argia.eus
INPRIMATU
SINDROME ALKOHOLIKOA
Jabier Agirre 2002ko uztailaren 21
Espainian, urtero-urtero, jaioberrien artean 1.000-1.500 kasu erregistratzen dira, sindrome alkoholiko fetala esaten zaiona jota jaiotzen diren jaioberriena. Eta ume horiek haurdunaldia bitartean gehiegizko alkohol-kopurua kontsumitu duten ametatik jaiotzen dira, noski. "El alcohol, un amigo de cuidado" liburuaren egilea eta Unibertsitate Konplutentsean irakasle den José Ignacio de Arana pediatrak dioenez, sindrome horrek jota jaiotzen diren umeak pisu eskasa eta taila txikia izaten dute, atzerapen mental gogorraz gain.

Aurreko sintoma horiek gutxi balira, sindrome alkoholiko fetala da hazkundeko arazoen, paralisien, eta aurpegi nahiz gorputz-adarretako malformazioen kausarik ohizkoena. Adituaren ustez, haurdun dagoen emakume batek ez luke alkoholik edan behar. Eta emakume gazteek, alkohol gehiegi kontsumituz gero normalean, seme-alaba erasanak izan ditzakete, haurdunaldian edateari uzten badiote ere.
Espainian edalearen profila oraindik ere 19-28 urteko gizonezkoarena baldin bada, ezin uka daiteke emakumezkoen artean alkoholismoak gora egin duela azken urteotan. Izan ere, inkestek diotenez, alkohola kontsumitu duten emakumeen kopurua ikaragarri igo da, eta azkeneko datuen arabera, % 50-80 bitartean dago gaur egun. Edozein alkohol-dosi, txikiena izanda ere, arriskutsua da. Zenbat eta gehiago edan emakume haurdunak, orduan eta txikiagoa da haurtxoaren koziente intelektuala. Eta haurdunaldia bitartean egunean bost zerbeza hartzea nahikoa da sindromea ezinbestean agertzeko