argia.eus
INPRIMATU
BIHOTZ KONTUAK (II)
Jose Ignazio Ansorena 2002ko uztailaren 07a
Zergatik jo nau bihotzekoak? Potoliko nengoelako -iada ez-, lan eta kezka gehiegi nituelako -iada eee...-. Eta behar bada, azken garaiotan bihotzari emozio handiegiak pasarazi dizkiodalako. Egia. Batzuk etxerako utzi beharko. Baina kontatzeko modukoak ere badira.

Euskal Herriko Txistularien Elkarteak joandako otsailaren hogeita lauean, bere Urrezko Domina ezarri zidan. Eta ez nago ohituta horrelako bihotz ikarak sentitzen. Badakit itxura mantentzen noski, urte asko baitaramatzat oholtzen gainean eta jende aurrean agertzeak ez nau izutzen. Baina Txistulari Elkartearen Urrezko Domina jasotzea beste mailako kontua zen. Oso pertsona gutxiri eman zaie. Aurrenekoa 1927.ean Arrateko Ama Birjinari eman zitzaion eta, teolojia handitan sartu gabe pertsona dela ez dakit esan daitekeen (hau ere ez ez da sexu hizkuntza erabiltzea, alegia ez da emakumea izateagatik, baizik-eta Ama Birjina delako). Gure familian ordurarte bik zuten -aitona Isidrok eta osaba Jose Luisek- eta ni hirugarren dominaduna naiz. Eta, batez ere, kontu pertsonala zen: neroni ematen zidaten. Han ez nuen paper bat antzeztu behar, ez nuen itxurarik egin behar, han ni neu egon behar nintzen. Hainbeste urte oskola sendoa prestatzen eta, adiskideek behartuta gainera, nire adinean oskoletik irten behar. Bihotz ikara.


DONOSTIAKO UDALETXEKO Aretoan burutu zen Ekitaldia, txistulariek beste inork antolatzen ez duen moduan joan zen. Bihotz ikarak bata bestearen atzetik etorri ziren. Politena, sartu eta berehala begian somatu nuena. Donostiako Udaletxeko Aretoan, Juan Karlos erregearen erretratu handia egoten da erdi-erdian kokaturik. Beti egoten da. Egun horretan ez beste. Batzuk -ondo ezagutzen naute- beren gogo eta abileziak ondo erabili zituzten eta lortu, Juan Karlos ez zuten nire omenaldira gonbidatu. Bihotz ikara.

Egun horretako hitzaldietan etengabe bota zituzten goraipamenak eta laudorioak ez ditut hemen jarriko. Neuk ere zerbait erantzun behar eta han bota nituen bururatu zitzaizkidanak. Aurrenik, azkeneko boladan gehiegi entzuten nuela nigatik «Ansorena Jauna». Ez ba. Ni pailazo eta txistularia naiz. Ez jaunik ezta porrurik ere. Eta gaizki eramaten dudala eta nahikoa somatzen dudala azken boladan pelotarena nola egiten didaten batzuk. Nahiago dudala purrustada berdaderoa, itxurazko irribarrea baino.
Horrekin batera, tradizioari buruzko nire betiko kezka batzuk azaldu nituen. Mila aldiz gogoraraztea ez baita gehiegi. Kontuz ibiltzeko kontua dela tradizioa. Tradizioak berak erakusten baitu kalamidadeek beti erabili nahi izan dutela ahulenak zanpatzeko eta bere indar ezkorra mantentzeko. Eta tradizioaren ezagutza behar dugula tontotuko ez bagara (batzuekin iada berandu ez ote den nago), tradizioa herrien intelijentzia emozionala delako, besteak beste. Tradizioak ere erakusten du arazo konplexuak -gizarte arazoak beti dira konplexuak- elkarrizketaren bitartez bideratzen direla. Eta inork dena oso garbi eta erraza dela esaten digunean, zerbait ezkutatzen ari dela. Hau esatean noski, bihotz ikara berriro.

HAU DENA pasa eta gero -ez horregatik, noski-, bihotzekoak jo. Eta Zainketa Intentsiboen Unitatean, aurreneko lore sorta, handia, ederra eta -omen- garestia, nork bidaliko? Donostiako Udaleko Partido Popularreko Zinegotzien taldeak, María San Gilek bere eskuz idatzitako eskaintza oso atsegin batez. Zer pentsatu behar? Ez al dute ezer ulertu? Edo dena ulertu al dute? Bihotz ikara, hala ere.

Eta lasai eta patxadan bizi behar nuen boladan, greba etorri zaigu. Infartatutakoek herri honetatik alde egin beharko dugu. Bihotz zirrara handiegiak gertatzen dira hemen. Euskaltzaleok batez ere, zaila daukagu kontua. Beti kinka gorrian. Nik garbi neukan: greba egin behar nuen 19an. Baina gaur hemeretzia da eta lanean ari naiz, alegia artikulu hau idazten. Espero dut honegatik inork eskiroltzat ez ematea. Ez dut eta beste lanik egingo gaur.
Igeldoko igelei abesti bat eskaini nien azken diskoan. Ni ere igel samarra sentitzen nintzelako. Ez dakit igelek infartorik izaten ote duten. Baina berdin da. Hobe igela, zapoa baino. To abestia. Bihotz kontua baita.
Igeldoko igelak,
ai, igel euskaldunak,

gutxi ta txikiak dira,
kolore berde argiak.
Mesedez, mesedez,
denok, hobe beharrez,
egin dezagun batera,
ordea,
zu hor eta ni hemen.