argia.eus
INPRIMATU
Aritz Gorrotxategi Mujika
Pilar Iparragirre 2002ko irailaren 15
Azalduko al zeniguke zer den «Taxi bat Hamletentzat»?
Harkaitz Canok egindako hitzaurrean adierazten den bezala, liburua, alde batetik bestera etzaten den tren moduko bat da: errealitatetik fikziora eta, alderantziz, fikziotik errealitatera. Leihotik ikus daitezkeen irudiak, istorioak dira batik bat.

Zer ezkutatzen da istorio horien atzean?
Sentimenduak edo ideiak. Boterea, bakardadea, komunikazio eza, txirotasuna... Esango nuke, lan honetan, modu mitiko eta, batzuetan, ia mistiko batez baliatuz, hiri handien eta globalizazioaren efektuak azaleratzen saiatu naizela. Hala ere, ironia eta surrealismo puntuak mantentzea ezinbestekoa da gizaki izatearen kondena hobeto eramateko.

Nortzuk dira zure poemen protagonistak?
Sarritan, galtzaileen ahotsak entzungo ditugu, hauek baitira memoria zutik iraunarazten dutenak. Baina ahots horiek anitzak dira, kalifa bat ere galtzailea izan daitekeelako. Inor ez dago salbu. Figura edo elementuak azpimarratzekotan, bi aipatuko nituzke: itsuaren figura eta irudimena. Itsua, esentziaren ideiarekin lotua dagoelako. Begiekin ikusten ez dutenez, munduaren ulermen zabalago bat dute, beste zentzumenak erabiltzen dituztelako. Eta horixe da hiriko bizitzak eta globalizazioak gaitzesten dutena, eszeptikoaren figura, ikusten duguna bakarrik sinestea nahiko luketelako, hau da, ikustera ematen digutena baizik ez. Liburuan, fede itsuaren aurkako aldarrikapena dago. Era berean, poema bilduma honen helburuetako bat, munduaren gorabeherak irudimenaren bidez lantzea izan da. Erantzun asko egon daitezke, poema ez baita igarkizun bat, izeberg bat baizik.