Sarritan petrolio produkzioa aipatu da Kaukasoko egoera nahasiaren gakotzat. Baina denbora ari da eraskuten ez direla petrolio erreserbak halako saltsak antolatzeko bezain aberatsak. Kaspio itsasoko petrolioaren garraioan dago zehazki arazoa.
Batzuen ustez Kuwaiteko erreserben adinako petrolio poltsa omen dago Kaspio azpian oraindik. Beste batzuek diotenez, CIAk berak puztu ditu zifra horiek, geoestrategia aldetik Errusia ahultzeko garrantzizkoa den eskualde baten garrantzia propaganda horrekin handiagotzeko. Petrolio asko dago hemen, edonola ere.
Hein handi batean Azerbaijango jabegoko lur eta uretatik ateratzen da, eta betidanik Errusiak bere eremuetara eraman nahi izan du. Hala dago martxan Baku-Novorossisk hodia. Sobiet Batasuna erorita, Estatu Batuek eta Europako Batasunak Georgia, Ukraina, Azerbaijan eta Moldaviak osatutako taldea sendotu nahi izan dute, eta horren barruan Kaspioko urre beltza Georgiako portu batera ekartzeko hodia bultzatu, Soupsara, Itsaso Beltzean.
Ordainetan, berez korapilatsua den Kaukasoko egoera gehiago nahasten saiatu dira urteotan errusiarrak. Eskualde horretako errepublika guztiek nozitu dute barne liskar edo gerraren bat, etnia aldetik oraindik konpondu gabe dagoen hainbat arazok ere esplikatuko lukeena. Baina Moskuk aspaldik ondo ezagutzen dituen armak ere erabili ditu. Militarrekin presioa egin alde batetik, eta makiavelismo puska batekin herrialde bakoitzeko taldeen arteko liskarrak eragin, bestetik. Txetxenian honek sekulako eragina izan duela dirudi