argia.eus
INPRIMATU
LAGUN
Joxemari Ostolaza 2002ko uztailaren 28a
Min batek kontatua da gaur dakardana. Gobernua-Garzon jardunen harira, lagunak, kirolzale porrokatua bera, xehetasunak xehetasun neguan futbolari, udan txirrindulari eta urte osoan mendizale, garai bateko Tourrean gertatuaz ihardetsi zidan. Etapa batean, Jacques Anquetilekin batera Jose Luis Talamillo omen zihoan tropeletik alde eginda. Talamillo Anquetil baino esprinter hobea zelakoan, lagunak gogoan ez zuen zuzendariak sekulako itxaropenak omen zituen etaparen bukaeran emanak. Dale-daleka, benga- bengaka, aguantale-aguantaleka igaro omen zituen kilometroak Talamilloren belarriak garrasika oratzen, bere pupiloak kokotzan zeraman mingainari erreparatu gabe. Helmugara hurbiltzean, bere mutilaren bizikletaren aurreko gurpila Anquetilenaren atzekoarekin itsatsita zeramala ikusirik, oihuka lehertzen aritu omen zitzaion frantsesari esprinta jotzeko aginduz. Anquetilek ez omen zuen izan arazorik etapa hura irabazteko. Izerdia kendu ezinik zebilela, zuzendariaren purrustari honela erantzun omen zion Talamillo zenak: "ez dudala esprintatu ? Azkeneko hogei kilometrotan bera jarraitu ahal izateko esprintean etorri naiz eta!"