Zintzilikarioak ez baina "Erreginaren belarritakoak" izenez ezagutzen dugu urtetan eta urtetan gure baserritan eta kaletxetan erruz landatu den Fucshia sp. landarea. Erreginaren baten lorategian jasoa izanagatik eta belarritako tankerako lore zintzilikario koloretsu berezietatik datorkio izen xelebre hori.
XVIII. mendearen hasieran Charles Plumier misiolari frantsesak Santo Domingon aurkitutako genero honetako landare bati Fuksia izena eman zion, Leonhard Fucsh (1501-1566) Tübingengo Unibertsitateko medikuntza katedradunaren omenez. Gerora Erdi eta Hego Amerikan, Zeelanda Berrian eta Tahitin genero bereko espezie gehiago aurkitu ziren. Mexikoko Fucshia magellanica, Fucshia coccinea eta Fucshia fulgens espezieen arteko hibridoak izan dira gaur egun arte, eta oraindik ere etengabe sortzen ari diren fuksia gehienen arbasoak.
Fuksiak ia edozein lurretan biziko dira, baina eguzkia tamainan eta azido punttua duen eta urari eusten dion lurra baditu sekulakoa egingo zaizu. Fuksia aukera izugarria da baina mintegietan banaka topatuko dituzu. Lasai, gustuko duzun horixe erosi ezinik bazabiltza dagoen tokitik adar-muttur pare bat hartu eta lur onean landatu. Erraz itsasten da eta urte-sasoi egokiena da hauxe