argia.eus
INPRIMATU
«Subjektu izan beharrean azpisubjektutzat gauzkatela esango nuke»
2002ko irailaren 08a
Idazleak izendatzean, literatura eta pentsamenduaren idazleak bereizten dituzu. Areago, zuk zeuk ez duzu zure burua idazletzat jotzen. Argitu iezaguzu jarrera hau...
Beno, bi idazle mota bereizi beharko liratekeela uste dut, ni ez bainaiz idazle, ez naiz behintzat idazle ulertzen den zentzuan. Pentsamenduaren joslea gehiago naiz bestelakorik baino. Idazleak fikziozko mundu bat sortzen du, bere irudimenean oinarriturik. Geurea -nirea behintzat- sormena baino gehiago pentsamenduaren ehungintza da, hamaika iturritatik edanaz buruturiko idazketa.

Saiakera ez bide da bere onenean. Gure ahuldade intelektualaren seinale al da hori?
Saiakerak bere une ona ere izan zuen Frankismoaren azken aldean. Testuinguru ideologikoa eta politikoa bestelakoa zelako-edo, pentsamendu politikoak oihartzun handiagoa izan zuen orduan. Egun pentsamendu ahularen aroan bizi garela dio zenbaitek, eta Euskal Herrian horrek ere eragina baduela dirudi. Izan ere, kultura ikuskizuna bihurtu bazaigu, kultura kontsumorako produktu estetiko bihurtu bazaigu, baliteke horrexegatik pentsamenduaren jarduera egoera txarrean izatea, ez Euskal Herrian soilik, nazioartean ere bai. Ikuspegi teoriko eta kontzeptual zabalagoa bat eskatzen duen jarduera izaki, ez da gaurko kulturan gehien erakartzen duen literatur generoa, antza.

Nola hautematen dituzu euskal intelektualak?
Euskal intelektual munduak badu bere unibertso txikia, alabaina, Euskal Herriari beti ukatu egin zaio bere izaera, edozein gauza dela ere, beti kategoria mailan gabiltza, beste zerbaiten kategoria gara. Subjektu izan beharrean azpisubjektutzat gauzkatela esango genuke. Badugu ordea pentsamendu propioa. «Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan» liburua honen adibidea da. Literaturgintzan nahiz pentsamenduan intelektualak baditugu, puntakoak gainera, eta berriak sortzen ari dira. Euskal Herriak intelektualen esparru hori behar du, kategoriatik unibertsora doan bidea osatuz joan behar dugu euskaldunok