Zer iritzia duzu Espainiako Estatuan burutzen den torturaren praktikaz, handi-handika.
Estatuak torturaren praktika burutzen dela ukatu egiten du, baina dagoeneko sententzia eta zigorra nahiko izan dira tortura parktikatzen dela frogatzeko. Espainiako Gobernuek berau ukatzen dute, baina beren jarrera ez da lotzen errealitateak erakutsitakoarekin.
Torturaren praktikan aldaketarik izan al da azken hogei urteetan?
Torturaren praktikaren funtsa eta bere errealitatea ez da aldatu. Hau da, gaur egun torturatzen ari da Estatuak behar eta nahi duelako. Hogei urteotan zirkunstantziak ez dira aldatu. Ziur aski torturatzeko moldea aldatu da, garaiaren, une politikoaren eta polizien arabera, baita atxilotuak izan diren pertsonen arabera ere. Baina gakoa hauxe da: tortura ekimen sistematikoa da.
Zer esan nahi du torturaren kasuan, sistematikoak?
Sistematikoak ez du esan nahi beti praktikatzen dela, sistemak erabiltzen duen praktika dela baizik. Hau da, poliziak torturatzen du behar duenean eta pertsona bat bere eskutik pasa ostean txikitua gelditu dela agertzea interesatzen bazaio, hori agertuko du. Adibidez, poliziak atxilotu ditzake bost pertsona eta denak tortura ditzake, edo bakar bat, edo bat bera ere ez. Baina ez da auzitegiari dioten beldurrarengatik, edo ez torturatzeko agindu bat dutelako. Tortura sistematikoa da. Hainbat jendek gaizki ulertzen du sistematiko hitza, beti burutzen den praktika bezala. Niretzako, sistematikoa sistemak behar eta nahi duenean erabiltzea da.
Ez da logika batez egiten, alegia.
Ez. Zenbaitetan atxilotuei ez zaie eskua gainean jartzen, baina datorren astean beste batzuk basatiki torturatuak izango dira. Ez dago azalpen logiko bat, kanpotik ez gara gauza jakiteko zergatik batzuei bai eta besteei ez, hori poliziak soilik daki. Objektiboki, gaur egun batzuek jasotzen dituzte torturak, bestetzuek tratu txarrak eta beste batzuek ezertxo ere ez.
Atxilotuari aplikatzen zaion prozedura sistemaz zer iritzi duzu, azkenik?
Prozedura objektiboki pentsatua dago, atxilotze prozesuak eta funtzionamenduak ahalbidetzen dute tortura. Hasteko, Entzutegiko epaileek berehala onartzen dute atxilotuaren inkomunikazioa, ia inoiz ez dute kontrakoa esaten. Kasu batzuetan, gainera, atxiloketaren luzapena onartzen dute. Honek espazio beltz poliziala errazten du, denbora honetan ez dago kontrol gutxieneko bat polizia eta guardia zibilen egoitzetan gertatzen ari denaz. Denbora honetan, agente bakoitzak bere rola jokatzen du. Hasteko, polizia atxilotua legez kanpo ari da itauntzen eta aldi berean torturatzen