Kirmen Uribe honela mintzo zen poesiari buruz «BetErriko LibuRua» aldizkarian:
«Poesiak duen ahalmena, momentua jasotzen duela da. Nire ustez bizitzako momentuak jasotzeko ez dago beste jenero hoberik. Ahalik eta hitz gutxienekin gogoeta egiteko biderik aproposena dela ere uste dut. Guk momentuak, keinuak eta gertaera txikiak oroitzen ditugu (...). Oroitzapen hori urte askotan daukagu eta oroitzapen horrekin egoera bat, garai bat, sentimendu bat argitzen dugu. Momentu txiki horietako oroitzapenak jasotzeko indarra eduki beharko luke poesiak (...). Narratibak, gertakizunak bata bestearen atzetik kateatzen dituen bitartean, poesiaren norabideak askoz ere gehiago dira, ez baita hari bat. Azken abantaila, behin eta berriz irakur dezakezula da, eta ez zara aspertzen. Poema batek argitxo bat pizten badizu, sortzen duen sentsazioa beste ezerk ezin du ordezkatu. (...) Poeta irakurlearengandik urtetan oso urrun egon dela iruditzen zait. Oso urrun dagoen halako irudi faltsu bat egin duela bere buruarengan, beste esparru batean, metro batzuk gorago balego bezala eta irakurlea oso behean. Galdu egin da irakurlearekiko eta bere buruarekiko benetako harreman hori. Badirudi poetak edo idazleak baduela kreatibitatearen eta irudimenaren monopolio bat. Idazle batzuk sekulako okurrentziak dituztela erakutsi nahi dutela ematen du (...)».