Uztailaren 21ean irakurri nuen «Gara»n Txileko 3.000 ebanjeliko Gobernuaren egoitza aurrean bildu zirela... protestatzeko! Zergatik? Spencer Tunick estatubatuarrak lau mila laguni biluzik egindako argazkiarengatik. "Herriaren duintasunaren eta moralaren aurkako atentatutzat" jo omen zuten argazkia, eta "horrelako adierazpen sasiartistikoekin Txilek behea jo dezake" esaten omen zuten.
Hasteko, horrelako jendeak erotismoaz ezer gutxi ulertzen duela iruditzen zait. Jakin beharko lukete libidoa baretzeko erremediorik onena nudismo masiboko lekuak direla. Hondartza nudista batera zoazen lehenengo aldian, agian lepoko mina egingo zaizu lehen ordu erdian, baina gero uhinen dantza miresten edo nobelatxoa irakurtzen duzu. Alegia, lau mila pertsona batera, biluzik, ziur asko ez da lekurik tentagarriena "haragikeriak" egiteko.
Eta banago kristau horiek umorearen grazia ere urri samar dutela. Oshok zioena gogoratu beharko lukete: "Niretzat seriotasuna gaixotasun bat da; umoreak bihozberago egiten zaitu, apalago. Umorea, nire ustez, funtsezkoa da erlijioan".
Baina serioak ere ez dira. Pinotxeten "bihurrikeriekin" (milaka batzuei tripak atera, lepoa moztu, arrainen bazka bihurtu... argazkirik gabe, hori bai!) Txilek behea jo ez bazuen, orain argazki inuxente batengatik hondoratuko ote da, bada?
Gorputzaren, sexuaren, plazerraren, emakumearen... aurrean zenbait erlijio nagusik (judaismoak, kristautasunak, islamak...) dituzten erreparoak zaharrak eta sakonak dira, eta biziki kutsatu dituzte ustez laikoak diren pentsamoldeak ere. Asko idatzi da honetaz, eta besteak beste hor dago, irakurri nahi duenarentzat, Michel Foucault-en «Sexualitatearen historia». Tristeena da gai hauetan jarrera itxiena dutenek gero tripako minik gabe digeritzen dituztela beren soldaduek atzerrian egindako gerren albo-ondorioak, estatu-bortizkeria, multinazionalen makro-lapurreta eta mega-ustelkeriak, alde askotako miseria gorria, pipiak jotako demokrazia...
Beste albistea -niretzat garrantzitsuagoa eta pozgarriagoa- Canterburyko artzapezpiku berriaren izendapena da. Eliza anglikanoak bere burua izendatzerakoan baditu itzal anakroniko batzuk, azkar gainditu beharrekoak: gobernu eta monarkia britainiarraren esku-hartzea, adibidez. Gauza on bat ere badu, ordea, auzokoentzat eredugarria: Jainkoaren baimenaz, 70 urtera iristean kargua utzi behar dutela nahitaez. Uztailaren 23an, Rowan Williams Galesko artzapezpikua izendatu zuten munduan zehar zabaldutako 70 milioi anglikanoen buru.
Bi haurren aita honek emaztea ere teologoa du, eta 52 urte ditu orain; beraz, aurrez kargua uzten ez badu, 18 urte geratzen zaizkio Eliza Anglikanoa XXI. mendeko kristautasunaren erronken aurrean kokatzeko. Eta egia esan, itxaropen handiak sortu ditu, gorago aipatutako fundamentalista eta tradizionalisten artean izan ezik.
Intelektual eta teologo argia eta ortodoxoa, espiritualtasun sakonekoa, liberal-ospea du gainontzean: Eliza eta Estatua erabat banatzearen aldeko, oso kritikoa iazko irailaren 11z geroztik Mendebaldeak daraman politikaz, dibortziatuak elizaz berriro ezkontzearen aldeko, emakumeak gotzain ere egitearen aldeko, homosexual "praktikanteak" ere ordenatu izan ditu...
Interesgarria gerta liteke gidaritza berriaz Eliza Anglikanoak egiten duen bidea. Zergatik? Protestantismoaren barruan anglikanoak izanik Erromako Eliza Katolikotik hurbilen daudenak, anglikanoek egindako aurrerapausoek oihartzun berezia izan ohi dutelako Eliza Katolikoan, bereziki eliza honetan ere askok eskatzen dituzten neurriak badira.