argia.eus
INPRIMATU
GIPUZKOA
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Abuztua. 1968. urtea. Frankismoak, berez guretzat salbuespen egoeran bizitzera kondenatzen bagintuen ere, ofizialdu egin zuen ohikoa bereziaren mailara eramanez. Atxilotuak kuartelillo eta komisaldegietan egunkariak kioskoetan baino ugariagoak, torturen eta torturatzaileen sailkatzea genuen mintzagai, tortura, parez pare behintzat inork ukatuko ez zizun errealitatea baikenuen. Tailerretan, fabriketan, bulegoetan, auzoetan eta herrietan eztabaidatu baino salatu eta desagerrarazi behar zena zen. Konpromisoa eskatzen zuen, torturatuen sendiari beroa, torturatuari laguntza materiala. Adostasun soziala. Esku bakar bateko hatzez zenbatu litezkeen komunikabide batzuk salbu, inguruko guztiak genituen aurka, torturak jasandakoak julioverneak baikinen. Ondarroako Andoni Arrizabalaga datorkit gogora, Guardia Zibilek Zarauzko koartelilloan hirugarren solairutik zintzilikatua eduki zutena, On Telesforo Monzon zenari "Itziarren semea" kantua bere tripetatik aterarazi ziona. Egun, beste batzuekin batera Aritz Beristain larrutu dute. Komunikabide batzuk salbu, ezer gutxi esan eta idatzi da torturatuei buruz. Alta, demokrazia honen berezitasunak ditugu itsukeria eta gorreria. Eta Aritz Beristain juliovernea