Koldo Izagirrek Xabier Mendigurenek «Zehar» aldizkarian eginiko elkarrizketan, egindako adierazpenetako batzuk dira hauek:
«Nik uste dut egileak libre jokatu behar duela, bere senari eta dauzkan baliabideei egokien datorkien moduan idatziz. Libre izateko, jakina, informazioa edukitzea inportantea da, zeure inguruan zer egin den eta zer egiten ari den jakitea, ahalik eta inguru zabalenean, ez bakarrik zeure hizkuntzan. Hau inportantea da batez ere eremu urriko hizkuntza batean idazten dugunontzat, ikuspegi aberasgarri bat hartu ahal izateko. Hau, batzuek, imitazioak egiteko erabili izan dute, eta horren kontrako erreakzioz edo, beste batzuek nahiago izaten dute ‘ez kutsatu’, eta ez dute ezer jakin nahi izaten besteenaz... Lauaxeta kasu polita da: besteena ia imitatuz ekarri zuen aire berri bat, hainbesteraino geunden olerkarien autismoan itota. Olerkariek, ordea, euskaltzale handi haiek, bigarren eta hirugarren mailako poeta espainiarren topikoak erabiltzen zituzten, eta askotan oharkabean... Egoera horrek bultzatu zuen Lauaxeta poesia idaztera bera poeta izan gabe, eta gure poesia modernoa abiatu zuen. Jakin egin behar da kutsatzen, originaltasuna lortzeko».