Beste herrialde askotako laborariek bezalaxe, Euskal Herrikoek ere ez dakite geroan zer gertatuko zaien beren nekazaritza ustiapen familiarrei, eta oso kezkati dabiltza. Izan ere, baldin Europako Batzordeak Nekazaritza Politika Bateratuaren erreformaren proposamenean jaso dituen planteamenduak nabarmen aldatzen ez badira, litekeena da, buruhauste horiek direla kausa, egoera larriak eta mobilizazioak ikustea. Joan den uztailaren bukaeran proposatu zuten erreforma, oporren bezperan, eta hil honetatik aurrera, irailetik aurrera alegia, hasiko dira gorpuzten. Hain zuzen ere, Europako Batzordeak hil honetan egingo ditu publiko erreforma horren gaineko legegintzako lehen proiektuak, zeren, egutegiaren arabera, 2003ko Eguberrian aurkeztu behar baitzaie testua estatuei, onar edo bazter dezaten. Oraingoz, estatu guztiek ez dute berdin ebaluatu erreformaren proposamena. Espainia, Frantzia eta Austria aldatzearen kontra agertu dira; Alemaniak, aldiz, oso begi onez ikusi du.
Irailean, berebat, eta arrazoi horrexengatik, sindikatuak eta mugimendu sozialak Bruselan konferentzia bat egitekotan dira: landako bizimoduak bizirik iraun dezala aldarrikatu nahi dute. Azken batean, indarrak elkartu nahi dituzte, PAC egitamua erreformatzearen kontra borrokatzeko, prezio duinak erdiesteko, elikagaien produkzioa lehenesteko nahiz jardunbide hori Europako esparruan defendatzeko eta janarien kalitatea ziurtatzeko jarrerak sustatzeko. Bestela esanda, hala EHNE euskal sindikatuak, nola Bruselan bilduko diren beste batzuek, gizartearen eskakizunei erantzungo dieten politikak suspertu nahi dituzte, ez nazioarteko merkataritzaren agindukoak.
ZERGATIK ORAIN ERREFORMA?
Nolatan erabaki dute PAC orain erreformatzea? Bruselan, 1999. urtean hartu zuten epe ertainean PAC aldatzeko akordioa; Agenda 2000 onartu zutenean, hain zuzen. Batzuek uste zuten doitze soila izango zela, baina erreforma sakon samarra izango da, antza denez, eta, egia esan, oso koiuntura jakineko proposamena da gainera. Alde batetik, beste herrialde batzuk ere hasiko dira kide izaten 2004. urtean, eta, ondorioz, gora egingo dute nekazaritzako gastuek. Beste aldetik, Merkataritzako Munduko Erakundearen (MME) eskakizunak daude, zeinek sektore liberatuagoa eta babes gutxiagoko nekazaritza produkzio familiarra nahi baititu, nekazaritzako industria handien mesedetan. Horrelaxe da hori guztia, nahiz eta Amerikako Estatu Batuek, oso bestela, beren laborantzari laguntzeko neurri gehiago hartu duten.
Bruselako datuen arabera, eta betiere laguntza zuzenak nahiz landa garatzekoak kontuan hartuta, Europako Batasuna handitzeak honenbesteko kostua sortuko du nekazaritza sektorean: 1.240 milioi euro 2004. urtean, beste 3.200 milioi euro 2005ean eta ia beste 4.000 milioi euro 2006an. Kide berrientzako laguntza zuzenei dagokienez, pixkanaka pagatuko dituzte 2004tik 2013 bitartean. Alabaina, landaren garapena da lehentasunetako bat, eta, horretarako, baliabide gehiago behar da edo gastuak murriztu behar dira. Europako Batzordeak laborantzako ekoizleen kontura aurreztea hautatu du.
PAC EGITAMUAREN ARDATZAK.
Hiru ardatz nagusi ditu Europako Batzordeak estatu kideei egin dien PAC erreformatzeko proposamen ofizialak, hots, jada ospetsua den Fischler komisarioak zuzendu duen egitamuak: gastuetan aurreztea, laguntzak beste era batera banatzea eta ordainketak sinplifikatzea eta bereiztea.
Gastuetan aurrezteko, 1992. urtean hasitako politikarekin segitu nahi du Bruselak: %5eko murrizketa egin nahi du belar laboreen prezioetan, eta, horien artean, %27 gutxitu nahi du laguntza ale gogorreko garian edo Afrikakoa deritzanean. Era berean, beheratze handia proposatu du bazka onduen eta arrozen laguntzetan, eta hektareako 100 euroko ordaina soilik aurreikusi du fruitu lehorretan. Espainiako Estatuaren kasuan, urteko 500 milioi euro gutxiagoko sarrera etor daiteke proposamen horren arabera.
Europako Komisioak, laguntzen gutxitzea ez ezik, merkatua kontrolatzeko mekanismoen urritzea edo kentzea ere erdietsi nahi du, dagoeneko olioarekin eta laborearekin gertatzen den legez, prezioak merkatuak berak behera ditzan. Ildo horretan, laboreetako hileroko igoerak ere deuseztatu nahi ditu: arrozari dagokionez, interbentzioko prezioak gutxitzea eta biltegiratze pribatua ezartzea du jomuga. Europako Batasunak, bada, dena merkatuaren edo konkurrentziaren esku utzita lortu nahi du kostuen gutxitzea.
PAC egitamuaren erreforman, gaur egungo funtsak beste modu batera banatzea da bigarren ardatza. Iaz, 2001ean alegia, 43.000 milioi euroko kostu totala izan zuten programa horretan. Kopuru horretatik, 37.127 milioi euro eman zituzten laguntza zuzen gisa (lehen pilarea) eta 6.500 milioi euro landa garatzeko (bigarren pilarea). Oraingo proposamenean, Europako Batasunak urterik urte %3 gutxitu nahi dizkie laguntza zuzenak, eskulanagatiko hobariak barne direla, 5.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituzten onuradunei. Zazpi urteren buruan, murrizpena %20ra iristea dute helburu eta kenketako funtsak landa garatzeko baliatzea. Horrenbestez, ustiapen bakoitzak 300.000 euro jasoko lituzke gehienez zuzeneko laguntza gisa.
Espainiako Estatuaren laguntzei gagozkiela -Hego Euskal Herrikoak ere hor kontatzen dira-, iaz 5.365 milioi euro heldu ziren laguntza zuzenetan eta 1.160 milioi euro landa garatzeko. Bada, oraingo proposamenaren arabera, landako nekazariek edo abeltzainek 1.200 milioi euroko murrizketa izango lukete patrikara zuzenean sartzen duten diruan. Hirugarrenik eta azkenik, laguntzak pagatzeko modua sinplifikatzea eta ordainketek produkzioarekin zerikusirik ez izatea proposatzen dute erreformaren testuan. Funtsean, ondoko hauxe dute xede: laguntza historikoetan oin harturik, ustiapen bakoitzari kantitate finko bat pagatzea.
ENPRESEN GOGOBETEKO PROPOSAMENA.
Ia Europa guztiko laborariek eta haien sindikatuek eta Europako Hegoaldeko estatu batzuek arbuiatu zuten zorrotzen PAC egitamua erreformatzeko proposamena. Era berean, Kontsumitzaileen Elkarteen Europako Bulegoko arduradunak ere etsi samarturik azaldu ziren, "erreforma behar bezalakoa ez delako". Aitzitik, Bruselako arduradunen nahiak gogobetegarri gertatu zitzaizkien industrialei, adierazi zutenaren arabera. Adibidez, Nekazaritzako Elikagaien Industrien EBko Konfederazioak iritzi hauxe kaleratu zuen: "Arreta handiagoa jarri dute merkatuan eta ingurumena errespetuz zaintzen duen produkzioan".
Euskal Herrira etorrita, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen politika aktiboei eutsiko diela, PAC egitamuaren erreformak sortutako baliabideen galera neutralizatzeko. Gobernuko sailburuaren hitzetan, Euskal Autonomia Erkidegoan %15 murriztuko lirateke Europako Batasunetik heltzen diren laguntzak, eta kantitate hori "onartezina" zela esan zuen. Batasuna alderdiaren ustez, Europako Batasunak nekazaritza liberalizatzeko eta ustiapen handien alde jokatzeko apustua egin du, eta, ondorioz, "ustiapen familiarrak bizkorrago desagertzeko balioko du". Horrela zioen bederen taldeko eurodiputatuak