argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Bernard Alexander, 61 urtetako britainiarra, izan zen bihotz artifizial autonomo bat ezarri zioten bigarren pazientea (aurrenekoak, Robert Tools izenekoak, 5 hilabeteko bizi iraupena izan zuen, 2001eko uztailaren 2an AEBetako Luisvilleko ospitale batean bihotz artifiziala transplantatu ziotenetik). Britainiar hori erabat azkenetan zegoen, bere bihotzeko muskulua hain zegoen inflamatua, ezen medikuek lau urte baino ez zitzaizkiola gelditzen esan baitzioten.

Baina orain, Jarvik 2000 izeneko bihotza hartu ondoren, Alexanderrek oso ongi erreakzionatu du, eta bere bizi kalitateak izugarrizko hobekuntza izan du. Orain gai da ohetik jaiki, eta egunean hainbat kilometro egiteko. Dena den, paziente horrek badaki motxila batean daraman bateria txiki batekin funtzionatzen duen bihotz artifizialak, bizimodu ia normala egiteko aukera ematen dion arren, denbora epe jakin eta mugatu baterako besterik ez diola luzatuko bizitzeko itxaropena. Baina Robert Toolsi gertatu zitzaionaren antzeko zerbait gertatzea espero du Alexanderrek; hari ere hilabeteko epea iragarri zioten arren, ia urte erdia bizitzera iritsi baitzen bere bihotz berriarekin.
Bestetik, Jarvik 2000 modeloa hasierako AbioCor hura baino berriagoa eta eboluzionatuagoa da. Eta horren guztiaren gainetik, Bernard Alexanderrek berak aitortu duenez, ezarri dioten bihotz berriarekin bi gauza lortu dira: batetik geratzen zaion bizitzak kalitate maila duina edukitzea, eta bestetik, berarekin egindako ikerketari esker, urtero-urtero hainbeste heriotza eragiten dituzten gaixotasun koronarioak hobeto ezagutzea, guztion onerako