argia.eus
INPRIMATU
LUDOPATIA UGALTZEN
Jabier Agirre 2002ko ekainaren 30
Espainian apustu, loteria eta horrelakoetan gastatzen den dirutza ikaragarria da. Iaz, 2001. urtean esate baterako, 25.129 milioi euro jokatu ziren urte osoan. Eta zifra horiei saritan banatutakoa kentzen badiogu (irabaziak norbaitek disfrutatuko baitzituen, neronek ez, zin dagizuet), gastu erreala 7.856 milioi eurokoa izan zen.

Horrek zera esan nahi du, gutariko bakoitzak 195,43 euro jokatu genituela kasinoetan, bingoan, ONCEko kupoian, kinieletan edo baita makina txanponjaleetan ere, argitaratu berri den iazko memorian ikus daitekeen bezala. Eta horrek 10,08 euroko igoera suposatzen du, pertsona bakoitzak urtebete lehenago jokatutakoarekin konparatuz.
Hiritar edo biztanle bakoitzak gastatutako zifra horretatik, ia erdia (102,25 euro) joko pribatuei dagokie, makina txanponjale eta antzekoei batik bat, espainiar bakoitzak 64,77 euro uzten baititu urtean horietan. Joko publikoetan egindako gastu errealari dagokionez, biztanle bakoitzak jokatutako diru-kopurua 61,72 eurotan dago. Eta horietatik, dirurik gehien Loteria Nazionalean gastatzen da, Gabonetakoan eta Errege bezperakoan batez ere. Baina badira beste gastu batzuk, azken urteotan gorantz egin dutenak (ONCEko kupoia, Primitiba, bonolotoa...). Ez da harritzekoa, hortaz, ludopatia ere gero eta ugariagoa izatea gurea bezalako gizarte jokozale eta apustuzale batean