Zientzialari britainiarrek beste ezaugarri mesedegarri bat aurkitu diote ardo beltzari, bestelako ardoek (gorriak eta zuriak esaterako) ez dutena: Endotelina 1 izeneko substantziaren sintesia inhibitzen omen du. Eta ET-1 gai hori basokonstriktore gogor bat denez, gorputzean substantzia horren gehiegizko sorkuntza funtsezko faktoretzat hartzen da bihotzeko zirkulazioaz arduratzen diren arteria koronarioen gaixotasunean. Bestela esanda, ardo beltzak, neurriz kontsumituta noski, arteria horien obstrukzioa edo buxadura baztertuko luke.
Aurkikuntza ikertzaile britainiarren talde batek egin du: izan ere, aspalditik ari ziren «paradoxa frantziarra» esaten zaionaren arrazoi edo esplikazioaren bila, zeren eta patologia koronarioak askoz ere ugariagoak baitira Erresuma Batuan Frantzian baino, gantz saturatuen kontsumoa herrialde bietan oso antzekoa izan arren. Eta ikerketa bide asko jorratu ondoren, ikertzaileek ikusi zuten polifenolek (mahatsaren kolorea eragiten duten substantziek) gutxitu egiten zutela ET-1en produkzioa.
Behin hori ezarri ondoren, hogeita hiru ardo beltz diferente, lau ardo zuri, gorri bat eta mahats zumo batetik ateratako mostra edo lagin desberdinekin egin zituzten saiakuntzak; eta konklusioa izan zen ardo beltzaren aterakinek bakarrik (eta zumoarenak askoz ere neurri txikiagoan) inhibitzen zutela ET-1 substantziaren sintesia. Horrek frogatzen du lehengai mesedegarria mahats beltzaren azalean aurkitzen dela