argia.eus
INPRIMATU
Printza
2002ko ekainaren 23a
Anjel Lertxundik eta Joseba Sarrionandiak Alberdaniak plazaratu berri duen «Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan» liburuan adierazitakoak dira hauek:
A. LERTXUNDI: «Beste batek kontatzen dituen istorioak beste batek kontatzen dituen bezala kontatzea ez zait batere interesatzen. Norberak topatu behar du bere marka eta horretarako errazagoa da euskaraz, erdaraz baino. (...) Nazionalismoak euskara zaindu ordez euskara bere irabazkinetarako erabili egiten duenean sortzen dira problemak. Euskaraz bihotz gutxiago eta lan gehiago behar zuela esan zuen Mitxelenak, eta bat nator. (...) ‘Nirea da gaztelania ere’, esan zuen Mitxelenak. Hemen jaiotako hainbat intelektuali entzuteko nago ‘nirea da euskara ere’ esaten eta praktikan jartzen (...)».
J. SARRIONANDIA: «Gaur egungo literaturak ez du igual guztiz galdu antigoalean mitoak zuen ahalmen hura. Irrealitatea, errealitatea bera baino egia dentsoagoa balitz bezala irakurtzen da. Irakurlea egiaren bila abiatzen da irakurketan, eta kontatzen zaiona egia izan gabe ere ez da gezurra, zentzuaren bilaketa horretan dagoelako egia. (...) Erdara ere euskal hizkuntza da euskaldunek egiten dutenean. Enkartazioetan eta Erriberan espainieraz egin da beti, historia ezagunean behintzat, eta horko jendeak Ataungoak euskaraz egiteko dituen arrazoi berberak ditu espainieraz egiteko».