Gertatzen ari dira gertaerok areto publikoetan. Duela bi asteko igandea Lasarte-Oriako pilotazaleentzat historikoa izan da, bertako pilotari amateurrek lehen aldikoz jokatu baitzituzten herriarteko finalak. Hernani irabazle. Eta hogei urte baino gehiagoko jarduna daraman Solano lasartear entrenatzailea -gogoan dut Añorgako frontoian gazteei pilotan erakusten ikusia- pilotariekin batera protagonista izan beharrean, Ana Urchueguia alkatesa saiatu da izarra izaten, eskuak urratu gabe eta izerdi geldian. Zaleek iraindu omen zuten, bertako inoren babesik jaso gabean. Eta ursulina bailitzan agertu zen prentsaren aurrean, bere aurkako tamainako oldartzea salatuz. Nik egia esan, hastapenetik alkatesarenari operazio komertzialaren itxura hartu nion, gehiengo osoa mantentzeko ahaleginetan kokatzeko moduko publizitate ekintzaren usaina zuenarena hain zuzen. Eta egunak joan ahala, bertan zirenen batzuen ahotik entzundakoaren arabera egiaztatu egin zait susmoa, ardura publikotan dabiltzanek txaloak bezala txistuak jasotzen jakin behar bailukete, eurek aukeratutako ofizioaren ezaugarria baita. Baina Urchueguia andereak ezin utzi aukera hori Solano eta bere pilotarien eskutan. Zatarregiak noski