argia.eus
INPRIMATU
BOROAKO EZARPENA
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 16a
Zornotzako udal gobernuaren eskutik Boroan ezarri nahi den zentral termiko berria, EAJk gainbegiratutakoa eta herritarren borondatearen kontrakoa, aurrera doa. Zornotzako Udalak eman dio jada jarduera baimena zentral berria eraikiko duen ESB Irlandako enpresari. Orain falta den gauza bakarra obra baimena ematea da eta EAJko alkate Begoña Azarlozak esan duenez, laster emango diote. Horrela prozesu beltz honi amaiera emango diote, non, Francoren diktaduran bezala, herri horretako gehiengoaren borondatea, kaleetan eta hautestontzietan argiki azaldua, zapaldu den. Lemoizko zentral nuklearrarekin egin zen bezala. Bizilagunak berriro ere kalera aterako dira datorren 20an planta honi berriz ere ezezkoa adierazteko asmoz. Dirudienez, lanak berehala hasiko dira, eta EAJk izango du gerta daitekeenaren erantzukizuna. Lemoizen historia gertuegi dago, ahaztu ahal izateko. Dagoeneko azaldu dira lehen pintadak udaletxean mezu honekin besteak beste: "Boroa SOS". Herritarren borondatea errespetatzeko aukera dago oraindik. Errespeta dezatela. Bestela, bakoitzak bere gain har dezala dagokion ardura