Euonymus europaeus landare zabaldua eta ezaguna da ia Euskal Herri osoan. Euskaraz duen izen mordoa adierazle: Lapurdin eta Gipuzkoan basaerramua, Bizkaian zapatari egurra edo zapatari bedarra, Baztanen madarikatua eta Bergaran jasotako bildots egurra.
Basaerramua baso bazterretan eta sailen arteko itxitura eta eskarduretan elorri zuri eta beltz, zumalakar, zuhandor, arkakarats, lahar, sagar eta udare makatz eta abarrekin nahastuta bizi ohi da. Udazkenean, lurrera erori aurretik, kolore gorri bizi ederra hartzen dute hostoek. Sasoi bertsurako fruitu zintzilikarioek arrosa kolore deigarria garatua dute. Hauek pozoitsuak dira eta gizakiok bezalaxe arazo larriak izan dituzten zaldi, ahuntz eta ardi askori buruzko berri jaso izan da. Hortik dator, apika, madarikatua izena. Pozoi hau geure buruetako zorriak hiltzeko maiz erabili izan da.
Basaerramuaren egurra ezpelarenaren tankerakoa da, zuri-larua, gogorra eta lantzeko fina. Arkuak egiteko adinako malgua da, arkatzaren lana egiteko ikaztu izan da, bolbora ona ematen du, koilarak, orratzak eta artilea eta lihoa lantzeko linaietako ardatzak egin izan dira berarekin eta, zapatari egurra izenak jaso duen eran, langintza honetan aritzen zirenek orkoiak egiteko ondo berea zuten