Arratiako bailaran Diman ibilian

Bertako orografia aldrebesa dela-eta, betidanik Dimako harana gune nahiko isolatua izan da. Baina isolamendu hori dela medio, besteak beste, hizkuntza erabat mantendu da. Gaur egun, Dimak dituen 1.050 biztanletik %97 euskaraz mintzatzen da.

Baina, nahiz mendi malkar ugari zeharkatu behar diren leku paregabe hau ezagutzeko, merezi du. Eta horretarako, Bilbotik Otxandiorantz doan BI-3543 errepidea hartuko dugu. Behin Diman gaudela, Ugarana, haraneko gunerik garrantzitsuena igaro eta lau kilometrotara, Indusi auzora iritsiko gara. Hankak luzatu ondoren bertatik hasiko dugu gure ibilbidea. Indusi auzoan bada ermita dotore bat, etarte (aterpe) ederrarekin, San Fraisku ermita. Behinola, ermita honetan, maiatzaren bederatzian, San Gregorio egunez, ura bedeinkatzen zen. Ur hori, inguruko soroak bedeinkatzeko erabiltzen zen, urteko uzta behinik behin ziurtatzeko asmotan.
Ermitaren ate alboan dagoen ur bedeinkatuaren ontzia ere oso berezia da, aurpegi bat baitauka tailatuta bertan eta goialdean kanpai hotsak, kobetako sorgin, lamia eta iratxoak uxatzeko erabilia. Baina hau, ez da ibilbidean topatuko dugun ermita bakarra, auzo bakoitzean ermita bat topatuko dugu eta askotan bi, zein baino zein ikusgarriagoak.
Guk hartu beharreko bidea, harana zeharkatzen duen Indusi ibaiaren alboan doa, betiere ibaia ezkerrean dugula. Ubideak berezko itxura galdua du gizakiaren kutsu nabariarekin, kanalizatua baitago. Hala ere, badirudi ur zozoek gustuko dutela, harrien gainean salto txikiak eginez ikus baikenitzake. Berehala bidegurutze batera helduko gara, guk ezkerrera joko dugu zubiaren gainetik aurrera doan bidea alde batera utziz. Gibiltar baserrirantz goazela, inguruko zelaiei erreparatzen badiegu kolore deigarriz jantzitako orkideoak ikus genitzake beste hainbat landareren alboan harro eta baita lizar eta haritzen hosto eta lore jaio berriak. Baina behin baserria pasa ondoren, paisajea erabat aldatuko da haitzarekin topo egingo baitugu. Kare-harrizko mendi izugarri honen sarreran, Jentilzubi dago, harrizko arku naturala, Dimako hainbat ipuin eta kondairen lekuko izan dena. Bertakoek diotenez, antzina kobetan jentilak bizi ziren, indar izugarria zuten mendietako biztanleak. Hauek, zubiaren gainetik salto batez beste aldean dagoen Urrusti mendira igarotzen omen ziren. Nahi izanez gero, jentilen zubia zeharkatu aurretik, eskumara Axlorreko koba bisitatu daiteke. Koba hau, historiaurreko aztarnategia dugu Joxe Migel Barandiaranek aurkiturikoa. Bertan eginiko indusketetan, klima hotzeko hainbat animaliaren hezurrak aurkitu izan dira, bisonteenak esate baterako eta gizakiaren kasuan Neanderthal garaiko milaka tresna, Bizkaiko giza presentziaren testigantza zaharrenak izanik. Arkua zeharkatu eta metro gutxira derrigorrezko geldialdia berriz ere, Baltzolako kobaren sarreretako batera heldu baikara. Koba honetara espeleologo ugari inguratzen da, baina ez soilik espeleologoak, sabaira begiratuz gero, azkar ikusiko ditugu hango iltze eta sokak, eskalatzaileek ere aurkitu baitituzte koba sarreran gaindiezin diren hormak. Hau ere historiaurreko aztarnategia dugu eta kondairek diotenez Mari, lamien eta Sugoiaren, batzuetan suge itxura eta bestetan giza itxura zuen, izakiaren bizileku. Baina gaur egungo bizidunak ez dira horiek baizik eta kobaren sarrera apaintzen duten landare gutxi batzuk, intsektuak eta paretetan zintzilikaturiko saguzarrak batik bat. Kobatako fauna osatzen duten intsektuen bereizgarria beraien kolore gabezia da, ez baitute inongo pigmenturik. Saguzarretan, Ferra saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum) zaurgarri moduan dagoen espeziea, inguruko belardi eta fruta arboletan ibiltzen da ilunabarrean, ahal dituen kakalardo gehienak harrapatuz. Aldiz belarrihandiek (Plecotus sp.) nahiago dute baso ertzeko zuhaitzen adarrak arakatu bertako intsektuen bila.
Berriz ere atzera bidea egin beharko dugu gure bideari ekiteko hurrengo kobara arte. Kasu honetan kobaren barrutik igaroko gara ahalik eta gutxien bustiz, errekak zeharkatzen baitu koba mutur batetik bestera. Behikobea edo Abaroko koba atzean utziz, berriz ere errekaren beste aldera pasatuko gara laster batean Baltzola auzora iritsiz. Baserri bakan batzuk topatuko ditugu mendi-mendian dagoen auzo honetan. Bidea jarraituz, halako batean San Lontzo ermita topatuko dugu alboan aldarea eta iturria dituelarik.
Ugarana doan errepidearen ezkerrean, gorantz doan pistatik abiatuko gara., zuzenean Bargondiako haitzetara doana. Behin gailurra eginda, bertako paisajeak liluratuko gaitu, eta haranean ezkutatutako auzuneak parez pare ikusi ahal izango ditugu. Orratz zorrotzen moduan amaitzen diren kare-harrizko mendi honetan zutik egotea ere nekeza da. Urak, denboraren poderioz gastatutako haitz erreten eta pitzaduretan, zenbait landare ausartek bizirauten dute, iratzeek, goroldioek, untzek, zaingorriek...haitzen moldaeren babesean errotzen dituzte beren sustraiak nola edo hala.
Beheranzko bidea harturik, oraingoan basoan sartuko gara, artadi eder batean. Beti ere poliki-poliki ezkerrerantz joko dugu behera goazen heinean, zuzenean aurrerantz jaitsiz gero amildegiarekin topo egingo baitugu. Halako batean berriz ere pistari helduko diogu. Bidean, erreta dirudien borda bat ere ikusiko dugu eta segidan bidegurutze batera helduko gara. Aurrean abandonaturiko harrobi bat ikusiko dugu, baina guk eskumako pista hartuko dugu zuzenean Indusi auzora eramango gaituena. Basoan sartzean, hainbat animaliaren arrastoak topatuko ditugu, basurdeak bazkatzean harrotutako lurrak, orein ileak edota azeri zuhurraren oinatzak. Beraz adi-adi joateak merezi du ez soilik animalia horien presentzia sumatzeko, baita ere haran honetan bizi diren hamaika hegaztiren kantuez gozatzeko

ASTEKARIA
2002ko uztailaren 07a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude