argia.eus
INPRIMATU
GIZARTE ALDAKETEK ESKATZEN DUTEN HEZKUNTZA MOTA
Elisabeth Pombo 2002ko irailaren 15
Irakaskuntza arloko iraultza bezala definitu dute batzuek E-learning-a, ikasteko eta erakusteko modua zeharo aldatuko dituen iraultza, hain zuzen. Ikasleek nola ikasi eta irakasleek nola erakutsi ikasi behar dute.

Liburu forratu berriak, punta zorrozdun lapitzak, arbela eta klariona. Guztiok gure oroimenean gordetzen ditugun irudiak dira. Orain ordea, hori guztia CD-ek, ordenagailuek eta e-postek ordezkatu dute. Baina ikasteko modua aldatzeaz gain, hezkuntza bera ulertzeko modua ere aldatu egin da. Etengabeko prestakuntza da gaur egun garrantzitsua eta lana aurkitzeak ez du esan nahi ikasketa epea amaitu denik. Zentzu honetan interesgarria da Juan Jose Goñi Ibermatica enpresako Estrategia Proiektuen zuzendariak EHUko udako ikastaroetan emaniko ikuspegia. Goñik adierazi zuenaren arabera, hemendik urte batzuetara prestakuntzak gure bizitzan garrantzi handia hartuko du eta lanari eskainitako denbora murriztu egingo da.
Bestalde, teknologia berrien eraginez, hezkuntza negozio handia bihurtzen ari da. Adibide bat ematearren AEBetan 2003. urtean Internet bidezko ikasketek 7.535 milioi euro mugituko dituela uste da. Pentsa liteke joera hori laster iritsiko dela Euskal Herrira ere.

Autodiziplina handia.

On line ikasketek ordutegi aldetik malgutasun handia eskaintzen dute, norberak nahi duen moduan antolatzen baitu bere lana. Baina horrek ez du esan nahi ikasketak errazagoak izango direnik. Lanean eta era berean ikasten ari direnentzat denbora librea asko murrizten da eta ondorioz autodiziplina handia behar da. Horregatik aditu ia gehienak bat datoz gauza bat adierazten: e-learning-a helduentzat da egokia, ez hasierako hezkuntza gisa, haurrak bakarrik aurkitzean motibazioa galduko bailukete.
Abantailak abantail eta salbuespenak salbuespen, gauza bat dago argi: ikasteko modu hau gizarteak eskatzen duen etengabeko prestakuntzari aurre egiteko bide aproposa dela

«Sarritan bakarrik aurkitzen zara, inolako laguntzarik gabe»
Ane Urizar IKT Informazio eta Komunikazio Departamenduko langilea (Mondragon Unibertsitatea) izateaz gain, Hizkuntzen Psikopedagogia lizentzia ari da ikasten on line. Beraz, ederki daki zein izan ohi diren ikaslearen oztopoak ordenagailuaren aurrean bakar bakarrik aurkitzen denean.

Zergatik on line ikasketak. Esaterako dirua aurrezten al da?
Leku batetik bestera mugitu behar ez duzunez, gastuak murrizten dira. Baina bestalde, badira beste gastu batzuk. Adibidez, ikasketak egiteko ordenagailu apropos bat izatea beharrezkoa da, konexio apropos batekin eta abar. Garrantzitsuena denboraren kontua da. Etxetik lan egiteko aukera ematen du, ahal duzun orduetan.

Irakasleek prestatuago egon behar dute on line ikasketak emateko?
On line ikastaroak ematen dituzten irakasle gehienen kezka da hori. Teknologia Berrietan trebea izan behar zara eta beste ikuspegi bat izan behar da. Orain arte ikastordu presentzialetan emandako edukiak on line emateko prestatu behar dira.

Ikasleek nola hartzen dituzte mota honetako ikasketak?
Ikasleek hasieran beldurra izaten dute. Azken finean norberak izan behar du bere lanaren kudeatzailea eta sarritan bakarrik aurkitzen zara etxean inolako laguntzarik gabe. Horregatik guk ikasleen harreta zerbitzua dugu lau orduz arratsaldez, ikasleek beren kezkak eta abar galdetzeko aukera izan dezaten. Laguntza teknikoa eta bestelakoa ere ematen diegu.

Zer ikasle motak aukeratzen ditu ikasketa mota hauek?
Gehienbat helduak dira. Askok seme-alabak dituzte, ezkonduta daude. Sarritan lehenago beste ikasketa batzuk zituen jendea da on line ikasketak egitera animatzen dena.

Zer moduz daramazu lana eta ikasketak batera uztartzea?

Denbora librea asko murrizten da. Gogorra da iluntzean etxera iritsi eta berriro ere lanean jartzea. Familia izanda, familiako erabakia izan behar du honelako ikasketak hastea, ez norberarena bakarrik

Internet bidezko ikasketak Euskal Herrian
Euskal Herrian on line ikastaroak eskaintzen dituzten instituzio, unibertsitate edo elkarteak ez dira gehiegi. Europarekin parekatuz gero, oraindik atzean gaude, baina gero eta gehiago dira modu honetako ikasketak egitera animatzen direnak eta ondorioz, eskaintza ere handituz doa. Baina on line ikasketek zerbait ahalbidetzen badute espazioaren muga haustea da. Horrela, euskaldunok atzerriko unibertsitateetan ikas dezakegun heinean, atzerritarrek ere geurean ikas dezakete. Jarraian etxeko eskaintzaren errepaso txiki bat egingo dugu, ikuspegia zabaltzeak gai honi orrialde kopuru gehiago eskaintzea eskatuko bailuke.


UNIBERTSITATEAK.

EHUk, Deustuko eta Nafarroako Unibertsitateek eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako Fakultateek Internetera salto egin dute. Guztietatik ikasle eta eskaintza kopuru handiena EHUrena da. Iazko ikasturtean 1.661 ikasle eta 75 irakasgai izan zituzten. Noski, Bergaran egoitza duen UNED ere ezin dugu ahaztu.


HEZKUNTZA PROFESIONALA.

1999an hasi zuen Zabalnetek bere ibilbidea, hezkuntza profesionala eta Internet uztartu asmoz. Gaur egun, ikastaroak emateaz gain, azpiegitura bera ere merkaturatzen du. 2002ko irailetik aurrera Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuak ere hezkuntza profesionalari dagozkion 16 ikastaro on line eskainiko ditu.


EUSKO IKASKUNTZA.

1997an hasi zen on line ikastaroak eskaintzen. Hortik aurrera, pixkanaka urtez urte eskaintza handituz joan da. Hurrengo ikasturteari begira zortzi ikastaro eskainiko dituzte.


EUSKALDUNTZE ALFABETATZEA.

Habek iazko ikasturtean irakasleei zuzendutako bi ikastaro eman zituen on line. Ikasleei zuzendutako euskara ikastaroak berriz, Hezinet autoikaskuntzarako programaren baitan biltzen ditu. Gainera euskara ikasi nahi duen ororentzat lagungarri izan litekeen aldizkari elektroniko bat ere osatzen du Habek.


www.ehu.es
www.deusto.es
www.unav.es
www.huhezi.edu
www.uned.es/ca-bergara
www.zabalnet.com
www.fmh.es
www.asmoz.org
www.habe.org