko ordezkaritza bat lagundu dut Matignonera duela zenbait hilabete eta dosier bat ireki da. Euskal laborariei ea Laborantza Ganbera bat nahi dutenentz galdetu zaie. Dosierra bide onean jarria da, eta menturaz, oraingo gobernuak ez du galdeketa eta azterketa geldituko. Agian! Desmartxa abiatua da, bederen. Ni ados naiz errana izan denarekin, lehen lehenik laborarien afera dela, euskal laborariek ganbera bat nahi badute, zergatik ez? Eta herritarrek nahi baldin badute euskal departamendua, ideia hori errespetatu behar da.
J.M. Galant. Euskal departamenduaren afera Hegoaldeko bortizkeriarekin lotzen da, aitzakia da, eta Laborantza Ganberaren aferan, sindikatuen arteko gatazka aipatzen da. Horiek horrela hartzea aferak muturretara eramatea da. Ipar Euskal Herriko laborantza berezia da, ELBko kide gisa esne afera hurbiletik segitu dut eta gauzak zein partzialki eraman diren ikusi ere. Egungo egoera politikoa dela-eta, laborariek ezin ditugu gure eskubideak erdietsi, haatik, Laborantza Ganbera baten beharra daukagu, ez Laborantza Ganbera izateko soilik, beste politika baten ukaiteko baizik. Hori da Euskal Herriko laborari gehienek eskatzen dutena, gure arazoak laborari nahiz herritar gisara ez baitira Biarnoko ganberaren parekoak. Hori da afera eta ez sindikatuen artekoa ezberdintasunak gerra gisa planteatzea.

 

MAHAIKIDEAK
Frantxua Maitia, Akitaniako Kontseilaria
Izpurako (Garazi kantonamendua) auzapeza. Irakaslea ikasketaz. Ezkondua, 49 urte eta bi seme ditu. Frantziako alderdi sozialistaren kidea da 1974tik. Akitania erregioko kontseilaria eta Ipar Euskal Herriko PSren idazkari nagusia. Euskal Departamenduaren aldeko hautetsien elkarteko kidea da, Jean Espilondo alderdikide jakobino eta diputatu ohia ez bezala. Michel Intxauspe diputatu ohiaren arerio politiko zuzena izan da hauteskundeetan. Alta, azken bozetan ez zen diputatua izan.

Barthelemy Agerre, Kontseilari Nagusia
Lukuze-Altzümarta herriko (Amikuze kantonamendua) auzapeza joan deneko 25 urteetan. 47 urte, ezkondua, lau seme-alaba ditu. Laboraria, behi gorriak hazten ditu. Pirinio Atlantikoak departamenduaren kontseilari nagusia Amikuzeko kantonamendutik 1994. urteaz geroztik, UDF alderdi frantses zentristaren izenean. Donapaleu herrian dagoen Lur Berri kooperatibako presidente ordea da. Departamenduko Jean-Jacques Laserre presidentearen hurbileko politikaria.


Sauver Bacho, CFDTko sindikalista eta auzapeza
Arberatze herriko (Amikuze kantonamendua) auzapeza da iragan urteko herri bozen ondoren, bertan sortua duela 51 urte. Ezkondua eta bi semeren aita. Ez du bere burua abertzale gisa agertzen. Laboraria da izatez, alta, langile bezala ari da lanean Lur Berri kooperatiban; enpresa batzordeko kidea da, CFDTko (Lan Konferentzia Frantziar Demokratikoa) sindikalista izaki. Amikuzen orain hogei urte sorturiko «Geroko Kantonamendua» (Avenir du Canton) elkarteko partaidea.


Jean-Michel Galant, Kontseilari Nagusia
Azkarateko (Baigorri kantonamendua) auzapeza; bertan sortua orain 49 urte. Ezkondua eta hiru seme-alaben aita. Pirinio Atlantikoak departamenduaren kontseilari nagusia Baigorriko kantonamendutik joan den urteaz geroztik. Abertzalea eta laboraria, esne-behiak hazten ditu. Abertzaleen Batasuna (AB), Euskal Laborarien Batasuna (ELB) eta LEIAko (Lekuko Ekonomia eta Ingurumena) kidea da. 1980ko hamarkadan «Herriz Herri» astekariaren kudeatzailea izan zen.

Xipri Alberbide: "Baxe Nabarra 2000. urteen hasieran"
Gehienentzat Euskal Herriko 7. probintzia da Baxe Nabarra, (lurralde honetan bizi garenok deitzen dugun bezela). Niretzat, Nabarrako 6. merindadea: Nabarra ez da gureaz beste probintzia bat: Sanz edo Del Burgok bezen nabartar daukagu geure burua.

Zer da Baxe Nabarra? Paristar eta bilbotarrentzat, toki idiliko bat, dena sorropil berde, ardi eta behien joareak entzuten direla «Via Grande»ko burrumbaren partez.
Ardiak eta behiak badira sekula baino gehiago. Duela 30 urte 46.000 behi eta 126.000 ardi zirelarik, orain 73.700 eta 265.000. Bainan osoki nekazaritzatik bizi den gero eta nekazari gutiago: 4.000etarik 1.800tara jautsi dira.
Merindade honetan sortu den ELB nekazari sindikata izan ez balitz, askoz gutiagao izanen zen… eta poluzione gehiago. Azkenik asmatu dute, 200 etxaldetan egiten dena: beren mozkinak etxean transformatzea. Nekazaritzaren ahulezia: zer gertatuko da Europak bere laguntzak ttipitzen edo kentzen baditu?
Jendez husten ari, denek dioten bezala? Duela 30 urte 35.500 jende ginen, gaur egun 36.000. Aitortu dezagun mendialdeko herriak beti husten ari direla, bainan hor ere beherakada eztitu da: Garazi-Baigorrin berean badira, edo hein berean gelditu edo handitu diren 9 herri.
Herriak husten lanik ez delakotz? Lehenagoko historioa da hori. Gaur egun, Amikuzeko Lur Berri kooperatibak 300 bat langile dauzka. Lartzabaleko gasnategiak 60 urte osoan eta beste 40 gasna sasoieko 7 hilabeteetan. Heletakoak 25. Horiek, nekazaritzaren inguruan.
Bainan Heletan sortu da «Baigura», bere 45 langileekin burdinaren kultura daukan Hegoaldeari saltzen dizkiola burdinezko hangar edo mandiolak. Irisarriko Etcharten 200 langileek, zubi eta autobide egiten badakite. Amerikanoek berek saristatua dute, Boeing, Airbus eta Gamesa-rentzat ari den Aiherrako «Lauak» enpresa. Ja ja 300 langileri ematen die bizipidea hegazkigintzak Aiherran.
Horien ondoan beste ainitz lan postu sortu da. Zenbat langile lehenago eta zenbat orai, kolegio eta lizeotan, eritetxe eta zaharretxetan? Baxe Nabarra ez da lantegi desertu bat. Azken 10 urteetan nekazaritzak 670 lan postu galdu dituelarik, 1.117 berri sortu dira eta beraz 447 irabazi ditugu. Baigorri Garazik 362 lan postu irabazi ditu.
Bizkitartean imigrazioari esker da jendetzea emendatzen. Ez daukat Baxe Nabarrako datu zuzenik, bainan Bidaxune eta Bastidaren partez Xiberoa sartuz, sortze baino 2.031 heriotza gehiago izan da 10 urtez. Urtean 200 bat haur gehiago behar genuke, hilen ordaintzeko! Herritik joan den baino 344 jende gehiago etorri zaizkigu beste nonbaitik! Zenbat imigratu egiten du horrek? 1.000? Gehiago?
Haurrik gabeko herria, hiltzen ari da. Eskola bat hesten delarik, haurren kopurua ttikiegi izanez, protestatzen da. Iduri luke nehor ez dela ohartzen herria hiltzen dela, ez, eskola hesten delakotz, bainan haurrik ez delakotz. Non aipatzen da arazo hau?
Eta zertan daude gure haurrak «Lingua Navarrorum»ari doakionaz? Ez da Sanz bezalakorik hemen. Xipri Arbelbide*, kazetaria
Abertzaleek oso emaitza onak dituzte hauteskundeetan. 1998an %18,7 egiten zuten. Badira %25ez goiti egin duten 20 herri. Orotan txapeldun, Heleta neure herria %44,5ekin. Bainan nere herri maitean ez da ez ikastolarik, ez klase elebidunik, bi eskola daudelarik. Aurten, naski, klase elebidun bat idekiko da, legeak eskatu haur kopuru minimoa doi-doia bildurik. Zer da abertzale moeta hori?
Beste toki batzutan aintzinatuago dira: 4 ikastola badira. Amikuzen ikastola berria eraiki dute, bainan Donibane Garazin (Hazparnen bezala) zain daude, hautetsi bakar batengatik omen. «Putzuren falta! Coumeten falta!» entzuten da. Zein legek debekatzen die, ikastolaren alde omen direnei, beren herriko diru partea Seaskari ematea zuzenean, pilota edo dantza elkarte bati ematen dioten bezala? Zenbat ematen diote «Ikas»-i euskarazko liburuak egin ditzan haurrentzat?
Behin ere ez dira orai bezain aberats izan gure herriak. Arberuako 8 herrietan badira 9 ezker pareta edo trinket. Antzoki edo beste sala handi bat bestalde, 6 herritan. Horiek denak 4.000 jenderentzat! Araberan 80 trinket eta frontoi behar litezke Baionan! Telefono edo argi indar piruak lur petik emanak dira, herriko plazak ederki txukunduak. Euskararentzat da dirua ezin emana.
Bainan, Eusko Jaurlaritzaren diruari esker eraikitzen bada ikastola bat, han izanen dituzue denak estrena egunean, zetazko korbata lepoan, Miren Azkarateri ahal bezen hurbil: heiek ere dirua ematen dute gero! Duela 3 urte, Hazparneko ikastolan dauzkaten Baxe Nabarrako herrien diru laguntzei so egin diet. Ikastola horri gehienik ematen zuena, Coumet, dakizuen mamua: 1.500F haur bakotx. Bigarrenak erdia baino gutiago; besteak oraino gibelago! EAJ eta EAkoentzat ari dira aho beteka: «Horiek ez dituk abertzaleak!»
Horrela doa Baxe Nabarra, lehen bi milagarren urte hauetan.

Jojo Bidart: "Euskal Kulturaren egoera Baxe Nafarroan"
Datorren urtean ospatuko da Nafarroaren Eguneko 25. edizioa. Zertan dago gaur egun euskal kultura Baxe Nafarroan? Mugaz bi aldeetako nafartarren arteko harremanak garatzeko eta azkartzeko xedea zertan gelditu da 25 urteren buruan?

Euskal kulturaren egoera aipatzerakoan, gure lehen begirada euskararentzat izanen da. 1996ko inkesta zoziolinguistikoak erakusten zuen baxe nafartarren %64ek euskara bazekitela guti edo aski, bainan lehen sendimendu baikor hori laster zalantzan ezartzen digu euskaradunen adin piramideak. Gazteek euskara galtzen dutela eta urteen eragina arranguragarria dela argiki erakusten daukute 91ean eta 96an egin bi inkestek. Pentsatzekoa da aurten argitaratuko den inkestak baieztatuko baizik ez duela tendentzia nagusi hori, galtze prozesuaren abiadura dagoelarik galde bakarra.
Alta, ez dira hemengo eskualdun militanteen iniziatibak eta lanak ttipitu azken urte hauetan. Lehenik ikastolen presentzia hedatu eta sendotu da: ikastola berri bat eraiki da Amikuzen eta aurten beste bat eraikiko da Donibane Garazin, ahantzi gabe Oztibarreko ikastolan lehen maila idekitzen dela eta Donaixtiko kolegioak segitzen duela handitzen.
Euskararen eta euskal kulturaren erabilpena eta argitarapena laguntzen duten komunikabideetarako tresnak ere hor daude: Irulegiko Irratiak estudio berri bat ideki du Donapaleun eta Donibane Garazin beti kokatua den egongi berri eta zabalago batean sartuko da ondoko hilabetean. Bestalde, Aldudarrak Bideo elkarteak bere xedeak gauzatzen ditu eta urteetan zehar formatu dituen laguntzaileen sarea eta tekniko ekipa trebean oinarrituz Herri Telebista bat abiatzekotan da.
Kultura podukzioaren aldetik hor ditugu Pantzo Hirigarai eta Antton Lukuren ekarpenak, euskal antzerkigintzan batez ere, ahantzi gabe antzerki taldeei eta ikasleei laguntza baliosa ekartzen duten Larzabaleko Fuch anaiak .
Kultur guneak ere baditugu Baxe Nafarroan. Hala nola Oztibarre eta Amikuzeko euskal kultura sustatu nahi duen Izurako Haize Berri elkartea, mintzaldi, ikastaldi, ikusgarri edo erakusketak antolatuz, Hegoaldeko produkzio eta kultur eragile zonbait ezagutaraziz. Garazikus elkarteak bere aldetik Donibaneko zine gela eta Izpurako Fauxtin Bentaberri ikusgarri gelaren inguruan hartu du kultur zentro baten hedadura, eta urtetik urterat, euskal kulturari toki gero eta garrantzitsuagoa eskaintzen dio.
Nafarroaren Eguna erreferentziatzat hartuz, nola ez aipa dantza eta musika? Dantza talde ainitz daude Baxe Nafarroan, batzuk herriko besteetan libertimenduak eskaintzeko agertzen direnak, Lasan, Uharte-Garazin, Izpuran, edo Arnegin bezala eta besteak usuago ateratzen direnak: Bunuztar Xoriak, Bitindarrak, Burgaintzi, Garaztarrak eta Baigorriko Arrola. Azken horrek bere 60 urteak ospatu ditu joan den hilabetean eta Baxe Nafarroako dantza talde zaharrenak bere sendotasuna erakutsi du egun hortan, 150 bat dantzari ohi eta berri elgarretaratuz, baita dantzaren eragina beti azkarra dela Baigorriko Ibarrean .
Mugaz gaineko harremanak?
Bainan zertan gelditu dira lehen Nafarroaren Egunekin bultzatu nahi ziren mugazgaineko harremanak?
Herrien arteko binazkatzeak abiatu ziren karraska handian: Urepele Zarrakaztelurekin, Baigorri/Tafalla, Garazi/Lizarra, Donapaleu/Zangoza, Gamarte/Lizarraga, Aoiz/Behauze. Horietarik guti baizik ez dira mantendu, Herriko Etxeen eta elkarteen arteko elkarlan eta inplikazio eskasa edo ezinagatik gehienetan.
Hala ere, erran behar da gaiteroen eta dantzarien arteko kurutzamenduek eragina ukan dutela, eta, gaur egun, horietarik zenbait elkar juntatzen direla ikusgarri edo sorkuntza zenbaiten inguruan. Basaizea eta Baztango dantzarien arteko harremanak iraunkorragoa iduri duelarik. Azkenean, harreman personalak eta gertakari batzuen ingurukoak dira gehienbat gelditzen, bainan egin izan diren urrats guziak jende ainitzen gogoetan gelditu dira. Ondorioz, gaur egun instituzioen aldeko zenbait projektu agertzen dira.
Urepele eta Aldudeko eskolek Ezterribar eskolekin lan amankomun jarraiki bat abiatuko dute Interregen laguntzarekin. Bide berri baten idekitzeko xedea obratuko dute Elizondo eta Aldudeko herriko etxeek. Euskal Herriko Hitzarmen bereziaren bidez hizkuntza projektu trukatzeak sustatu nahi dira. Bestalde mugaz bi aldeetako eskualde urbilen arteko «Consorcio» delako bat xutik ezartzea ere aipatzen da.
Beraz, duela hogei urte agertu xedeak ez badira hastapenean pentsatu bezala beteak izan, ez dira hutsean gelditu eta gaur agertzen diren bide berriak segida zuzenekoak bezala ikusten ditugu.



Eñaut Etxamendi: "Baxenafarroa: sudpegi politikoa"
Gizarte politikoki eratuaren lekuko Baxenabarren -beste toki batzutan bezala- mairu-etxeak ditugu ikusgarrienetarik: 5500 urte nonbaitan: Mendiben, Garazi aldean, baita Maotxen, Orbaizetako mugan. Trikuharri handiak Okaben, Artzilondon eta abar: 2800, 4200 urte ingurutakoak.

Azken urte hauetan, CNRSeko (Zientzi Ikerkuntzarako Zentro Nazionala. Frantzia) jakinduek ikekerketa sakonak badaramatzate bereziki Baigorri-Garaziko mendietan: Mikelauen Ziloan (Ezterenzubi), harpe handi batean, 4900-5100 urteko lehen artaldeen aztarnak badira. Aldiz, ikerlan horien arabera, metalgintza, Baigorri aldean artzaintza baino antzinagotik frogatzeko bidean omen liteke! Horrek ikuspegi berriak irekitzen digu gure herriaren historiaren ezagutarazteko.
Baliteke bi gizarte ber-ezak bizi izanik elkarren alboan anitz denboraz gure eskualdean. Ipuin zaharrek eta sineste batzuek diotenez, bi jende mota nabari dira harreman gutiaski beldurrezkoak zeramatzatenak: jende bat (kondaira iragartzen duen hori, gu) eta beste bat bitxia, mintzaira bestela ahozkatzen duena, bestela bizi dena, maiz ezkuturik oihan, errekondo eta harpeetan. Horretan bada, Basajauna, Antxo izenekoa (a.b. tokizena: Antsola), azkar eta beldurgarria, eta Tartaro: urdeekin eta metalgintzatik bizi ziren jendeak. Besteak, gu, uztagile, abeltzain, artzainak.
Bigarren mailako -apalagoko- jendarteak jarraikitzen du gutartean historia guztian barrena eta egun artio, izen-izen bereziekin. XV. mendean, talde berri batzu honeratzen dira, batzu iparratetik eta bertzeak hegotik; beldurgarriak osoki, lapurreta eta berarekilako jokoez, baxenafartarrak okaztatzen zituztenak. Garaziko mikeleten lehen lana jende horiei tiro egitea izan zen denbora batez, 1520. urteaz ondoren ere.
Gauza ohargarria, gure herriska guztietan, hogei bat etxenagusi bazen bakoitzean, aitorren seme armarridunak (Jean Baptitse Orpustan-en ikerlanak lekuko). Irudiz, Iruñeko Kontu Ganbarako artxiboen arabera, etxe-nagusi horiek gudari familiak ziren. Holakoak, Lizarra eta Baztanen ere anitz baziren (etxeen %17 eta %23), Baxenabarren %50ez goiti. Ondorioz, gizarte biziki azkar egituratua zen gurea. Hain segur, osoki aspalditik, VI-VII. mendeetan, euskaldun gudariak (zaldizkoak) Akitanian behera desmasia lazgarrien egile seinalatzen dituzte frankoen kronikek. Baliteke, beste menditar jende batzuen gisarat, erromatarren denboraz geroz, bederen berdin antzinagotik, gudal-jende hori hemen izana. Hasteko erromatar historialariek «cohorta equitata»k (zaldizko gudal-taldeak) eta habailari legioak, euskaldunak seinalatzen dituzte Germanian, Ingalaterran, eta abar (ik: «Lapurdum» I, II, III). Horietan baxenafartarrak ere bazitezkeen.
Nolanahiz gure gizartea politikoki aspalditik eraturik da, ezbairik ez da. XVI. mende amaieran, Nafarroako errege Henrikek Frantziako koroa hartzean, Baxenafarroa, legez, bereber gelditzen da. Frantzian ez bezala, jendea bere lurren jabe (franc alleu), herri kudeaketa bere zutarauez(**) eta berezber eramanez. Lekukotasunak nahikoak, dokumentuetan badaude.
1649ko Frantziako «Etats Généraux»-etarat Baxe Nabarrak diputaturik ez du igortzen, gu ez baikara Frantzia! 1789ko Frantziako «Etats Généraux» erregeak deitzean, nafartarrei ere deiketa zuzentzen die, hauek beren zutarauak Frantziakoekin harmonizatu nahiko zutelako ustea balu bezala... Otsailaren 28an, Donibandarrak Biltzar Orokorrean bildurik Erregeen jokoari jaukitzen zaizkio zorrozki, eta martxoaren 15ean, Baxe Nabarrako Estatuak elgarretaraturik (eliztiar, aitorseme, herena) elekatzen dira, eta 27an, galarrosten(***) diote Erregeari: Nabarra ez da eskualde bat, baina bai Erresuma bat. Erregeek legerik ezin diotela jarri jendeen onarmen eta nahimena gabe eta deiketa bidegabea lege aurkari eta zutarau-jole «irréguliére, illégale et anticonstitutionnelle» dela.
Ohi ez bezala, ekainaren 15ean, Baxe Nafarrako Estadoak biltzatzen dira, Erregearen ahots eramaileak erraiten die. Erregeek Nafarra bere hartan utziko zuela «Frantizako ongi orokorraren kaltetan izanen ez zen ber». Hitz hori geihegi!, dio Biltzarrak.
Sabenlankoren(****) kaierra (cahier des doléances) idazten du talde batek: Nafarroako Koroaren Zutarau nagusia da. Errege orok zin egitea bere bertasunean, Nafarroa uztea. Beraz, «Edit d’Union» (Frantziari bateratzea) galaraz dezala, eta hartaz, berezko basa-lege oro. Badakigu zer izan zen geroa. Diputatuak igorri zituzten: Villavielle (eliztar), Olhuntz (aitoren) Vivié eta Franchisteguy (heren) eta Loverel sindika eta abokatua, nafar legeak biziki ontsa zainduko dituena. Baina, «Assemblé Nationale»ak, 1789ko agorrilak 4ean, dena itzulipurdika jaurtiki zuen. Gure diputatuak Salatik atera ziren, bozketaren ukatzeko.
Engoitik hiru Euskal Herriak guhauren zutarauak galdurik. Loverel-ek errana: nafar legeak begiratu ezean jendea odol isurketetan jauki zitezkeela, «Orreaga Orhoit». 300.000 frantses soldadu gainetik ibiliko zaizkigu mende laurden batez Espainiarekiko gerletan, gure jendea lehertuz, bortxatuz, tiroz hilez, gosetez gosete. Janari mota oro soldaduek «requisition»atuz: belar, lasto, zamari, abere, ardi, zerri, bihi... Lapurditik milaka jende Landesetarat gosez akabatzerat eramanez.
Euskaldun motelak omen gara hegotarren ahotan entzuteak gure sabelakoak usteltzen dizkigu, noiz adituko ote duzue?
Bearnesekin esteka gaituzte, 150 urtez Frantziak, ezinegon barnetiko batez gure eskuara galarazteko hamaika eginahal erabili du. Kontserbadorismoz jokatu dira gure diputatuak (Renaud eta Chaho, 1848an gorabehera) lehentasuna euskaradun gizarte baten biologikoki iraunarazten. Apez burges tipi jende xehe, oro baltsan. Hona hemen, egiazko erantzun «politikoa»: milaka emigrante eta intsumiso Ameriketarat joan izana; Hegoaldean karlistekin saiatzen zirelarik Madrileko zentralismoari burutzia egiten.
Emilio Lopez Adanen «Ipar Euskal Herria, 150 urte historiarik gabe (1789-1934)» liburua, egia eta ez egia da, aldi berean, denak umetzen baititu bi lore beneno: hemen Jean Ibarnegaray, Iruñean Reketeak eta Mola. Ausnargai soziologo politikoen.


(*) Sudpegi: Profile, chanfrein
(**) Zutarau: Institution/Instituzioa
(***) Galarots-ten: Proclamer, clamer
(****) Sabelanko: le doléance, griefe.

Nafarroa Beherearen bilakaera demografikoa

Euskal Herriko Garapen Kontseilua erakundeak egina du diagnosi territorial edo geografiko bat, Nafarroa Beherearen eta Iparraldeko barnealdearen (Nafarroa Beherea eta Zuberoa) argazki bat ateratzeko, eta azterketa horixe baliatu nahi dugu gaurkoan.

Euskal Herriko barnealdean, oraindik ere murrizten ari da demografia. Egitate nabari-nabaria da, ondoko aldagai hauek ongi erakusten duten moduan: 60 urtetik gorako gero eta biztanle gehiago, biztanle aktibo gero eta zaharragoak eta 20 urtetik beherako gero eta biztanle gutxiago.

Nabarmentzekoa da, gainera, kanpotik etorriek ere indartu egiten dutela fenomeno hori, zeren gehientsuenak 60 urtez goitiko pertsonak baitira. Alde horretatik, Iparraldean errenta-iturri handiagoa dira erretiratuak industria eta laborantza baino (biak metatuta).

Bestalde, azpimarratu behar da aktiboen multzoa biztanleak baino motelago gutxitu dela. Horrela, hainbat estereotiporen kontrara, galga batean iraun du Iparraldeko barnealdeko jarduera ekonomikoak. Alabaina, bilakaera kontuan izanik, bistakoa da aktiboen zahartzea eta erregresio ekonomikoaren arriskua.

Nafarroa Beherean, eskulangintzako, merkataritzako eta laborantzako enpresa txikiak dira jarduera ekonomikoaren oinarri. Orain, enpresaburu ugari ari da lanetik gelditzen, eta gauza anitz dago jokoan. Azken batean, horixe da garapen lokalaren giltzarria eta bizimodu sozial eta kulturalaren bermea.

Segidan, 1900 eta 1999 bitartean enpleguak sektoreka zer bilakaera izan duen azalduko dugu, horrexek adierazten baitu aski zehatz Nafarroa Behereko ekonomiaren egoera.

Enpleguaren sektorekako bilakaera. Aldia: 1990-1999 urteak. Nafarroa Beherea: Iholdi, Garazi, Baigorri eta Donapaleu kantonamenduak.

Azken hamar urte hauetan, eboluzio nabarmena gertatu da. Laborantzan, adibidez, urritu egin dira lanpostuak, baina, nolanahi ere, askoz gehiago ugaldu dira hirugarren sektorean (merkataritza, garraioak, hezkuntzako eta osasuneko zerbitzuak eta administrazioa).

Laborantza da, dena dela, Nafarroa Behereko produkzioko sektore nagusia, eta analisi sakonagoa du eskakizun.
Hamar urteren buruan, %18 gutxitu dira ustialekuak, eta antzeko murriztea gertatu da laborantzako lanpostu ordainduetan. Aldi berean, ordea, handitu edo hazi egin dira ustialekuak (bikoiztu egin dira 30 hektareaz goitiko ustialekuak) eta hobetu egin da produktibitatea.

Alde batera edo bestera, berritzen ari den sektorea ematen du, eta egoera aski onean dagoena.

Ustialekuak

Azken 20 urte hauetan, barnealdean -hots, Nafarroa Beherean eta Zuberoan-, esnetako ardiak ugaldu dira bereziki, abeltzaintzari dagokionez. Bi probintzia horiek departamentuko %63 egiten dute ardi-aziendetan; Euskal Herriko totalean, berriz, hiru laurden. Izan ere, %30 ugaldu zaie ardi-azienda, hogei urteren buruan.

Produkzioaren hazte horren kariaz, gaztagintzako industria garatu da, eta, ondorioz, ustialeku askok iraun dute langintzaren transformazioari esker.

Aldaketa horrek, hau da, produkzioan ardi-esnea edo, zehatzago esanda, ardi-gazta leheneste hori dela kausa, posible izango da laborantzak irautea, zeren aski jende gaztea baitago.

Nafarroa Beherean, oro har, labelen eta ziurtagirien peko produkzio kontrolatuak, zein balio erantsiko ekoizpena baita, ahalbidetuko du ustialeku txikien iraupena. Are gehiago, kontuan izanik, urte gutxi barru, Europako Batasunean Ekialdeko herrialdeak sartzeak harantz desplazatuko duela lehengaien eta elikagai ezinbestekoen produkzio guztia.

Nafarroa Behereko enpleguan, %10etik behera dago industriakoa (%17 Pirinio Atlantikoetan), baina, dena den, zertxobait goratzen ari da, laborantzako elikagaien industriako lanpostuei esker.

Nahiz eta enpleguak urritu (-%6), eraikuntzako sektorea industriakoaren parean dago, eta aktibitate handia erakusten du (departamentuko batez bestekoa: %6,5), eta bizkortasun horrek etxebizitzen ugaltzearekin du ikuskizun (Iparralde osoan, %15eko igoera gertatu da). Behe Nafarroako eskulangileek parte hartze handia daukate itsasaldean, non lanpostu dezente galdu baitira eraikuntzan (-947 hamar urtean).


Hirugarren sektorea

Sektore hori indartzen ari da Nafarroa Beherean, baina, dena dela, hiri nagusietan sortzen dira arlo horretako enpleguak, hau da, Donibanen eta Donapaleun. Fenomeno hori oso nabaria da merkataritzan, hezkuntzan, osasunean eta jarduera sozialean, eta ez horrenbeste enpresa partikularrentzako zerbitzuetan.

Enpleguak hiri nagusietan metatze horrek sortzen du nolabaiteko desoreka Nafarroa Behereko barnealdean. Berez, laborantzan, eskulangintzan eta hiri nagusietatik urrundu samarreko herrietan ari dira gehien murrizten lanpostuak. Ondorioz, jardueren eta bizimodu sozialaren gutxitzea ari da gertatzen, eta, jakina, azken batean horretatik desertifikatzeko arriskuan segitzen da beti.
Nahiz eta egia izan erregresio demografikoa eta biztanleriaren zahartzea, egia da, halaber, jarduerak iraun egiten duela. Hala eta guztiz, sektore produktiboaren pisua erlatibizatzea komeni da, zeren, gaur egun, erretiratuen errentak ia-ia industriako eta laborantzako errentak halako bi baitira.

Izan ere, honako hauxe da zalantza. Etorkizunari begira, ez ote da arriskutsuegia ekonomiak erretiroko sistemaren inguruko zerbitzuetan oinarriturik funtzionatzea? Baina, horrez gainera, beste hauxe da galdera funtsezkoa: eboluzio demografikoa kontuan izanik, nola aktiba eta gara daiteke Nafarroa Behereko jarduera produktiboa, erretiratuen eta turismoaren mende gera ez dadin?

Badaezpada, noraezekoa da probintzia horrek beste politika bati ekitea, hots, jarduerak sortzeko, beste instalazio batzuk jartzeko eta enpresak berrindartzeko planifikazioari heltzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroa Beherea
2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


Apirilaren 28an ospatuko da Nafarroaren Eguna

Egun handiaz gain, kultur egitarau zabala antolatu du Basaizea Elkarteak hilabete osorako.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


2023-12-21 | Euskal Irratiak
Ia 1,6 milioi euroko etxe salmenta "espekulatibo" bat Aiherran

Aiherrako Herriko Etxea arranguraturik agertu da 250.000 eurotan erosia izan zen etxe bat, abantsu 1,6 milioi eurotan salgai ezarri ondotik. Etxexuri egoitza 2017an erosi zuten gaur egungo jabeek, eta arraberritzen lan handiak egin zituzten; ganerra eta barnea berregin zituzten,... [+]


Eguneraketa berriak daude