argia.eus
INPRIMATU
Landareak
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a
Hego haizeari begira, muturrez mutur, eraiki nahi dute lagun batzuek etxe berria. Lur sail ederra bai, egutera-egutera, baina zintzilikatutako gobada ardi, ahardi eta moxalen bizkar eta hankapeetan bildu nahi ez badute nagusi den hegoa nola edo hala zertxobait baretu behar. Lehenengo otutakoa, hesi bat. Ezpela (Buxus sempervirens) edo erret erramua (Prunus lauro-cerasus) aipatzen zuten aukera. Ezpela hor nonbait, baina erramu hosto handi itsusi hori etxe bueltan ez ikusteagatik… Ia beste etxerik ez da ageri inguruan eta egokiena mendialde horretako zuhaitz eta zuhaixkak nahastuz osaturiko eskardura sortzea zela deliberatu genuen. Landareak aitatu ahala beraiek aurkitzen zizkieten aldeko arrazoiak: ezpela beraren hosto txikizko eite trinkoa, astigar arruntaren (Acer campestre) hosto txikien udazken sutsua, gorostiaren (Ilex aquifolium) hosto eta pinporta gorrien distira, elorri zuri (Crataegus monogyna eta C. laevigata) eta beltzen (Prunus spinosa) loraldiaren elurtea eta uzta ederra, pagoaren (Fagus sylvatica) neguko hosto ihar esekiak eta udaberri poxporeszentea, haginaren (Taxus baccata) beltz pozoitsua eta fruituen gorriaren lika gozoa…

Orain, erabaki, orain. Landareak topatu eta landaketak gauzatzeko garaia uste ordurako gainean dugu eta…