argia.eus
INPRIMATU
LPEE, IRAK ETA BUSH
Daniel Udalaitz 2002ko irailaren 22a

Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundea (LPEE) Osakan bildu da aste honetan, irailak 19, petrolio gordinaren ekoizpenarekin zer egin erabakitzeko: berau handitzea edo murrizten jarraitzea, alegia. LPEEk erabakitzen duenak, beti bezala, eragina izango du neurri handi batean petrolioaren menpe dagoen mundu ekonomian. Urteko azken garai honetarako susperraldi iragarpenak egin arren, une honetan nolabaiteko dezelerazioa pairatzen duten mendebaldeko ekonomientzat kolpe gogorra izan liteke petrolioaren prezioaren gorakada. Erabakia Amerikako Estatu Batuek eraso militar batekin bidegabe mehatxatutako Irakek duen egoera politikoaren araberakoa izango da. Irakeko plangintza ministroak eraso militar baten aurrean bere lurraldeak petrolioa esportatzen jarraituko duela adierazi du dagoeneko. Behin-behineko eraso batek prezioen gorakada bat ekarriko lukeela gaineratu du, halaber. Eta zera gehitu du: "Komentario hutsekin upelaren prezioa 23 dolarrekoa izatetik 30 dolarrekoa izatera pasa da; erasoz gero, ordea, gehiago igoko dira". Unea heltzen denean, ez dezagun beste alde batera begiratu eta ongi jakin dezagun nor den petrolioaren prezioen gorakaden eta horrek mundu ekonomian izango duen eragin kaltegarriaren erantzule: Bush