argia.eus
INPRIMATU
JULIA OTXOA GARCIA
Julia Otxoa Garcia
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 16a
Zerk bultzatu zintuen poesiatik mikrofikziora?
Egia da nik poesia idatzi izan dudala gehienbat, baina halako batean irudi ezberdin batzuk sortu zitzaizkidan, filma edo argazki irudi finko batzuk izango balira bezala. Bat-bateko argia zeukaten istorioak ziren haiek, ez ziren poesia, narrazio elementuak zituzten-eta. Horrela ekin nion mikrofikzioa idazteari.

Zer ezberdintasun dago inspirazio mota batetik bestera?
Beno, mikrofikzioak poesiatik badu, baina poesiatik ezberdintzen duen inspirazio mota bat da. Poesiak izan ditzakeen sentipenak eta abstrakzioak dauzka, baina gehiago doa argumentuaren edo narrazioaren ildotik. Dena den, mikrofikzio generoaren berezitasuna, ezertara ez mugatzea da. Ez dauzka nobelak edo ipuinak dauzkaten lokarri klasikoak, alegia, hasiera, korapiloa eta amaieraren lokarriak. Mikrofikziozko idazlana, poema batekin has daiteke eta saio nimiño batekin amaitu, edota narrazio batekin hasi eta poema irudi batekin amaitu. Nolanahi ere, ez da atzo goizean sorturiko generoa, gutxienez 4.000 urte baditu. Sumerioek eta egipziarrek munduaren itzulpen sinbolikoa eginez idatzitako mikrofikzioak aurkitu dira. Beraien munduaren agerpen sinbolikoa egiten zuten haietan, eta jakina, lau mila urte hauetan, mikrofikzioa ere eboluzionatuz joan da.

Nolakoa izan behar luke oraingo mikrofikzioak?
Nire ustez, egungo mikrofikzioak inguratzen gaituen errealitate konplexua irudizkatu behar du. Ezin du Joyce, Cortazar, Borges eta maisu handi horiek idatzi zutenaren berdina izan. Ezta duela hamar urte bizirik zeuden ideologiak eta pentsamoldeak irudikatu ere. 2002ko jarrera etikoak eta estetikoak azaldu behar ditu.