Urepeletik Sorogainera, ibarreko behien arrastoari segika

Baigorri Aldude, edo Erroko bailara moduan izendatu izan da arrazoi desberdinak direla medio. Baigorriko herria buru dela beste 8 herriekin Baigorriko harana osatzen dute. Mendi garaiez inguratua Sorolepo Iturrunburu eta Adi hegoaldean, Albako Harria ipar-mendebaldean eta Errola ipar-ekialdean Aldude ibaiak hartzen ditu mendi hauetako guztietako urak, Aldude harana osatuaz. Erro ibarra ere deitzen zaio.

Urepelek Nafarroarekin egiten du muga eta muga gatazkatsua izan da berau. Muga honen gatazkak XIV. mendeko dokumentuetan agertzen dira. Gatazka hau 1785ean baretu zela dirudi, Nafarroa Behereko abeltzainek beraien zerrientzat larre hauek erabiltzearen truke Nafarroako erregeari bost zerrietatik bat ematea adostutakoan. Gertaera honetatik dator Urepelen hegoaldean eta gaurko txangoan aipatuko ditugun mendien izena: Kintoa.
Abeltzaintza da jarduerarik garrantzitsuena ardi, esne eta behi haragi eta zaldiekin, baina, nekazaritzak ere lagundu izan du biztanleen mantenuan artoa, zuhainak, eta barazkiak ekoiztu dituztelarik. Eta nola ez elikagai industrian esnekiak eta gazta izan dira diru iturri. Ikusten denez lehenengo sektorearen inguruan mugitu da bertakoen bizimodua eta hau guztia bere paisajean idatzia gelditu da. Jarduera berrienen artean arrain haztegi bat dago herriaren sarrera-sarreran.
Inguru honetan kokatzen da, aste honetako ibilbidea eta txangoan zehar bizimodu honen aztarnak agertzen joango dira. Elizan aurrera egin eta Urepeleko herria zeharkatu ondoren azken-azkeneko etxe multzoan ezkerrera hartuko dugu (elizatik kilometro batera). Zutoin adierazle batek errepidera zuzentzen gaitu eta beronek Sorogainera eramango gaitu. Errepidean zatitxo bat egin ondoren, ezkerreranzko bihurgune gogor batean bidezidor zabal bat nabari da. Berau eskuinera hartu eta bailaran gora egingo dugu baso moduko zuhaitz multzoen artean. Gaztainak, haritzak, pagoak eta gereziondoak ikusiko ditugu eta zuhaitz multzoetan ugariak dira txoritxoak eta hemen ere kanta desberdinak entzun ditzakegu. Azpibasoko zuhaixkak ere ez dira urri eta maldan gora egitea atsegina bihurtzen da indarrak gurekin direnean. Laugarren kilometroan bideak errepidearekin bat egiten du eta eguraldiak laguntzen badigu haran osoa ikusi dezakegu. Gibelean Urepele, eta aitzinean Sorogaingo lepoa eta Iturrrunburuko gailurra. Aurrerago Frantzia eta Espainia arteko muga igaroko dugu. Zazpi kilometro egin ditugunean Sorogaineko lepora iritsiko gara. Hauek dira bi bailaren arteko liskar gai izan diren ganaduaren bazka. Erraz ikus daitezke behi eta zaldiak. Zaldiak baztandarrek uzten dituzte mendietan eta baigorriarrek aldiz, behiak izaten dituzte. Kintoa ezaguna bihurtu duena ez dira larreak, Baztan aldean ikusten diren basoak, eman diote Kintoari ospea. Gaurkoan ordea larre hauek sortzen duten bizimodua eta larre hauen inguruan eratzen diren egitura eta usadioak ikustera hurbildu gara. Lepo honetatik ezkerrera hesi batek zeharkatzen duen mendia topatuko dugu. Iturrunburu gailurra da berau eta bi bailarak ikusteko irrikaz igoko gara bertara. Sai eta beleak izutuz edo beraiek gu txundituz mantso igoko dugu malda. Saien artean igitai formako isatsa duten hegaztiak ikus genitzake, miru gorriak ziurrenez. Isatsari erreparatzen badiogu norabidez aldatzeko mugitzen dutela ikusiko dugu. Baina gure oinetara begiratzen badugu larreko belarrak ikusiko ditugu garaiaren arabera loraturik. Horien artean Scilak eta Erytroniumak ezagutuko ditugu. Ezagunak egiten ez bazaizkigu ere erreparatu dezakegu zein desberdinak diren. Horrela, hegazti eta landareei begira berehala igotzen da malda eta konturatzerako gailurrean gaude. Gailurrean, Aratungo lepora iritsiko gara GR11 bidearekin bat eginez, Adi mendia aurrean dugularik. Bidean, Kintoko pagadi ertzetik igaroko gara. Pagadi hau liluragarria da, baina basapiztiek uxaturiko sagutxoen moduan, ez gara bere barnean murgilduko, bertakoak diren pagoek ere lepoetako haize hotzek guztiz desitxuraturik, kikilduta eta dardarka daudela dirudite eta. Adiren bizkarra zeharkatuz Esnezelaieta eta Adi arteko lepora iritsiko gara.
Hemen GR11-ko marra zuri-gorriak utzi eta bidea jarraituko dugu Patarramoho arte. Hemen pista hartuko dugu. Pista errepide bihurtzen da eta unai edo abeltzainen etxeen artean Urepelera itzuliko gara
Behiak Sorogaineko larreetara igotzeko prestatzen
Aste honetan deskribatu dugun ibilbidearen lehen zatia, Urepeletik Sorogainera doan bidea, hain zuzen, ibarreko behiek Sorogaineko larreetara igotzean egiten duten bidea da.Urtero udaberriaren giro goxoarekin batera Azkarate, Lasa, Aldude eta Urepeleko behiak Kintoko larreetara igotzeko markatu egiten dituzte eta buruko 64 euro ordaindu behar dizkiote Nafarroako gobernuari. Urepelen, hamarrak ingururako biltzen dituzte elizaren aitzinean. Abeltzain edo unai bakoitzak bere behiak txukundu eta gero, zintzarririk dotoreenekin apaindurik doaz. Lerrokaturik, Nafarroatik datozen markatzaileengana hurbiltzen dira banan-bana.Urduritasuna nabaria da giroan eta abereak hau sumaturik marruka hasten dira herriko karriketan sartu bezain pronto. Kalean aurrera doazen moduan makilakadak eta eztenkadak ugaritzen dira. Elizaren aitzinera iristean metalezko pasadizo estu batean sartzen dituzte ahal den moduan.Giroa borborka dago, jende guztia adi, azalaren erre usaina eta kea nondik ote datoz? Abeltzain eta sudur luze guztien aurrean, burdin goria erabiliz, Erro ibarreko marka erretzen die larruazalean. Ez dezatela esan animaliek sufritzen ez dutenik, baina hori nori axola zaio? Bizitza horrela omen. Zerbait alatzeko lehenik larrua utzi behar. Hala bada, giroa baretzen da eta behiak herria igaro eta Sorogaineko larreetara joaten dira, iraila arte badute han bazka.

1856tik jarraitutako usadioa dugu hau, Historian zehar inguruko mendi hauen guztien erabilera bertakoena izan da. Baztandarrek, hau da nafarrek, zein baigorriarrek (Nafarroa Beherekoek) erabili izan dituzte bien artean dauden mendiak eta Historian zehar milaka iskanbila sortu dira beraien artean. XIV. mendekoak dira ditugun lehen datuak. 1400. urtean baigorriarrek erabili zitzaketen mendiko larreak. Baina, hurrengo mendean baztandarrak izan ziren erabiltzaileak. Liskarrak 1785. urte arte iraun zuen eta urte horretan hitzartutako tratatuaren bidez konpondu ziren arazoak. Baigorriarrek lur hauetan bazkatzen zuten bost zerrietatik bat nafarrei eman behar zieten hitzarmen honek zioen moduan. 1856an istilu gehiago izan ondoren berriro adostu zen hitzarmen bera eta gaur egun kuota bidez ordaintzen dute Kintoko lurren erabilera baigorriarrek. Eta Urepelen udaberrian ospatzen den behi markaketak ere sorburu bera du. Ordaindu beharreko kuota zehazteaz gain bi bailaren arteko harremanak sendotzeko aukera ona da


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude